Edukira joan

Italia

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Italiako Errepublika
Repubblica Italiana
Ereserkia: Il Canto degli Italiani

Italiako bandera

Emblem of Italy (en) Itzuli
Geografia
HiriburuaErroma
41°53′35″N 12°28′58″E
Azalera302.068 km²
Punturik altuenaMont Blanc (4.808,72 m)
Punturik sakonenaContane (en) Itzuli (−3,44 m)
KontinenteaEuropa eta Afrika
MugakideakSan Marino, Vatikano Hiria, Frantzia, Suitza, Austria, Eslovenia eta Malta
Administrazioa
Gobernu-sistemaerrepublika parlamentarioa
Italiako presidenteaSergio Mattarella
LegebiltzarraItaliar Errepublikako Parlamentua
Epai autoritateaSupreme Court of Cassation (en) Itzuli
Harreman diplomatikoak Ikusi mapa Wikidatan
Zeren kide
Demografia
Biztanleria58.850.717
Dentsitatea194,83 bizt/km²
Hizkuntza ofizialak
Erabilitako hizkuntzak
Ezkontzeko adinagenero guztiak: 18
genero guztiak: 16
Emankortasun-tasa1,2 (2020)
Eskolaratu gabeko umeak178.653 (2015)
Derrigorrezko eskolaratzea6-16
Bizi-itxaropena82,5439 (2015)
Giniren koefizientea35,2 (2020)
Giza garapen indizea0,895 (2021)
Ekonomia
MonetaEuro ()
Suitzar libera (Fr)
BPG nominala1.934.797.937.411,3 $ (2017)
BPG per capita33.228 $ (2019)
BPG erosketa botere paritarioa2.477.386.252.656 nazioarteko dolar (2017)
BPG per capita EAPn40.923,702 nazioarteko dolar (2017)
BPGaren hazkuntza erreala0,9 % (2016)
Erreserbak151.120.440.050 $ (2017)
Inflazioa0,5 % (2016)
Historia
Sorrera data: 1946ko ekainaren 18a
Bestelako informazioa
Aurrezenbakia+39
ISO 3166-1 alpha-2IT
ISO 3166-1 alpha-3ITA
Ordu eremua
Elektrizitatea230 V. 50 Hz.europar loki, Schuko eta Type L (en) Itzuli
Internet domeinua.it
italia.it

Italia,[1] ofizialki Italiako Errepublika (italieraz: Repubblica Italiana),[1] Hegoaldeko Europako estatua da, Italiar penintsula, Po ibaiaren harana eta Sizilia eta Sardinia uharteak hartzen dituena. 301.338 kilometro koadroko eremua du, eta 2022an 58.885.601 biztalde zituen.[2] Hiriburua eta hiri nagusia Erroma du.

Italiako Hizkuntza ofizial bakarra italiera da, erromantze hizkuntzen (indoeuropear hizkuntzak) kidea, baina eskualde askoetan hizkuntzaren tokiko aldaerak daude (Euskal Herrian euskalkiak bezalatsu), sarritan bestelokatun nabariak dituztenak fonetikan.

Sakontzeko, irakurri: «Italiako geografia»
Italiako mapa topografikoa

Italia Europako mendebaldean dago, ipar latitudeko 35° eta 47°-ren artean eta ekialde longitudeko 6° eta 19°-ren artean. Iparraldean Frantzia, Suitza, Austria eta Esloveniarekin du muga, ekialdean – Itsaso Adriatikoarekin, hegoaldean – Itsaso Jonikoarekin, eta mendebaldean – Tirreniar eta Liguriako itsasoekin.

Horrezaz gainera, bi uharte handi, Sardinia eta Sizilia, eta beste txikiago batzuk ere hartzen ditu. San Marino eta Vatikano Hiria estatu burujabeak Italia barneko barrendegiak dira. Campione d'Italia, berriz, italiar exklabea da, Suitzan kokatua.

Eskualde naturalak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Italiako altimetria.

Italia herrialde menditsua da; ordokiak lurraldearen % 23,2 besterik ez dira, muinoak – % 41,6, eta mendiak – % 35,2[3]. Mendilerro nagusiak bi dira: Alpeak, iparraldean, eta Apeninoak, 1.350 kilometroan Italiar penintsula luzetara zeharkatzen dutenak. Liguriako Alpeetako Colle di Cadibona hartzen da Alpe eta Apeninoen arteko mugatzat[4]. Bi mendilerroen artean Po ibaiaren haran zabala dago, Italiako ordokirik handiena, 46.000 kilometro koadroko eremua hartzen duena[5].

Alpeetako mendirik garaienak Monte Bianco (4.808 metro), Cervino (4.478), Monte Rosa (4.634) Gran Paradiso (4.061 m), Ortler (3.905 m), Monte Viso (3.841 m) eta Presanella (3.558 m) dira. Mendilerroaren ekialdeko zatiari Dolomitak izena ematen zaio; bertako gailurra Marmolada da (3.343 m). Gran Sasso d'Italia da Apeninoetako mendirik gorena (2.912 m). Penintsularen hegoaldean eta uharte batzuetan sumendi ugari dago; Siziliako Etna, Napoli ondoko Vesubio, Messinako probintziako Stromboli eta Vulcano, eta Campaniako Campi Flegrei dira aipagarrienak.

Gardako aintzira, Italiako zabalena.

Po da herrialdeko ibairik garrantzitsuena: 652 kilometro luze da eta 74.970 kilometro koadroko arroa dauka; Monte Vison du iturburua eta, Padanar ordokia mendebaldetik ekialdera zeharkaturik, Adriatikora isurtzen da, delta zabala eratuz. Bigarren ibairik luzeena Adige da (410 kilometro), Resiako aintziratik hurbil jaio eta Adriatikoan itsasoratzen dena, Chioggiatik gertu. Tiber da hirugarren luzeena (405 kilometro); Emilia-Romagnako Fumaiolo mendian du iturburua, eta Tirreniar itsasoan ahoa[3]. Iparraldeko udalerri batzuk (Livigno, Sexten, Innichen, Toblach zati batean, Chiusaforte, Tarvisio eta Curon Venosta zati batean) Danubioren arrokoak dira.

Alpeetan jatorri glaziarreko aintzira asko daude; Gardako aintzira (370 km²), Maggiore (212,2 km²), Comoko aintzira (145,9 km²) eta Iseoko aintzira (65,3 km²) dira handienak. Lazio eskualdean jatorri bolkanikoko aintzirak daude, Bolsena (114,5 km²), Bracciano (57,5 km²), sumendi itzalien kraterretan[3]. Trasimeno (128 km²) aintzira endorreikoa da, Lesinakoa (51,4 km²) itsasertzekoa.

Sakontzeko, irakurri: «Italiako historia»
Galatea eta Polifemo, Ponpeia, K. o. 45-79.

Italiaren historia oso aberatsa da, Mendebaldeko zibilizazioan eragin handia izan zuten kulturek bertan izan zutelako sorleku eta erdigunea. Besteak beste, etruskoek, erromatarrek eta greziarrek ere eragin handia izan zuten bertan. Erdi Aroan ere garrantzitsua izan zen, Eliza Katolikoaren egoitza zelako. Erakunde haren boterea erabatekoa izan zen, XIX. mendera arte Italiako penintsularen erdialde osoa aita santuen agintearen menpe egon baitzen. Pizkundea eta Aro Modernoan, Italiako gainerako lurraldeak hiri-estatutan banaturik egon ziren. Italiar nazionalistak, Piemonten oinarrituta, gogor borrokatu ziren herrialdea bateratzeko. 1870ean sartu ziren Erroman eta Elizaren Estatuak deuseztatu zituzten.

Paleolito garaiko aztarnek (duela 100.000 urte inguru) gaur Italia den lurretan gizona bizi izan zela frogatzen dute. Burdin Aroko herriak (retiarrak, ligureak eta etruriarrak) indoeuroparra ez zen hizkuntza batez mintzatzen ziren. K.a. 2.000–1.000 urte bitartean herri indoeuroparrak sartu ziren oldetan (oskoak, umbriarrak, iliriarrak eta zeltak) Italiako penintsulan, eta bertakoekin nahasi ziren. Antzinako herri haietatik etruriarrak nabarmendu ziren, Tiber eta Po ibaien arteko lurraldea bere mendean izan baitzuten. Halaber, K.a. 1.000 urte inguruan, greziar itsasgizonek koloniak sortu zituzten hegoaldean: Siracusa, Agrigento, Catania, Tarento, Ischia, etab. K.a. 753. urtean sortu zen Erroma, eta etruriarren mendean egon ondoren, askatasuna lorturik, beste lurralde batzuk beretzen hasi zen; K.a. II. mendean italiar penintsula oso osorik berea zuen.

Antzinako Erroma

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Antzinako Erroma»

Erromatar Inperioa desegin zenean (476. urtean), ostrogodoak sartu ziren Italiako penintsulan. VI. mendearen erdialdera Bizantzioko Justiniano I.a enperadorearen gudarosteek ostrogodoak menderatu zituztelarik, haren inperioaren exarkerri bilakatu zen Italia, Ravena hiriburu zuela. Handik urte gutxira, 586tik aurrera, lombardiarrek herrialde haren iparraldea hartu zuten. Alabaina, bizantziarrek kostaldeko lurralde askotan segitu zuten. Lombardiarren eta bizantziarren arteko borroketan Erromako aita santuek zuhur jokatu zuten, oreka bilatu nahian, eta bien bitartean haren ahalmen politikoa eta militarra gero eta handiagoa bihurtu zen. Hala, VIII. mendean, frankoek aita santuaren gudarosteekin bat eginik lombardiarrak menderatu zituzten. 800. urtean Inperio Santua sortu zen, Europari politikan eta erlijioan egitura berria eman ziona, Leon III.a aita santuak Karlomagno enperadore izendatu zuenean. Bestalde, arabiarren ahalmena gero eta handiagoa zen Mediterraneoan: Sizilia musulmanen mendean egon zen IX–XI. mendeetan, eta 846. urtean Erroma sakailatu zuten.

Marco Polo, XIII. mendeko veneziar esploradorea

XI. mendearen lehen urteetan, aita santuen eta enperadorearen arteko tirabirak areagotu ziren, eta horren ondorioz Italiako feudoak gero eta ahulago bihurtu ziren; aldiz, itsasaldeko hiriak eta merkataritzara emanak zirenak indartu egin ziren. Hain zuzen, Italiako Erdi Aroko ezaugarrietako bat hiri horien arteko guduak eta liskarrak dira (guelfoak eta gibelinoak). XIV. mendean, iparraldean, estatu txikiak sortu ziren, hiri nagusiak (Milan, Turin, Verona, Venezia, Florentzia) ahulenak beretzen hasi zirenean.

XV-XVIII. mendeak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XV. mendean Karlos VIII.a Frantziakoa erregearen osteak Italian sartu ziren, eta frantsesen eta espainiarren arteko borrokaleku bihurtu zuten, harik eta 1559an ia Italia osoa mende eta erdiz espainiarren eskuetan geratu zen arte. XV. mendean Italiako arteak gailurra jo zuen, baina urte gutxiren buruan burgesiaren aberastasunak hondoa jo zuen, frantses eta espainiarren inbasioen ondorio larriengatik ezezik turkiar otomanoak zabaltzen hasi eta ekialdearekiko merkataritza eten zutelako; izan ere, ekonomiaren erdigunea Mediterraneotik Europako iparraldera eta ekialdera aldatu zen. 1710–14 bitarteko urteetan Espainiako Ondorengotza Gerra izan zen, eta haren ondorioz Espainiak, besteak beste, Milanerria, Sardinia eta Napoli galdu zituen, eta austrariarren mendean geratu zen Italia.

Frantziako Iraultzaren ondoren Napoleonek sartu-irten asko egin zituen Italiara: austriarrak garaitu zituen, Venezia eman zion Austriari, errepublika berriak sortu zituen, eta 1805. urtean Italiako Erresuma sortu zuen. 1815ean, Napoleon aginpidetik kendu ondoren, Vienako Batzarrak lurraldea estatu txikitan banatu eta absolutismoa ezarri zuen berriro.

XIX. mendea: Risorgimento eta lurraldearen batasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Giuseppe Garibaldi jotzen da Italiaren batasunaren ekintzaile nagusitzat.

Vienako Batzarra egin zenetik, Frantziako Iraultzako ideiak akuilatuta, Italiako intelektualak absolutismoa baztertzen ahalegindu ziren: Risorgimentoaren hasiera zen. Absolutismoa desagerraraztea eta Italiako nazio batasuna lortzea azken buruan gauza bera zela aldarrikatzen zuen higikundea sortu zen. 182021ean matxinadak piztu ziren Sizilian, Napolin eta Piemonten, baina europar estatu absolutisten Aliantza Santuak zapaldu zituen. 1831ean Giuseppe Mazzinik, Risorgimentoko teorizatzaile nagusiak, Italia Gaztea erakundea sortu zuen erbestean, eta haren ideiak Italia osora zabaldu ziren[6].

1848. urtean matxinada piztu zen Milanen, eta hasieran Italia osoa Piemonteko Karlos Alberto erregeari austriarren aurka egiteko laguntzeko prest agertu bazen ere, azkenean, haren ahalmena gehiegizkoa izan zitekeelako beldurrez laguntza ukatu zioten eta galtzaile atera zen. Austriak, berriz ere, bere estatuak nahi bezala antolatzeko ahalmena zuen[6]. Erroman ere matxinada hasi zen; Aita Santuak ihes egin zuen, baina Frantziako gudarosteei esker berriro eskuratu zuen aginpidea.

1848–49ko iraultzen ondoren Piemonteko estatua zen konstituzio liberala zuen bakarra. Italiar nazionalistek, Piemonteko gobernuburu zen Cavour kondearen gidaritzapean, Viktor Emanuel II.a erregeagan (hots, Karlos Albertoren semearengan) jarri zuten beren uste osoa independentzia eskuratzeko. Cavourrek frantsesen laguntza lortu zuen eta 1859ko apirilean Austriaren kontrako gerrari ekin zioten: Milan eskuratu zuten austriarrengandik, Toskana, Romagna eta Parmako eta Modenako dukerriek beren borondatez lotu zitzaizkion Piemonteko Erresumari, eta Giuseppe Garibaldiren eskutik jaso zituen hark askatu berri zituen Napoli eta Sizilia.

1861eko martxoaren 17an Italiako Erresuma sortu zen, baina artean, Veneto eta Aita Santuen Lurraldea falta ziren batasun osoa lortzeko. Hala, Prusiarekin bat eginik, Austriari aurre egin eta Venetoa eskuratu zuten. 1870ko irailaren 20an, frantsesak ahuldurik zeudelarik prusiarren kontrako gerra galdu ondoren, eta Erroma ia osterik gabe zegoela, italiar gudarosteak Erroman sartu eta beretu zuten[7]. 1878. urtean Hunberto I.ak hartu zuen Viktor Emanuel II.aren tokia. 1882an Italiako erreinuak, Alemaniako eta Austria-Hungariako inperioarekin batera Aliantza Hirukoitza osatu zuen. Garai hartantxe Eritrean koloniak ezarri ziren eta 1889an Somalian sartu ziren italiarrak. XIX. mendearen bukaeran barneko egoera politikoa oso nahasia zen, langileen eta nekazarien matxinadak zirela eta. 1900eko uztailaren 29an Humberto I.a hil zuten atentatu batean, Monzan.

Mundu Gerrak eta faxismoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Benito Mussolinik faxismoa eraman zuen Italiara. Berarekin, Italia Hirugarren Reicharen aliatua izan zen Bigarren Mundu Gerran.

XX. mendearen hasieratik Lehen Mundu Gerraren arteko urteetan Giovanni Giolitti lehendakaria nabarmendu zen: aurreko urteetako berrikuntzeei segida eta langileen mugimenduari nolabaiteko askatasuna eman zien; gizarte legedia aurreratu bat bultzatu eta garapen bidean ari zen iparraldeko industria babestu zuen, Libia eta Egeo itsasoko uharte batzuk eskuratu zituen, etab. Lehen Mundu Gerran Italiak neutralki jokatu nahi izan zuen, baina zenbait lurralde eskuratuko zituelako ustean aliatuekin bat egin zuen; hala ere, gerra amaitu zenean agindutako lurraldeetatik gutxi batzuk baizik ez zituen eskuratu.

Gerra ostean, langileen mugimenduaren gorakadak kezkatuta, sortu berria zen higikunde faxistari lagundu zion burgesiak. Erregeak gobernu konstituzionalari ahalmen guztiak kendu zizkion eta faxisten buruzagiari, Benito Mussoliniri, ministro batzorde berria antolatzeko agindua eman zion. 1925. urteko lehen egunetan gobernu faxistak estatuko egitura eta funtzionamendua guztiz aldatu zituen: eskubide batzuk murriztu ziren eta greba, adierazpen eta batzartzeko eskubideak, adibidez, ezeztatu; naziotasuna goraipatu zen eta sinbolo eta keinu bereziak, esaterako besoa altxatuta agurtzea, erabiltzen hasi ziren. Faxisten ekonomia politikak ez zuen Italiako bizitza maila askorik jaso, eta nazioa burujabea izan zedin nekazaritza bultzatu zuen. Hirurogeita hamar urtez irtenbiderik gabe zirauen auzi bati aurre egin zion Mussolinik 1929an: bakeak egin ziren Eliza Katolikoaren eta Italiako estatuaren artean, eta Aita Santuari Vatikanoko estatuaren gaineko aginpidea aitortu zitzaion.

Mussolini, bien bitartean, Etiopia konkistatzera abiatu zen 1935–36an eta Viktor Emanuel III.a izendatu zuen hango enperadore. Frantziak eta Britainia Handiak, baina, ez zuten begi onez ikusi ekintza hori eta Mussolinik Alemaniaren laguntza bilatu zuen. Italiak Albania konkistatu izanak aurrez aurre jarri zituen gobernu faxista eta sartaldeko demokraziak. Bigarren Mundu Gerran Grezia hartzeari ekin zion Italiak, eta kolonietako gudarostea britainiarrenarekin topatu zen Afrikako iparraldean. 1943. urtean, faxisten Batzorde Gorenak Mussolini kargutik kendu zuen; 1945. urtean partisanoek Mussolini harrapatu eta hil zuten. Italiak kolonia guztiak galdu zituen.

Italiako Errepublika

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Alcide De Gasperi, Italiako Errepublikako aurreneko lehen ministroa (1945–53)

1946ko ekainaren 2an egin zen erreferendumean monarkia ezeztatu zen. 1948ko urtarrilaren 1ean errepublika konstituzioa jarri zen indarrean Italian, eta handik urtebetera NATO erakundean sartu zen. Hurrengo urteetan Kristau Demokraziak bakarrik gobernatu zuen. 1950–60 urte bitartean ekonomiak mirarizko hazkundea izan zuen, Europako aurreratuenetakoa izateraino. 1980. urtetik aurrera gobernu aldaketa asko izan zen Italian. 1948ko konstituzioaren arabera errepublikako presidentea da estatuburua, eta berak aukeratzen du gobernuburua edo lehen ministroa. Presidentea zazpi urtez behin aukeratzen da.

1978. urtea arte presidente guztiak alderdi kristau demokratakoak izan ziren. Urte hartan, Sandro Pertini sozialista izan zen garaile, baina 1985ean Alderdi Kristau Demokratikoaren (PDC) kide bat aukeratu zuten ostera estatuburu, Francesco Cossiga hain zuzen. Italiako sistema politikoa formetan baizik ez zen izan sendoa. Ministro taldeak osatzeak luze jotzen zuen, baina gero berehala desegiten ziren. Salbuespen bakarra Bettino Craxi izan zen; 1983ko apiriletik 1987ko martxora izan zen gobernuburu. Politikaren sendotasunik eza, zerga defizit ikaragarriak eta mafiaren eta camorraren eragina zirela eta, konstituzioa berritu beharra ere ikusi zen. 1991ko otsailean Alderdi Komunista izenaz aldatu eta Ezkerreko Alderdi Demokratikoa (PDS) bihurtu zen. Abenduan, baina, talde disidente batek alderdi komunista fundatu zuen ostera.

Giovanni Falcone eta Paolo Borsellino epaileen omenezko afixeak. Mafiak hil zituen biak 1992an

1991ko bukaeran areagotu egin ziren tirabirak PDCren barruan eta Cossigaren eta PDSko buru Achille Occhettoren artean. 1992ko otsailean, presidenteak eta Lehen Ministroak hauteskundeak deitu zituzten, Legebiltzarra desegin ondoren. 1992ko apirileko hauteskundeetan ofizialismoak Legebiltzarreko gehiengo absolutua galdu zuen lehengoz 1946az geroztik. Handik gutxira, Giulio Andreottik gobernuaren dimisioa aurkeztu zuen, eta Cossigak ere bere dimisioa aurreratu zuen. Maiatzaren bukaeran mafiak Giovanni Falcone epailea, «mafiaren etsai nagusia», hil izanak jendea presidente demokrata kristaua Oscar Luigi Scalfaro hautatzera bultzatu zuen neurri handi batean. Falcone hil eta bi hilabetera, ordea, mafiak haren ondorengoa hil zuen, Paolo Borsellino. 1992ko urrian 10 milioi langilek greba egin zuen gobernuak ekonomia doitzeko hartutako neurrien aurka protesta egiteko.

Italiako prokuradore nagusiak, Antonio di Pietrok, operazio ilegalen sistema konplexu bat argitzeko «Esku garbiak» ikerketa bultzatu zuen, eta era guztietako politikoak, enpresaburuak eta mafia nahasita zeudela aurkitu zuen: Bettino Craxi eta Giulio Andreotti lehen ministro ohiak, besteak beste. 1980 eta 1992 bitartean ustelkeriak 20 mila milioi dolar inguru galarazi zizkion estatuari. Gainera, funtzionario eta politikoei emandako ezkutuko sariak zirela-eta, Italiako inbertsio publikoak Europako gainerako erkidegoetakoak baino % 25 garestiago ziren. 1993ko apirilean Banketxe Zentraleko presidente ohia, Carlo Azeglio Ciampi, izendatu zuten lehen ministro.

1994ko martxoko hauteskundeetako faborito nagusia PDS zen, sozialistei eta demokristauei baino gutxiago eragin zielako ustelkeriak. Hala ere, hilabete gutxitan, hedabideen magnateak, Silvio Berlusconik, Forza Italia alderdia sortu zuen, eta Umberto Bossiren Iparraldeko Liga Federalistarekin eta Gianfranco Finiren Aliantza Nazional neofaxistarekin batera gehiengoa atera zuen Legebiltzarrean. Berlusconi izendatu zuten lehen ministro, eta Europarako hauteskundeak ere bere alderdiak irabazi zituen. Hala ere, Iparraldeko Liga gobernuaren oztopo bilakatu zen, Berlusconi eta Aliantza Nazionaleko faxistak kritikatuz denbora guztian. Urrian gobernuak jubilazioaren eta pentsioen erreforma proposatu zuen, baina sindikatuak horren aurka azaldu ziren, eta manifestazio jendetsuen ondoren, Berlusconik bertan behera utzi zuen proiektua. Abenduan Bossik uko egin zion gobernuari eta Berlusconik dimisioa aurkeztu zuen. Scalfarok ez zuen ostera hauteskunderik deitu nahi izan, eta Berlusconiren ekonomia ministro ohia –Lamberto Dini– izendatu zuen lehen ministro. Honek teknokratez osaturiko gobernu apolitikoa eratu zuen. Ezkerraren laguntzaz, Lamberto Dinik jubilazio eta pentsioen sistema berritzea eta defizit publikoa gutxitzea lortu zuen. Aurretik beste ministro tekniko batzuek egin izan zuten bezala, Ciampik, esate baterako, 1993 eta 1994 bitartean, Dinik itun bat egin zuen PDSrekin ekonomia neurri zorrotzak ezarri ahal izateko.

1996ko apirilean Olibondoa koalizioak –Romano Prodi kristau demokrata ohiaren gidaritzapean eta PDSren laguntzarekin– izan zen garaile Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Prodik, lehen ministro kargua hartuta, PDSko buruzagiekin eta Ciampi eta Dini bera bezalako kontserbadore ezagunekin eratu zuen gobernua. Komunista ohiak gobernuan egotea eta alderdi komunista berriak laguntza ematea izan ziren aldi berri horren ezaugarri aipagarrienak. 1997ko urrian, baina, gobernua kolokan jarri zuen 35 orduko lan astea onartu ezean Alderdi Komunistak Prodiri laguntza ukatu ondoren sorturiko eztabaidak. Azkenean gobernuak 2001. urtetik aurrera eta 15 langile baino gehiagoko enpresetan lan astea murriztea onartu zuen. Azaroko udal hauteskundeetan ere Olibondoa koalizioa izan zen garaile. 1998ko urrian berriro sortu ziren tirabirak gobernuaren eta Alderdi Komunistaren artean, aurrekontuak zirela eta, eta oraingoan Prodik dimisoa eman behar izan zuen. Berriro hauteskundeak deitzekotan eskuinak irabazteko arriskua zegoela ikusirik, zentro-ezkerreko aliantzak PDSko buru Massimo D'Alema izendatu zuen lehen ministro.

2006an, Romano Prodi hautatu zuten italiarrek lehendakari, ezkerreko eta zentroko koalizio zabal baten buru. 2008an, berriz, Prodik dimisioa eman behar izan zuen, eta handik gutxira egin ziren hauteskundeak Silvio Berlusconiren koalizioak irabazi zituen berriz. Emigranteen aurkako oso lege gogorrak eman zituen, ijitoen aurkakoak bereziki, eta polemika handia sortu du erabaki horrek.

Gobernua eta administrazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Italiak errepublika egitura du. Azken konstituzioa 1948an onartu zen. Sistema politikoa Europako gainerako demokrazien antzekoa da. Ahalmen legegilea Parlamentuaren esku dago, eta bi ataletan banatzen da: Diputatu ganbera eta Senatua. Lehendakaria zazpi urtez behin aukeratzen da, bozketen bidez.

Banaketa administratiboa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Italiako banaketa administratiboa»

Hogei eskualdetan banatzen da Italia (italieraz: regioni). Haietako bostek (* markakoak) autonomia estatusa daukate. Hori dela eta, beren eskualdeko auzien gaineko legeak egiteko eskubidea dute. Eskualde guztiak, Aostako Harana izan ezik, probintzietan banatuta daude.


Eskualdea Hiriburua Eremua (km²) Biztanleria (2016)[8]
Abruzzo L'Aquila 10.763 1.326.513
Aostako Harana* Aosta 3.263 127.329
Apulia Bari 19.358 4.077.166
Basilicata Potenza 9.995 573.694
Calabria Catanzaro 15.080 1.970.521
Campania Napoli 13.590 5.850.850
Emilia-Romagna Bolonia 22.446 4.448.146
Friuli-Venezia-Julia* Trieste 7.858 1.221.218
Lazio Erroma 17.236 5.888.472
Liguria Genova 5.422 1.571.053
Lombardia Milan 23.844 10.008.349
Markak Ancona 9.366 1.543.752
Molise Campobasso 4.438 312.027
Piemonte Turin 25.402 4.404.246
Sardinia* Cagliari 24.090 1.658.138
Sizilia* Palermo 25.711 5.074.261
Toscana Florentzia 22.993 3.744.398
Trentino-Adige Garaia* Trento 13.607 1.059.114
Umbria Perugia 8.456 891.181
Veneto Venezia 18.399 4.915.123

2022ko azaroan Italiak 58.885.601 biztanle zituen, hau da, 195,4 biztanle kilometro koadroko.[2] Herrialdea bi eskualdetan banatu ohi da: iparralde hiritarra (iparraldeko mugaren eta Anconako portuaren artekoa) eta hegoalde nekazaria. Iparraldean daude hiri nagusi eta jendetsuenak (biztanleria osoaren ia bi herenak). Hegoaldean nekazaritza da bizibide nagusia, ekonomia askoz atzeratuagoa dago iparraldean baino, eta askoz jende gutxiago bizi da. Bizi itxaropena 82,2 urtekoa da; 79,6 urtekoa gizonezkoentzat eta 85 urtekoa emakumezkoentzat (2016ko zenbatespena)[9].

Banaketa etnikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Italian bizi diren atzerritarren jatorria. 2006ko datuak.

2016 hasieran 5.026.153 atzerritar bizi ziren Italian[10], biztanleria osoaren %8,3. Kopuru horretan sarturik daude atzerritarren seme-alabak, bigarren belaunaldiko etorkinak, baina ez italiar herritartasuna eskuratu dutenak (130.000 inguru urtean[11]). Datu ofizialek kanpoan uzten dituzte legez kanpoko etorkinak ere, 400.000 baino gehiago 2015an[12]. Herritartasunari dagokionez, 2015ean errumaniarra zen komunitaterik handiena (1.131.839 lagun, % 10 ijitoak[13]), albaniarra bigarrena (490.483) eta marokoarra hirugarrena (449.058)[14].

Sakontzeko, irakurri: «Italiako hizkuntzak»

Herrialdeko hizkuntza ofiziala italiera da. Zenbait eskualdetan frantsesa (Aosta Haranean) eta alemana (Trentino-Adige Garaian) koofizialak dira. Beste zenbait hizkuntzak erregioko onarpena dute. Italian hizkuntza gutxitu hauek mintzatzen dira:

2010eko datuen arabera, italiarren % 83,3 kristauak dira, gehienak – katolikoak, % 3,7 – musulmanak, eta – % 12,4 erlijiorik gabekoak[15].

Hiri nagusiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ferrari Italiako auto marka entzutetsuenetako bat da.
Sakontzeko, irakurri: «Italiako ekonomia»

Italiak ekonomia kapitalista mistoa dauka. Barne produktu gordina kontuan harturik, Euroguneko hirugarrena eta munduko zortzigarrena da[17]. G7, G8, Eurogune eta ELGAko kidea da. Bigarren Mundu Gerra aurretik Italiako ekonomiaren oinarri nagusia nekazaritza zen lurralde osoan, baina gaur egun industria sare zabala eta askotarikoa du, iparraldean batez ere. 2015ean, industriak barne produktuaren % 23,7 sortu zuen; nekazaritzak – % 2,3; eta zerbitzuek – % 74[9].

Industria gehiena sektore pribatuaren esku dago, baina gobernuak kontrolatzen ditu industria eta merkataritza enpresa handiak, petrolio industria adibidez. Komunikazio eta garraiobide nagusiak ere estatuaren kontrolpean daude. Hegoaldean ekonomia arazo nagusia da iparraldea baino askoz atzeratuago dagoela industrializazio prozesuan. Gobernuaren ahaleginak ahalegin, prozesu horrek arazoak izan ditu mafiaren jarduera dela-eta, enpresa asko beste nonbait kokatzera behartu baititu. Industriarik ezak, gainera, hegoaldetar asko lan bila iparraldera emigratzera behartu ditu.

Toscanako ardoa. Italia munduko ardo ekoizlerik handienetakoa da.

Lurraldearen % 60 inguru nekazaritzarako edo abereak bazkatzeko erabiltzen da. Langileen % 3,9 lehen sektorean aritzen da lanean (2015[9]). Italiako klima, lur mota eta garaiera desberdinek era askotako gaiak lantzeko aukera ematen dute, baina batez ere mahatsa, olibak eta olioa ekoizten dira. Italia da munduko ardo, oliba eta olio ekoizle handienetako bat.

Bigarren Mundu Gerraz geroztik Italiako industria azkar eta asko aurreratu zen. 2015ean langileen % 28,3 aritzen zen industrian[9]. Hauek dira industria jarduera nagusiak: ehungintza, kimika industria, autoak, metalurgia, plastikoa, makina astunak, tresna elektrikoak eta janari industria (pasta). Ontziolek, tabakoak, kalamuak eta azukre erremolatxak ere garrantzi handia dute. Industriagune nagusiak Genova, Milan, Erroma eta Turin dira.

Italiak gasa, ikatza eta petrolioa inportatzen du energia sortzeko. Energia elektrikoaren % 58,9 zentral termikoetan ekoizten du, petroliotik eratorritako gaiak, gas naturala, harrikatza edo lignitoa errez. % 11,5 zentral hidroelektrikoetan lortzen du, eta % 23,4 – beste energia berriztagarrien bitartez (2012[9]).

Grafiko hau ezin da une honetan ikusi, software arazo bat dela eta. Lanean ari gara ahalik eta lasterren grafikoak berriro erakutsi ahal izateko.

Ikus jatorrizko Wikidatako eskaera eta iturriak.

Italia Mendebaldeko kulturaren iturria izan historian. Irudian Gioconda, Leonardo da Vinci ospetsuaren margolana.

Italiak artearen eta kulturaren alor guztiei (arkitekturatik hasi eta zinemaraino) egin dien ekarpena askotarikoa da, aberatsa eta aspaldikoa. Italian dago Mendebaldeko kulturaren oinarria, Erromak zabaldu baitzuen kultura horren abiapuntu den Greziako zibilizazioa. Italiako artean aldi nagusi hauek bereizi ohi dira: erromatarren antzinateko zibilizazioak greziarren eta etruskoen lanetan oinarri hartuta ondu zuen estiloa, K.a. VIII mendetik K. o IV mendera, erromanikoa, X. mendearen bukaeran hasi eta XIII. mendea bitartean (Pisako katedrala, bataiategia eta dorrea), Errenazimentua, antzinateko Grezia eta Erroma eredutzat hartuta Erdi Aroaren bukaeratik XVI. mendearen bukaeraraino bitarteko higikundea (Leonardo da Vinci, Michelangelo, Dante, etab), eta barrokoa, XVI. mendean Italian sortu eta XVIII. mendea arte garrantzi handia izan zuena Europa osoan.

Sakontzeko, irakurri: «Italierazko literatura»

XV. mendeko idazle nagusiek –Dante Alighieri, Francesco Petrarca eta Giovanni BoccacciokToscanako dialektoa erabili zuten literaturan, eta hala, haien eredua nagusitu zen eta Italiako hizkuntza landua bihurtu zen gero. Errenazimentuko idazleen ondoren –Ludovico Ariosto eta Torquato Tasso olerkariak, Nikolas Makiavelo eta Francesco Guicciardini saiogileak– literatura produkzioa asko murriztu zen, baina idazle erromantikoei esker Italiako hizkuntza berriz piztu zen eta batasuna eman zitzaion. Idazle erromantikoen artean, aipatzekoak dira Vittorio Alfieri poeta tragikoa, Ugo Foscolo ideologia iraultzailearen sortzailea, eta Alessandro Manzoni eleberrigilea; azken honen I promessi sposi («Senar-emaztegaiak») XIX. mendeko eleberrigintzaren ardatz izan zen. XX. mendearen hasieran Italian bertan sortu, hazi eta hedatu zen futurismo deritzan arte higikundea: Filippo Tommaso Marinetti, futurismoaren sortzailea berau, Giovanni Papini, etab. Bestalde, Luigi Pirandello eleberri eta antzerkigilea ere aipatzekoa da, ordu arteko antzerkiari itxura berri bat eman baitzion. Bigarren Mundu Gerraren ostean beste idazle belaunaldi bat sortu zen: Cesare Pavese, Elio Vittorini, Vasco Pratolini eta Alberto Moravia. XX. mendeko bigarren erdiko idazleen artean, berriz, aipatzekoak dira Carlo Cassola, Italo Calvino, Giorgio Bassani, Eugene Montale, Leonardo Sciascia, Pier Paolo Pasolini eta Umberto Eco.

Errenazimentuaz geroztik Italiako artea eredu izan zen Europako artista guztientzat. Hala ere, XIX. mendean, Europako artea Frantzia aldera mugitu zenean itzali egin zen Italiaren nagusitasuna. XX. mendearen hasieran, futurismo higikundearen sorrerarekin batera, susperraldi bat izan zuen Italiako arteak. Pintore talde batek, Giacomo Balla eta Umberto Boccioni tartean, berrikuntzak ekarri zituzten Italiako pinturari, eta irudiak zatituz mugimendua eta lastertasuna irudikatzen saiatu ziren. Surrealismoaren ahaide den pintura metafisikoan, aldiz, Giorgio de Chirico eta Giorgio Morandi gailendu ziren.

Errenazimentu garaiko arkitektura nagusia eta barrokoaren garaikoa Italian sortu zen. 1927. urtean higikunde arrazionalista bat sortu zen Italian, eta talde horren jarraitzaileek (Pier Luigi Nervi) ingeniaritzako obra handiak eta ederrak egin zituzten (ubideak, autopistak, urtegiak). XX. mendearen erdialdean Italiako arkitektoen marrazkiak aitzindari ziren mundu osoan.

Italiak musikari egin dion ekarpena arte plastikoei egindakoari bezain garrantzitsua da. Claudio Monteverdi eta Carlo Gesualdoren «madrigalak», Giovanni Pierluigi da Palestrinaren eta Erromako eskolaren eliza musika, XVII. mendean Florentzian sortu eta laster Veneziara, Napolira eta Erromara zabaldu zen opera, eta musika sinfonikoa, concerti grossi-ak, sonatak eta abar guztiak dira Italian sortuak. Italiari «musikaren aberria» deitura eman izana asko eta asko musikagile itzal handikori zor zaio.

Sakontzeko, irakurri: «Italiako zinema»

Italiak berebiziko garrantzia du zinemaren historian. Bigarren Mundu Gerra ostean neoerrealismoa sortu zen Vittorio De Sica eta Roberto Rossellini zuzendariekin, eta urte haietako filmetan munduak Italiaz izan duen ikuspegia agertu zen. Italiarren asmamena, bizitza eta herri xehearen adierazpenak maisuki islatu izan dira film horietan. Ondorengo urteetan errealismo hutsa edo neurrigabeko fantasia lantzen duten filmak egin izan dira. Zinema zuzendarien artean, aipatzekoak dira Luchino Visconti, Federico Fellini, Cesare Zavattini, Pier Paolo Pasolini, Franco Zeffirelli, Michelangelo Antonioni eta Bernardo Bertolucci, eta izen handiko zinema antzezleak dira, beste askoren artean, Sophia Loren, Marcello Mastronianni, Vittorio Gassman eta Vittorio de Sica.

Jaiegunak
Data Euskarazko izena Jatorrizko izena
Urtarrilak 1 Urteberri Capodanno
Urtarrilak 6 Epifania Epifania
Aldagarria Pazko igandea Domenica di Pasqua
Aldagarria Pazko astelehena Lunedì dell'Angelo
Apirilak 25 Askapenaren urteurrena Liberazione
Maiatzak 1 Langileen Eguna Festa del Lavoro
Ekainak 2 Errepublikaren Eguna Festa della Repubblica
Abuztuak 15 Jasokundea Assunzione/Ferragosto
Azaroak 1 Santu Guztien Eguna Tutti i Santi
Abenduak 8 Andre Mariaren Sortze Garbia Immacolata Concezione
Abenduak 25 Eguberri Natale
Abenduak 26 San Esteban Santo Stefano

Txirrindularitza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Italiako Giroa» eta «Italiako txirrindularien zerrenda»

Italian, txirrindularitzak tradizio handia duen kirola da. Europako itzuli handien artean dago Italiako Giroa, Tourra eta Vueltarekin batera. Gainera, bi monumentu ditu; Milan-San Remo eta Lombardiako Giroa. Kirol hau, edozein lekutan ospea dauka eta txirrindularitza laserketa asko egiten dira. Ekialdeko europako txirrindulari asko hona etortzen dira gaztetan. Herrialdeak, halaber, txirrindulari klasiko mitikoak eman ditu. Haien artean, Gino Bartali, Fausto Coppi, Francesco Moser, Vincenzo Nibali, Claudio Chiappucci, Marco Pantani edo Danilo di Luca.

Futbola (calcio italieraz) kirol arrakastatsuena da, txirrindulariaren gainetik esan dezakegu. Italiako futbol selekzio nazionala munduko inoizko hoberenen artean dugu, izan ere Munduko Futbol Txapelketa lau aldiz irabazi du, 1934 (antolatzailea), 1938, 1982 eta 2006an. Europako Futbol Txapelketa behin irabazi zuten, 1968an (antolatzailea). Gianluigi Buffon, Fabio Cannavaro, Paolo Maldini, Andrea Pirlo eta Dino Zoff dira selekzioko kamiseta aldi gehien jantzi izan dutenak. Halaber, herrialdeak beste behin antolatu zuten Mundiala 1934az gain, 1990ean.

Italiako Futbol Ligari dagokionez, bestela, Juventus FC da titulu gehien duen taldea, eta 2017-18ko txapelduna.

Saskibaloia ere (pallacanestro) herrialdeko kirol nagusien artean dugu, Europako liga garrantzitsuenen artean dago bertakoa Lega Basket Serie A izenekoa, eta talderik arrakastatsuena Ligako historian Olimpia Milano da.

Selekzioari dagokionez, EuroBasket birritan irabazi dute (1983 eta 1999an). Olinpiar Jokoetan, zilarrezko domina bi aldiz eskuratu dute, 1980 eta 2004an. Munduko Saskibaloi Txapelketan, posturik hoberena 1970 eta 1978an lortu zuten, laugarrenak izan zirenean.

Errugbia da beste kirol indartsu bat Italian, eta bertako selekzioa Europako hoberenen artean dago. Europako Nazioen Errugbi Kopa, hain zuzen ere, irabazi zuten 1997an.

RAI (Radiotelevisione Italiana) irrati eta telebista kate publiko italiarra da. Informazio orokorreko egunkarien artean «Corriere della Sera» (Milano), «La Repubblica» (Erroma) eta «La Stampa» (Torino) ditugu, beste batzuen artean.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
  2. a b Bilancio demografico mensile anno 2022 (dati provvisori) Italia. demo.istat.it (Noiz kontsultatua: 2023-2-17).
  3. a b c Itàlia (geografia e storia). sapere.it (Noiz kontsultatua: 2016-11-3).
  4. Colle di Cadibona. es.touristlink.com (Noiz kontsultatua: 2016-11-3).
  5. Padana, Pianura. treccani.it (Noiz kontsultatua: 2016-11-3).
  6. a b Unification of Italian States Office of the Historian, Bureau of Public Affairs, United States Department of State. History.state.gov
  7. Thomas J. KEHOE, Harold E. DAMEROW, and Jose Marie DUVALL: The Unification of Italy Exploring Western Civilization: 1600 to the Present. A Worktext for the Active Student, Revised Edition (Dubuque, Iowa: Kendall/Hunt Publishing Co., 1999.) Faculty.ucc.edu
  8. Regioni italiane. tuttitalia.it (Noiz kontsultatua: 2016-11-2).
  9. a b c d e Italia. cia.gov (Noiz kontsultatua: 2016-11-3).
  10. Italia: Resident foreigners by age and sex on 1st January 2016. demo.istat.it (Noiz kontsultatua: 2016-11-4).
  11. 2014: National demographic balance. istat.it (Noiz kontsultatua: 2016-11-4).
  12. Polchi, Vladimiro. Immigrati, c'è un popolo di invisibili in Italia e sono più di 400 mila. repubblica.it (Noiz kontsultatua: 2016-11-4).
  13. Ciobanu, Claudia. EUROPE: Home to Roma, And No Place for Them. ipsnews.net (Noiz kontsultatua: 2016-11-7).
  14. Principali cittadinanze. istat.it (Noiz kontsultatua: 2016-11-7).
  15. Italia. Religious Demography: Affiliation. globalreligiousfutures.org (Noiz kontsultatua: 2016-11-6).
  16. Bilancio demografico Anno 2014. demo.istat.it (Noiz kontsultatua: 2016-11-3).
  17. International Monetary Fund (IMF), World Economic Outlook (WEO) Database- GDP Nominal 2010 to 2019. imf.org (Noiz kontsultatua: 2016-11-6).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]