Uretako hirusta
Uretako hirusta | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Plantae |
Ordena | Asterales |
Familia | Menyanthaceae |
Generoa | Menyanthes |
Espeziea | Menyanthes trifoliata Linnaeus, 1753 |
Uretako hirusta[1] (Menyanthes trifoliata) Menyanthaceae familiako landare espezie bat da. Europa, Asia eta Ipar Amerikako zohikaztegietan aurkitzen da[2], hala ere denetan galttzeko arriskuan dago.[3]
Poloniako Nowy Sacz arroko Miozeno garaiko estrato batean egindako indusketan uretako hirustaren hazi fosilizatu bat aurkitu zen.[4]
Taxonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lineok deskribatu zuen Zientziarako 1753an Species Plantarum liburuan.[5]
Generoaren Menyanthes izena grezierazko menyein (zabaldu, hedatu) eta anthos (lorea) izenen elkarketatik dator. Teofrasto izan zen egneroari izena esleitu ziona eta loreak jarraian irekitzen direla adierazi nahi du. Espeziearen trifoliata izena latinetik dator eta "hiru hostoduna" esan nahi du.
Espezie monotipikoa da. Ipar Amerikakoari M. trifoliata var. minor Michx. izena ematen zaio sarritan.
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ur azpian errizoma errestari bat du, korapiloetan sustraiak eratzen dituena[6], eta handik zurtoin zilindirko sendoak ateratzen ditu, 12-35 cm artekoak.[7]
Hiru foliolotako hostoak ateratzen ditu, txandakatuak, lekadun pedizeloak dituztenak. Pedizeloek 7-20 cm-ko luzera dute eta folioloek 10 cm arte neur dezakete. Folioloek itxura obobatua edo erronboidea dute eta ertz borobildua.[7]
Loreak pentameroak dira eta 10-20 aletako inflorezentziak eratzen dituzte zurtoinen gainaldean[6]. 5-10 mm-ko pedizeloa dute. kalizak 5 sepalo bereizi ditu. Inburu itxurako korolak 15 mm inguruko diametroa du, hodi bat da bost petalo triangeluarretan banatzen dena[8]. Kolore zuria edo arroxakara izan ohi du. Bost lorezil gorrindola ditu eta erdian estilo berde bat luzatzen da. 2-4 mm luzerako ile zuri ugarik inguratzen dute.[6]
Fruitua kapsula bat da, bi balba banatuz irekitzen dena.[7]
Habitata
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Landare urtarra edo erdi-urtarra da eta zohikaztegietan edo zingiratan bizi da. 50 eta 1.300 metrotako altuera artean aurkitzen da.[7]
Ugalketa eta bizi-zikloa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Landare bizikorra da eta hemikriptofitoa, hau da, neguan zati aereoa galtzen du eta udaberrian errizomatik zurtoin berriak ateratzen zaizkio.[6]
Apiriletik ekainera loratzen da. Multzoan azpiko loreak irekitzen dira aurrena eta ondoren goragokoak irekitzen doaz.[6]
Fruituak udan heltzen dira[8] eta endozookoria bidez barreiatzen da hazia, hau da, animaliek fruitua jan eta gorotzetan uzten dituzte haziak[7], edo kapsularen balbak ireki eta haziak uretara erortzen dira eta horrela sakabanatzen dira. 15 hilabete ere iraun dezake haziak kalterik jasan gabe. Erenetzeko haziaren kapsula gogorra ireki behar da.[6]
Sexu bidezko ugalketaz gain asexuala ere bau. Errizoma apurtzen bada askaturiko zatiak landare berria sorraraz dezake.[6]
Mehatxua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zohikaztegiak eremu zaurgarriak direnez haietan espezializaturik dauden landareak ere galtzeko arriskuan aurkitzen dira, eta lege bereziak ezarri dira eremu horiek babesteko.[9] Nafarroan bizirauteko aukera gehiago ditu Euskal Autonomia Erkidegoan baino, zohikaztegietan egiten diren ustiapenek eta lehortzeek arrisku bizian jartzen baitute haren habitata.[8]
Erabilera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Sendabelar gisa erabili izan da digestio arazoentzako, gose faltarentzako edo urdaileko minak eragindako burukominarentzako, izan ere urin gastrikoaren eta pankreatikoaren jariapena estimulatzen baitu.[10]
Horretaz gain digestio aparatuaren libratzailea ere bada eta bide batez erreuma eta gainerako minen aurkako lasaigarria ere bai. Glukosidoak, taninoak dira printzipio aktiboak eta iodo eta manganeso ugari ere badu[10]. Kopuru handitan hartzen bada okadak eragiten ditu.
Beste erabilera batzuk ere baditu. Likoreak egiteko erabiltzen da eta haren esentzia kosmetikan erabiltzen da aurpegiko larruazala tenkatzeko.[11]
Iruditegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
Menyanthes trifoliata nenufar hostoen artean.
-
Lorea.
-
Hostoak.
-
Fruituak.
-
Errizomatik ateratzen diren zurtoinak.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Inventario español del Patrimonio Natural y la Biodiversidad» iepnb.es (Noiz kontsultatua: 2025-01-06).
- ↑ (Ingelesez) Godwin, Kevin S.; Shallenberger, James P.; Leopold, Donald J.; Bedford, Barbara L.. (2002-12). «Linking landscape properties to local hydrogeologic gradients and plant species occurrence in minerotrophic fens of New York State, USA: A Hydrogeologic Setting (HGS) framework» Wetlands 22 (4): 722–737. doi: . ISSN 0277-5212. (Noiz kontsultatua: 2025-01-06).
- ↑ Peterson, Lee. (1978). A field guide to edible wild plants of Eastern and Central North America. Boston : Houghton Mifflin ISBN 978-0-395-20445-0. (Noiz kontsultatua: 2025-01-06).
- ↑ Łańcucka-Środoniowa M.. (1979). Macroscopic plant remains from the freshwater Miocene of the Nowy Sącz Basin (West Carpathians, Poland) [Szczątki makroskopowe roślin z miocenu słodkowodnego Kotliny Sądeckiej (Karpaty Zachodnie, Polska)]. Acta Palaeobotanica 1979 20 (1): 3-117..
- ↑ «Tropicos» www.tropicos.org (Noiz kontsultatua: 2025-01-06).
- ↑ a b c d e f g (Gaztelaniaz) SM, Suso. (2023-03-30). «Menyanthes trifoliata L.» Flora de Galicia (Noiz kontsultatua: 2025-01-06).
- ↑ a b c d e (Gaztelaniaz) Valderrey, Juan Luis Menéndez. «Menyanthes trifoliata L.» Naturaleza y turismo (Noiz kontsultatua: 2025-01-06).
- ↑ a b c Iñaki Zorrakin, Ángel Domínguez, Pedro Mª Uribe-Echebarría Díaz, Antonio Campos. (2006). «Euskal Autonomia Erkidegoko flora baskular mehatxatua = Flora vascular amenazada en la Comunidad Autónoma del País Vasco» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2025-01-06).
- ↑ «Lexnavarra» www.lexnavarra.navarra.es (Noiz kontsultatua: 2025-01-06).
- ↑ a b Txantiloi:Pl-pl admin. «Bog-bean, buckbean - Menyanthes trifoliata (Menyanthaceae)» Gram Zdrowia (Noiz kontsultatua: 2025-01-06).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Extracto de hoja de Trébol Amargo (Menyanthes Trifoliata)» CONIUNCTA® 2024-03-06 (Noiz kontsultatua: 2025-01-06).