Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea

Uda

Uda urteko sasoirik beroena da Lurraren iparraldeko hemisferioan; lau urtaroetatik beroena. Dena dela, leku batetik bestera, alde handi samarrak daude. Gure inguruan, Europan, ekainaren bukaera, uztaila, abuztua eta irailaren zatirik handiena hartzen du udak.

Kontxa hondartza udan.

Udan izaten da urteko egunik luzeena, hau da, egun-argi gehien duen eguna: udako solstizioa. Ekainaren 20, 21 edo 22an izaten da, urtearen arabera. Leku askotan, jai moduan ospatzen da egun hau, egunak berriro laburtzen hasi baino lehenago. Udako solstizioan egoten da eguzkia zeruki punturik gorenean; horregatik uste da ekain hitzak horixe esan nahi duela: eguzkia (ekia) gain-gainean dagoela. Udako solstizioa ospatzeko Euskal herriko herri askotan San Juan suak egiten dirĂ¡.

Udan nekazariek zerealak batzen dituzte: garia, garagarra, oloa, etab. Uda bukaeran edo udaberri hasieran, patatak. Bestalde, udan, animaliek urtaro hotzak pasatzeko leku egokiagoetara eramaten dituzte kumeak; haietako batzuek, gainera, koipea pilatzen dute beren gorputzean neguan hibernatzeko, edo janaria negua pasatzeko.

Udako oporrak luzeagoak izaten dira eskoletan; hasieran, ikasleek euren etxeetan uzta biltzen laguntzeko. Gaur egun, ordea, oporretan leku goxo batean eta eguraldi onarekin egoteko urteko sasoirik onena delako. Horregatik, hondartzak bereziki egoten dira jendez beterik.