Inperio kolonial
Inperio koloniala hedapen kolonialean parte hartu zuen estatuak sortutako inperioa da. Gehienetan nazio europarrak izan ziren proiektu inperialista bat eduki zutenak, Ameriketako Estatu Batuen eta Japoniaren kasua alde batera utzita. Orain Inperio kolonial horiek azalduko dira, batzuk besteak baino zehaztasun handiagoarekin, izan zuen garrantziaren arabera.
Britainiar Inperioa
Erresuma Batua izan zen, inolako zalantzarik gabe, inperio kolonial garrantzitsuena ikuspuntu askotik begiratuta. Ondoren Britainiar Inperioaren azalpen bat egingo da honen ezaugarri nagusiak aztertuz.
Britainiar Inperioaren ideologia inperialistak
Erresuma Batua inoiz egon den inperiorik zabalena eta agian boteretsuena izan da, eta hau mantentzeko estrategia politiko edo militarrez gain ideologia inperialista sendo bat edukitzea behar zuten. Eragin handiagoa izan zuen korronte ideologikoa “Jingoismoa” izan zen. Hau mugimendu nazionalista eta arrazista zen eta Inperioa beharrezkotzat hartzen zuen britainiarra zelako arrazarik hoberena, eta ondorioz gainerako arrazak eta herriak menperatzea zegokion. Honekin erlazionatuta zegoen beste teoria inperialista bat, “Darwinismo soziala” zeritzona. Honen arabera potentzia boteretsuenek, espezie indartsuenek bezala, eskubidea dute nahi bezain beste hazteko, horrek beste herri eta nazioen desagerpena ekartzen badu ere.
Inperioaren sorkuntza eta osaketa
Britainiar Inperioa inperialismo garaia baino lehenago existitzen zen, Espainiar Inperioaren gainbeheratik, baina eskala txikiago batean. Hurrengo hauek ziren Erresuma Batuaren menpean zeuden lurraldeak gainerako potentziek kolonizazio prozesua hasi baino lehen, 1850. urtean:
- Merkataritza eskalak mundu osotik (aurreko mendeetan zehar sortutakoak, Gibraltar eta Korfu esaterako)
- Merkataritza puntuak Afrikako kostaldean.
- Landaketarako koloniak (Honduras, Antillak eta Guiana)
- Emigrazio zuriako koloniak. (Kanada, Australia, Zeelanda Berria, Hegoafrika, eta abar)
- Ustiaketa koloniak (India, Ekialdeko Indien Konpainiak ustiatuta)
Urte batzuk geroago, 1876. utean, Erresuma Batuak 22,5 milioi kilometro karratu zituen koloniak gehituta. Inperioa handituz joan zen XIX. mendearen amaiera arte eta XX. mendearen hasieran 33,5 milioi kilometro karratu eta 400 milioi biztanle edukitzera ailegatu arte. Inperioak zituen kolonia horiek Erresuma Batuak itsas merkataritzan zuen hegemonia mantentzea ahalbidetu zioten, bertatik inportatzen baitzituzten metropolian kontsumitzen ziren lehengai asko; kotoia, tea, tabakoa, gatza, metalak, eta abar.
Baina inolako zalantzarik gabe Britainiar Inperioaren koloniarik garrantzitsuena India izan zen. Lurralde honetatik lehengai asko eta baliotsuak hartzen zituztenez gain, balore sentimental handia zuen. Victoria erregina, Erresuma Batuko erreginarik maitatuenetakoa, lurralde honen enperatriza izendatu zuten, eta momentu horretatik Erresuma Batuaren nahi zabaltzaileak oraindik gehiago handitu zen. Baina XX. mendearen hasieran Britainia Handiko gobernua konturatzen da desio kolonizatzaile honen ondorioz Europa barneko politika alde batera utzi duela eta orduan erabakitzen du bere zabalkunde prozesua gutxitzea bere politika Europara zuzentzeko. Orduan Frantzia eta Errusiarekin bateratzen da, Lehen Mundu Gerran Entente Hirukoitza izango zena.
Britainiar Inperioaren antolaketa
Britainiar Inperioa oso handia izan zen, lehen ikusi den moduan, eta horregatik lurraldeak antolatzeko modu ezberdinak izan zituen. Ondoren Erresuma Batuak koloniak antolatzeko izan zituen bi modu garrantzitsuenak aurkeztuko dira:
- Menpeko lurraldeak: Lurralde hauek biztanleria zuriaren ehuneko handia zuen, gehiengoa Erresuma Batua bertatik emigratutakoa. Lurralde hauek bere erakunde propioak zituzten eta barruko politikan ia guztiz askeak ziren, Koroako ordezkari bakarra baitzuten metropoliaren eragin moduan. Batzuetan hauek euren Parlamentua edukitzera ailegatu ziren. Baina kanpoko politikari begira metropolia zen aginte osoa zuena. Hala eta guztiz ere Batzar Inperialen bidez, Erresuma Batuko Lehen Ministroa eta menpeko lurraldeen ordezkariak batzen zituztenek, kanpoko politikaren ardatz nagusiak adosten ziren hauek kolonien kontra joan ez zitzaten. Lurralde hauek (Kanada, Australia, Zeelanda Berria eta Hegoafrika) independentzia lortu eta gero Erresuma Batuarekin lotura sinboliko bat edukitzen jarraitu zuten “British Commonwealth” zeritzonean parte hartuz.
- Ustiaketa koloniak: Hauek Asia eta Afrikako koloniek osatzen zuten batez ere. Metropolia lehengaiez hornitzen zuten eta ez zuten inolako askatasun politikorik. Hauetako batzuk hasiera batean lagunarte ekonomiko handiengatik administratuak izan ziren, baina geroago metropoliak kontrolatu zituzten zuzenki. Mota honetako lurralderik garrantzitsuena India izan zen. Hau hasieran Ekialdeko Indien Konpainiak ustiatu zuen, baina gero Britainiar Gobernuak hartu zuen lurralde aberats honen administrazioa. Indiak Ingalaterra kotoiz, gariz, tez, olioz eta hainbat lehengai mineralez hornitzen zuen. Baina ustiaketa koloniak mantentzeak Erresuma Batuari erantzukizun handiak ekarri zizkion eta merkataritzarako azpiegiturak eraikitzeko beharra eragin zuen, trenbideak, portuak edo Suezeko Kanalaren eraikuntza esate baterako.
Frantziar Inperioa
Frantzian ideologia kolonialista ez zen egon Erresuma Batuan bezain zabalduta populazioaren artean, hau ez baitzegoen hain garatuta. Hala eta guztiz ere Inperio kolonial nahiko zabala osatu zuen. Inperio hau Britainiarra baino askoz txikiagoa izan zen, baina hala eta guztiz ere garrantzitsua izan zen.
1870. urtearen aldera Frantziak milioi kilometro karratu bat bakarrik zuen azaleraz Europako lurraldea eta koloniak gehituta. Kolonia horiek Afrikan eta Ozeanian zeuden kokatuta, baina bere politika koloniala ez zegoen oso garatua.
Baina egoera hau 1873. urtetik aurrera aldatu egin zen. Napoleon III.ak urte horretan hartu zuen politika inperialistaren gidaritzapean Frantziari Franko-Prusiar Gudan galdutako handitasuna bueltatzeko nahian. Horrez gainera beste faktore batzuk izan zuten eragina Frantziako zabalkuntza kolonialean; geografia-elkarteak nahi zibilizatzaileak zituzten, hizkuntza frantsesa (denbora luzean kulturadun hizkuntza bakartzat hartua) zabaltzeko nahia eta arrazoi ekonomikoak besteak beste.
Prozesu kolonizatzailea Afrikatik hasi zuen Erresuma Batuak lagunduta. Tunisia eta Ipar Afrikako beste lur batzuk konkistatu zituen eta ondoren Sahara beheko Afrikarekin jarraitu zuen interes Britainiarren kontra joan arte. Orduan Afrikako konkista alde batera uzten du denbora labur batean eta Kontxintxina deritzonaren konkista hasten du. Gaur egungo Vietnam eta Laoseko lurrak eskuratu zituen eta modu paraleloan Afrikako konkista jarraitu zuen Madagaskar uhartea eta Marokoko protektoratua lortuz. Asiako lurraldeetatik lehengai ugari lortzen ditu, arroza, ikatza, eztainua edo zinka esate baterako. Prozesu kolonizatzaile hau amaituta Frantziak 10,5 milioi kilometro karratu edukiko zituen.
Azkenik aipagarria da Frantziak bere lurraldeak administratzeko erabili zituen metodoak, beste herrialde askok hauek adibidetzat hartu baitzituzten. Hauetako garrantzitsuena, Frantziako eredu kolonialtzat hartzen dena, sistema zentralizatua izan zen. Honek koloniak metropoliaren antzera antolatzea zekarren eta ondorioz metropoliko gobernuak kontrolatzen zituen modu zuzenean. Ez zen existitzen gobernu indigenarik, eta ondorioz lurraldeak ez zuen bere interesak defendatzeko inolako modurik. Horrez gainera metropoliak bere kulturaren inposaketa bat ere bultzatzen zuen. Beste alde batetik protektoratua zegoen. Honek gobernu eta antolaketa indigena errespetatzen zituen, baina hauei kanpo politika arloan guztiz mugatzen zieten. Honen ondorioz protektoratuek metropoliagatik kontrolatua geratzen zen, baina honek nolabaiteko askatasuna ematen zion bere erakunde tradizionalekin jarraitzeko.
Beste batzuk
Alemaniar Inperio Koloniala
Alemania kolonizazio prozesuan oso berandu sartu zen, bertako kantzilerra zen Otto von Bismarckek lehentasun moduan hartu baitzuen estatu berriaren sendoketa Europan. Baina hala eta guztiz ere, kolonizazio prozesua hasi egin zuen sentimendu nazional indartsu batek eraginda. Egia da baita hasiera batean kolonizazio hori ebanjelizazioaren helburuarekin egiten zela esan zela, baina azkar ikusi zen honek eragile ekonomiko eta nazionalistak zituela. Laster Alemaniak kolonizazioa lagunarte pribatuen esku utzi zuen, baina Erresuma Batuaren antzera, 1890etik aurrera Estatuak hartzen zuen gidaritza. Orduan sortu zituen Alemaniak protektoratuak Afrikan, eta orduan hasi zen koloniak erosten.
Estatu Batuen Inperioa
Ameriketako Estatu Batuek berezitasunak eduki zituzten bere politika inperialistan. Bere lelo garrantzitsuena “Amerika amerikarrentzat” izan zen, eta hura jarraituz potentzia europarrak Amerika berriz kolonizatzea ekiditu zuen. Baina horrez gainera bere inperio koloniala osatzen ere saiatu zen. Bere metodoak beste potentzia batzuenak baino sotilagoak izan ziren gehienetan. Alde batetik Hegoamerikako herrialdeak modu ekonomikoan menperatzen aritu zen. Beste alde batetik lur eta protektoratuak erosi zituen, Alaska, Hawaii edo Kuba esaterako. Azkenik gerra ere erabili zuen lurralde berriak lortzeko, gerra Hispano-Amerikarrean adibidez, Filipinak eskuratu zituenean.
Herbeheretar Inperioa
Herbehereek kolonia nahiko garrantzitsuak zituzten, baina horietako asko galduko zituzten beste potentzia batzuen eraginagatik. Hau da Lurmutur Hiria eta Zeilanen kasua, Erresuma Batuaren esku geratu zirenak. Hala eta guztiz ere gaur egungo Indonesia honen independentzia arte mantendu zuen. Guiana eta Antilla batzuk ere mantendu zituen, eta bertatik landaketei esker irabazi asko eskuratzea lortu zuen.
Portugaldar Inperioa
Portugalek mantendu zituen lur bakarrak antzinako inperiotik geratzen zitzaizkionak izan ziren. Hauen artean Cabo Verde, Mozambike, Angola eta portu batzuk izan ziren garrantzitsuenak. Kasu gehienetan sistema kolonial frantsesa ezarri zuen bere kolonietan.
Belgikar Inperio Koloniala
Belgikar Inperio Kolonialak ez zuen garrantzi handirik izan. Bakarrik Kongo Belgikarra eskuratzea lortu zuen.
Espainiar Inperioa
Espainiak garai batean eduki zuen hegemoniaren aztarnak guztiz galtzen ditu 1898 urtean Kubako gerra eta gerra Hispano-Amerikarraren ondorioz. Gerra hauetan Karibe eta Ozeano Barean zituen lurralde guztiak galdu zituen. Orduan saiatu zen Afrikako lur batzuk eskuratzen eta gaur egungo Mendebaldeko Sahara, Marokoren iparraldea eta Ekuatore Ginea eskuratu zituen.
Italiar Inperioa
Italiak berandu sartu zen prozesuan sentimendu nazionalak bultzatua. Bere saiakera kolonialak porrot handia izan ziren, baina hala eta guztiz ere Libia, Eritrea eta Somalia eskuratu zituen.
Errusiar Inperioa
Errusiar Inperioak Siberiaren konkista jarraitu zuen. Balkanak eskuratzeko saiakerak egin zituen eta Asiaren hego-ekialderantz zabaltzeko nahia ere erakutsi zuen. Baina azken honek interes britainiarren kontra zihoan eta bere zabalkuntza gelditu zuen.
Japoniar Inperioa
Japoniak Asiaren kostalderantz zabaldu zen. Korea eta Mantxuria eskuratu zituen, baina honek borrokak ekarri zizkioten Errusia eta Txinarekin.
Ikus, gainera
Inperio kolonialak Kolonialismoa - Inperialismoa | ||
---|---|---|
Alemaniarra Belgikarra Britainiarra Daniarra Errusiarra Espainiarra |