Iraultza herrialde bateko gobernuaren kontrako matxinada da, gobernu hori bidegabea dela eta aldatu beharra dagoela uste duten pertsonek bultzatua. Askotan, mugimendu bortitza izaten da, indarkeria erabiltzen duena. Baina iraultza baketsuak ere egon dira. Pertsona talde handiren bate gobernu bidegabe baten boterea hartzea erabakitzen duenean gertatzen da iraultza. Gobernuaren politika sozialak eta ekonomikoak eraldatzea bilatzen du.
Iraultzek gizartea suntsitzen zutela eta inolako hobekuntzarik ez zutela ekartzen pentsatzen zen Antzinako Greziatik Erdi Arora bitarte. Hala ere, ilustrazio izeneko garaian ikuspuntu hori aldatu zen. XVIII. mendean hasi zen ilustrazioa, Europan. Pertsona guztiak berdin sortu zirela sinesten hasi zen jendea, eta hortaz, eskubide berberak izan beharko lituzketela. Gobernu bidezko bat lortzeko modutzat hartu zuten iraultza garai hartan. Pentsaera edo sinesmen hori iraultza askoren oinarria izan zen, Amerikako Iraultzarena edo Frantziako Iraultzarena, esaterako.
Iraultza ezagunak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Amerikako Iraultza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1775ean hasi zen. 1775 aurretik, britainiar gobernuak kontrolatzen zituen Ipar Amerikako koloniak. Kolonoak ez zeuden konforme britainiarrek ezarritako zerga eta legeekin, oso zuzengabeak zirela iruditzen zitzaien eta. Denboraren poderioz, kolonoek, ingelesengandik askatzeko, iraultza ikusi zuten bide bakartzat.
Frantziako Iraultza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1789an hasi zen. Orduan, errege batek gobernatzen zuen Frantzia. Gobernua aldatzea nahi zuten frantses askok; horien artean, burgesia izeneko jende aberatsaren klase berri bat. Botere politiko gehiago nahi zuten. Beste talde bat nekazari eta laborariena zen; haserre zeuden nobleziak ordaindu behar ez zituen zergak ordaindu behar zituztelako. Horregatik, herritarrek boteretik kendu zuten erregea eta errepublika ezarri zuten, herriak gobernatzen zuen gobernua.
Errusiako Iraultza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1917an hasi zen eta bi etapa izan zituen: otsailean eta urrian. Otsaileko Iraultzan Errusiako klima hotzari aurre egiteko janaria edota erregai nahikorik ez zegoela izan ziren kexak. Errusiako erregeak tsar izena zuen. Nikolas II.a tsarra abdikatzera behartu zuten, errege izateari uko egitera. Urrian boltxebike izeneko mugimendu politiko batek hartu zuen gobernuaren ardura. Urriko Iraultzari ere Boltxebikeen Iraultza izena ematen zaio.