Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea

Luteranismo

Elizkizun luteranoa, Finlandian.

Luteranismoa kristautasun protestantearen adar bat da. Martin Luteroren ideiak ditu oinarri; Lutero Alemanian XIV. mendean bizi izan zen apaiz bat izan zen. Luteranismoa Erromako Eliza Katolikotik banandu zen lehen taldeetarikoa izan zen, Erreforma izenez ezagutzen den garaian.

Eliza luteranoen irakaskuntza ofiziala Konkordiaren Liburua delakoan bilduta dago. Liburu honetan, fedea azaltzen duten esaldiak eta dokumentuak daude. Augsburgeko Aitorpena izeneko dokumentu batean daude jasota luteranoen oinarrizko sinesmenak. Protestante guztiek bezala, luteranoek uste dute Biblia Jainkoaren hitza dela eta jendeak nola bizi behar duen agintzen duen egiaren iturria dela. Haien ustez, jendea Jainkoan duen fedeari esker salbatuko da, ez beren ekintzei esker.

Luteranoak meza edo elizkizunetara igandean joaten dira. Elizkizunetan otoitz egin eta Biblia irakurtzen dute, gero jaunartze santua partekatzeko. Luteranoek onartzen dituzten bi sakramentuak jaunartze santua eta bataioa dira.

Historia laburra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Luteranismoaren hedadura, fededunen kopuruaren arabera:
     10 milioitik gora      5 milioitik gora      milioi 1etik gora      500.000tik gora      100.000tik gora

XVI. mendearen hasieran, Martin Lutero izeneko apaiz katoliko bat zalantzan jartzen hasi zen elizaren ohitura batzuk. Luterok eztabaidatu nahi zituen 95 gaiekin zerrenda bat egin zuen eta Wittenberg hiriko agintariei eraman zien. Luterok ez zuen Eliza berri bat sortu nahi, zegoena berritu edo aldatu baizik. Hala ere, Elizaren buruzagiak ez zeuden pozik Luteroren ideiekin eta bera eta bere jarraitzaileak Erromako Eliza Katolikotik kanporatu zituzten.

Lutero bere sinesmenak gauzatzea posible zuen leku batera joan zen. Garai hartan, Alemania Erromatar Inperio Sakratuaren parte zen, eta 1546an Karlos V.a enperadore katolikoak gerra deklaratu zien Lutero babesten zuten lurraldeei. Gerra irabazi zuen, baina gatazka 1555era arte iraun zuen. Urte horretan, inperioko batzar berezi bat bildu zen eta hitzarmen bat egitea lortu zuten, Augsburgeko Bakea izenez ezagutzen dena. Hitzarmen horren arabera, erlijio berria onartuta zegoen eta eliza laster Alemanian eta Eskandinavian zehar zabaldu zen, legearen babesarekin. Europako protestanteak Ameriketara eta beste leku batzuetara koloniak sortzera joan zirenean, haien erlijioa eraman zuten. Gaur egun luteranismoaren jarraitzaileak 65 milioi baino gehiago dira mundu osoan zehar.