Sten Sture Gaztea
Artikulu hau hobetzeko LANEAN ari da lankidea. Hori dela eta, beharbada hutsuneren batzuk izango dira edukian edo formatuan. Mesedez, aldaketa handi bat egin baino lehen, eztabaida ezazu haren lankide orrian edo artikuluaren eztabaida orrian, erredakzioa koordinatzeko. Mila esker. |
Sten Sture Gaztea, suedieraz, Sten Sture den yngre, (1493 - Mälarenaintziraren izotzetan (Suedia), 1520ko otsailaren 5a) Suediako erregeordea izan zen Kalmarko Batasunaren eskuetan zegoenean, 1512tik 1520ko otsailaren 5era arte.
Biografia
Sten Sture Gaztea 1493an jaio zen. Aita Sture leinutik zetorren Svante Nilsson erregentea izan zen eta, ama, berriz, Iliana Gädda, Ulvåsako oinordekoa[1].
Sten gazteak 18 urte zituen aita hil zitzaionean eta Eric Trolle aukeratu zuten erregente, baina Stenek estatu kolpea eman zuen eta Danimarkako kontseilu gorenak erregente egin zuen Trollen ordez[2]. Egia esan, bere benetako helburua Suedia Danimarkatik independente mantentzea zen eta, horregatik, hartu zuen birramonagandik zetorkion Sture izena, Suediaren independentziaren sinboloa baitzen, aitaren hirugarren lehengusu zen Sten Sture Zaharraren omenez.
Erregenteak bazekien ezingo ziola Hans Danimarkakoaren eta bere semea zen Kristian II.a Danimarkakoaren aurkako gerra bati alde egin. Horregatik, 1513an, Errusiarekin bake itunak sinatu zituen.
Berehala hasi ziren arazoak Sten erregentea eta Erik Trollen seme zen Gustav Trolle artzapezpikuaren artean. Honek autonomia gehiago nahi zuen elizarentzat eta erregenteak kargutik kendu eta preso hartu zuen[3].
Ezkontza eta ondorengoak
1511n, Karlos VIII.a Knutsson-en biloba zen Kristina Gyllenstiernarekin ezkondu zen, Svante Stensson Sture, gero Sture kondea izango zena (Riksmarsk edo lehen kondestablea izango zena) semea izan zutelarik.
XX. mendean, honen ondorengoa izango zen Sibylla Saxonia-Coburgo-Gothakoa Gustavo Adolfo oinordekoarekin ezkondu zen eta haien semea zen Karlos XVI.a Gustavo Suediakoa tronura iritsiko zen.
Heriotza
Azkenean, Kristian II.ak Suediako inbasioari ekin zion. 1520ko urtarrilaren 19an, Danimarka-Suedia arteko gerraren amaiera aldean, Sten larri zaurituta geratu zen Bogesundeko guduan eta Mälaren aintziraren izotzetan hil zen (Suedia), Stockholmera itzultzen ari zenean.
1520ko urte amaieran, Kristian II.a egin zuten errege Suedian eta Gustav artzapezpikuak mendekua hartu zuen bera bota zuten Sturen jarraitzaileekin. Herexia salaketak egin zizkieten eta horren aitzakian exekutatu zituzten, sutan errez. Sten Sturen hilotza ere profanatu egin zuten, herexea bailitz, sutan errez.