Siriako gerra zibila gatazkan dauden hainbat alderdiren artean 2011n hasitako borroka armatua da. Hasieran, Bashar al-Assad diktadorearen soldaduen eta herrialdean aldaketa politikoak nahi zituzten herritarren arteko borroka bat zen.
Geroago, beste talde batzuk ere sartu ziren gerran. Adibidez, kurduek estatu burujabe propioa ezarri nahi dute herrialdearen iparraldean. Estatu Islamikoa izeneko talde armatuak ere hartzen du parte gatazkan; beste guztien aurka borrokatzen da eta Siria estatu musulman erradikal bat bihurtu nahi du. Siriako zenbait lekutan, Al Kaida talde terroristako kideak ere sarturik daude gatazkan. Gainera, beste hainbat estatu ere esku hartzen ari dira gerran euren interesengatik, Turkia, Saudi Arabia, Iran eta Errusia, besteak beste.
Gerra honetan, jadanik milioi erdi pertsona baino gehiago hil direla kalkulatzen da. Horrez gain, zenbait milioi siriarrek herrialdetik ihes egin dute eta gehienak Europara iristen saiatu dira asiloa eskatzeko. Oso gutxik lortu dute, ordea, eta asko egoera txarrean bizi dira oraindik errefuxiatu edo iheslarien kanpamentuetan, batez ere Turkian, baina baita Grezian ere.
Zer gertatzen zen Sirian gerraren aurretik?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Otomandar Inperioa izan zen Lehen Mundu Gerrako galtzaileetako bat. Sèvresko Itunean, Ekialde Hurbileko lurralde otomandarrak Nazioen Ligaren kontrolpean geratu ziren eta potentzia garaileen artean banatu zituzten, hau da, Frantzia eta Britainia Handiaren artean. Horretarako, arreta berezia jarri zuten nork jasoko zuen lehengai bakoitza; ez zieten jaramonik egin leku bakoitzean bizi ziren herriei. Horrela, Ekialde Hurbilean etnia anitzeko estatu ugari sortu ziren. Siria izan zen horietako bat, Frantziaren kontrolpean.
Siriak Bigarren Mundu Gerraren ondoren lortu zuen independentzia, baina liskarrak sortu ziren herrialdea gobernatzeko moduaren inguruan. Zenbait aldiz talde etnikoak boterera indarrez iristen saiatu ziren. 1970ean, Hafez al-Assad armadaren buruzagiak boterea lortu zuen, hauteskunderik egin gabe eta bere soldaduen laguntzaz. Horri estatu-kolpe deitzen zaio. Al-Assad alawiak izeneko komunitate erlijioso islamikokoa zen. Nahiz eta alawiak gutxiengoa izan Sirian, sarritan goi karguak izaten zituzten estatuan. Gainerako biztanle-taldeek askoz ere eskubide gutxiago zituzten eta aurka azaltzen zirenak espetxeratu edo hil egiten zituzten.
Herrialdeak petrolio pixka bat ekoizten zuenez, Siriako ekonomia ondo joan zen denbora luzez. Baina, denborarekin, hazkunde ekonomikoak ezin izan zion jarraitu biztanleriaren hazkundearen erritmoari. Gainera, gobernuak zor handiak zituen atzerrian. Jende askok ezin izan zuen lanik aurkitu eta pobretu egin ziren. 2000n Hafez hil egin zen eta bere seme Bashar al-Assadek hartu zuen boterea. Hala ere, aitak bezala jarraitu zuen gobernatzen.
Nola jarraitzen du gerrak?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2011n, "Arabiar Udaberria" deituriko protestaldia egin zuten herrialde musulman askotan. Protesta-ekintza horietan, jendeak askatasun, justizia eta demokrazia gehiago eskatzen zuen. Sirian ere protestak izan ziren gobernuaren aurka, eta Bashar al-Assad diktadoreak indarkeria erabili zuen protesta horiei aurre egiteko. Jende asko hil zen. Geroago, Assaden soldaduetako batzuk elkartu eta "Siriako Armada Askea" edo FSA sortu zuten, zeina protestan ari ziren herritarren alde borrokatu zen.
FSAk Siriako zati batzuk konkistatzea lortu zuen. Hala ere, armada barruan ez zegoen batasunik eta, hartara, 2012an, musulman fededunen talde bat banandu egin zen. Hortik aurrera FSAko beste soldaduei "Errebelde moderatuak" deitu zieten.
Kurduak ere ohartu ziren Siriako gobernua ahulduta zegoela. 2012ko amaieran, armada propioa sortzen hasi ziren herrialdearen iparraldean eta beraien etnia bizi den lurraldeak konkistatzeari ekin zioten. Tartean sartu zen geroago Estatu Islamikoa ere, beste guztien aurka bakarrik borrokatu nahi zuena; Siria osoa konkistatu nahi zuen, eta gero han estatu islamiar erlijioso zorrotz bat ezarri. Horrek esan nahi zuen mundu guztiak erlijio-arau zorrotzen arabera bizi behar zuela, eta Xaria edo lege islamikoa estatuko edozein legeren gainetik aplikatuko zela. Hori lortzeko modu gupidagabe eta basatian jokatu zuten. Antzinaroko hondakin kultural eta arkeologiko asko ere suntsitu zituzten. Oraingoz, Estatu Islamikoak Siriaren eta ondoko Iraken erdia konkistatzea lortu du.
Denbora pasatu ahala, beste nazio batzuk ere sartu ziren gerran euren interesak zeharka defendatzeko. Errusiak eta Iranek hasieratik babestu zuten Assaden gobernua. Errusiak soldaduak bidaltzeaz gain, NBEko Segurtasun Kontseilu garrantzitsuko botazioetan ere Assaden alde agertu ohi da.
Errebelde moderatuek Estatu Batuen eta mendebaldeko beste herrialde batzuen babesa dute; errebelde erradikalek, berriz, Saudi Arabiatik jasotzen dute dirua. Hala ere, mundu guztia ados dago Estatu Islamikoaren aurka borrokatu behar dela esatean, talde horrek eraso terrorista ugari egin baitzituen mundu osoan, bereziki 2015ean eta 2016an. 2019an, Estatu Batuek talde terrorista hori ia erabat suntsitzea lortu zuten eta Abu Bakr al-Baghdadi buruzagia hil zuten.
Une horretatik Turkiak Siriako iparraldeko lurrak bereganatu ditu eta kurduak Assadekin bat egitera bultzatu ditu, izan ere, kurduak Turkian luzaroan jazarriak izan dira. Assaden gobernuak herrialdearen zatirik handiena kontrolatzen du, baina ez Siria osoa, 2011ren aurretik bezala.