Maastrichteko Ituna (edo Europar Batasunaren Tratatua) gaur egungo Europar Batasuna (EB) sortzeko sinatu zen ituna da. 1991. urteko abenduan onartu zuten garai hartan Europako Ekonomia Erkidegoko kide ziren 12 herrialdeek; ituna Herbehereetako Maastricht hirian sinatu zen 1992ko otsailean, eta horregatik ezagutzen da "Maastrichteko Ituna" izenarekin, eta 1993ko urtarrilaren 1ean sartu zen indarrean. Herrialde haiek batasun ekonomikoa lortzearren egindako ahaleginen ondoren, batasun politikoa bultzatzeko urratsak egitea zen itunaren helburua.
Itun honetan, EBren "hiru oinarriak" zehaztu ziren:
- Europako erakunde komunak
- Atzerri, segurtasun eta defentsa politiko bateratua
- Justizia eta polizia alorreko lankidetza
Itun honek, bestalde, diru komuna (euroa, alegia) sortuko zuen ekonomia eta moneta batasuna bultzatu zuen. Itun honi esker, europar hiritarrek mugimendu-askatasuna dute Batasunaren barruan (hau da, pasaporte beharrik gabe bidaiatu daitezke EBeko herrialde batetik bestera) eta edozein herrialdetan bizitzeko erabateko askatasuna; baita edozein estatutan botoa eman edo jasotzeko eskubidea ere udal hauteskundeetan eta Europako Legebiltzarreko hauteskundeetan. Era berean, eta hiritar horiek Europar Batasunetik kanpo daudenean beste herrialde kideetako ordezkari diplomatikoen laguntza jasotzeko eskubidea ere badute.