Galia antzinako erromatarrek Europa mendebaldeko lurralde bati eman zioten izen zaharra da. Lurralde hori gaur egungo Frantziarena dela esaten da askotan, baina hori baino zabalagoa zen; izan ere, galiarrak gaurko Frantziako lurraldean ez ezik, Italiako iparraldean, Belgikan, Herbehereetan, Suitzan eta Rhin ibaitik mendebalderako Alemaniako lurretan ere bizi izan ziren. Galiarrak herri zelta bat ziren eta tribu ugaritan banatuta zeuden. Europako erdialdetik iritsi omen ziren lurralde horietara gure aroa baino lehenagoko IX. mendean; haien kultura ia erabat desagertu zen erromatarrek menderatu zituztenean; Bretainian, Frantziako ipar-mendebaldean, oraindik mintzatzen da hizkuntza zelta bat, bretainiera, baina ez dago oso egoera onean.
Galiarren historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tribu zeltak K.a. XI. mende inguruan iritsi omen ziren goian esandako lurraldeetara. Erromatarrak K.a. 125 urte inguruan hasi ziren haien aurka borrokan eta Julio Zesarrek menderatu zituen erabat K.a. 58-51 bitartean. Horren ondorioz, Erromako probintzia bat bihurtu zen. Julio Zesarrek berak idatzi zuen galiarren aurkako gerrari buruz. Haren arabera, galiarrek "zelta" deitzen zioten beren buruari, eta Galian hiru zati desberdin bereizi zituen: belgiarrak iparraldean, zeltak lurraldearen zatirik handienean, Rhin ibairaino eta Pirinioetaraino, eta akitaniarrak hegoaldean. Hizkuntzalarien arabera, akitaniarrek euskararen forma zahar bat hitz egiten zuten.
Augusto enperadorearen garaian, Galia hiru probintziatan banatu zen. Erromatarren konkistaren ondoren, erromatarren hizkuntza eta kultura erabat nagusitu ziren; horregatik, gaur egun, Frantzian eta antzinako galiarren beste zenbait lurraldetan latinetik eratorritako hizkuntzak hitz egiten dira, frantsesa bereziki.