Hauteskundeak halako kargu edo erantzukizun jakin bat izango duten pertsonak aukeratzeko egiten diren bozketak dira; herritarren ordezkari politikoak aukeratzeko egiten diren bozketak, batez ere.
Ordezkari horiek erakunde-maila desberdinetan egiten dute lan (Udal, Foru aldundi edo diputazioak edota Parlamentu edo legebiltzarra); horietan, herri, probintzia, eskualde edo herrialde bat zuzentzeko arau eta legeak adosten dituzte. Zenbait herrialdetan, estatuburua ere hauteskunde bidez aukeratzen da.
Bozketa oso garrantzitsua da demokrazia izeneko gobernu motan. Demokrazia batean, adinez nagusi diren pertsona guztiek dute eskubidea ordezkari politikoak aukeratzeko eta haien burua kargu horietarako aurkezteko eskubidea. Honi boto-eskubide deitzen zaio.
Hauteskundeetan, pertsona bakoitzaren botoa sekretua da, norberak gogoko duen pertsona edo alderdia askatasunez bozkatu ahal izateko. Horregatik, boto-txartela gutun-azal baten barruan sartzen da.
Hauteskundeen eguna baino lehen, ordezkari politikoak izan nahi duten pertsonek hautagai gisa aurkezten dute beren burua, hau da, herritarrek aukera ditzakenten pertsonen zerrendan sartzen dira. Dena dela, hautagai horiek alderdi edo talde politiko baten zerrendan aurkeztu behar dute, hau da, herritarren zati baten interesak defendatzeko antolatutako talde baten barruan; ezin dira bakarka aurkeztu.
Hautagaiak ezagutzera emateko “hauteskunde-kanpainak” antolatzen dira; kanpaina horietan, hautagaiek zein alderdi politiko desberdinek haien ideiak adierazten dituzte, baita erakunde jakin bat gobernatzeko edo zuzentzeko abian jarriko dituzten planak ere. Hauteskunde-kanpainen bidez, hautagaiak boto-emaileak konbentzitzen saiatzen dira haiek direla pertsona egokienak direla bete behar diren karguetarako. Hautagaiek diskurtsoak eta mitin izeneko bilera jendetsuak egiten dituzte. Gainera, batzuetan elkarren arteko debate edo eztabaidetan parte hartzen dute irratian zein telebistan.
Zer gertatzen da hauteskunde-egunean?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Egun garrantzitsuena hauteskunde-eguna da. Ia beti igande edo jaiegun batean izaten da, boto-emaileek bozkatzeko denbora nahikoa izateko. Normalean boto-emaileek bizi diren tokitik hurbil bozkatzen dute. Botoa emateko, herritar bakoitza bozkatzeko zentro batera joaten da; normalean, ikastetxe, udaletxe eta estatuaren edo hiriko eraikin bat izaten dira. Zentro horietan, hauteskunde-mahaiak egoten dira, erakundeek eta alderdi politikoek aukeratutako kontrolatzaile batzuekin, hauteskundeak legearen arabera egiten direla ziurtatzeko.
Boto-emaileak boto-txartel bat aukeratu edo betetzen du, egokiena edo onena dela iruditzen zaion hautagai edo alderdiaren izena duena. Ondoren, boto-txartela gutun-azal baten barruan gorde eta Hautetsontzi batean sartzen du, hau da, herritar guztien botoak biltzeko kutxan.
Hauteskundeetan, bozketarako denbora halako ordu jakin batean bukatzen da. Ondoren, erakundeek izendatutako kontrolatzaileek boto-txartelak kontatzen dituzte eta hauteskunde-mahai bakoitzeko emaitzak jakinarazten dituzte, hau da, zeinek jaso dituen boto gehien. Jarraian, herrialdeko hauteskunde-mahai guztien emaitzak batzen dira. Guztien artean boto gehien eskuratzen dituen hautagai edo alderdiak irabazten ditu hauteskundeak.
Nork bozka dezake?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hauteskundeak egiten dituen herrialde bakoitzak arautzen du nork bozka dezakeen. Gaur egun, herrialde gehienetan adinez nagusi diren ia herritar guztiek bozka dezakete. Batzuetan, delitu larriak egin dituzten pertsonek ezin dezakete bozkatu, ezta desgaitasun mental larriren bat duten pertsonek ere.
Iraganean, herrialde askotan, gizon zuriek bakarrik bozka zezaketen. Estatu Batuetan, gizon Afroamerikar 1870an lortu zuten boto-eskubidea, Esklabotza amaitu ondoren. Zeelanda Berriko, Australiako, Erresuma Batuko eta Estatu Batuetako emakumeek 1920an lortu zuten boto-eskubidea, eta Espainian 1931n. Gainerako herrialde gehienetan, emakumeek XX. mende amaieran lortu zuten eskubide hori; Hegoafrikan, adibidez, gizon eta emakume beltzek 1994ko hauteskunde nazionaletan bozkatu zuten lehen aldiz.