Edukira joan

Albert Constantin

Wikipedia, Entziklopedia askea
Albert Constantin
Bizitza
JaiotzaIzpura1873ko abuztuaren 22a
Herrialdea Nafarroa Beherea, Euskal Herria
HeriotzaAtharratze-Sorholüze1957ko urtarrilaren 26a (83 urte)
Familia
AitaJean Baptiste Constantin
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
Jarduerak
Jarduerakmedikua, idazlea eta politikaria

Albert Constantin[1] (Izpura 1873ko abuztuaren 22a - Atharratze, 1957ko urtarrilaren 26a) idazle eta politikari baxenabartar euskaltzalea izan zen. Urdatx eta Atharratzerekin nahiz oro har, erabiltzen zuen euskaragatik zein okupatu zuen lanbide eta kargu politikoagatik, Basabürüarekin izan zuen harreman estua dela medio zuberotartzat jo ohi da gehiago.

Guraso biak urdaxtarrak zituen: aita Jean-Baptiste Constantin idazlea eta ama bertako dendari eta jostuna.

Aita Izpurara maisu joan zenez herri garaztar honetan jaio zen; aitaren irakasle lanek Atharratzera bidali zituenetik senidearen jatorria zen Zuberoan kokatuta aurkitzen dugu.

Ikasketak amaitu eta gero Basabürüko hiriburuan bertan aritu zen mediku eta horrek politika arloan ere jorratu zuen bidean lagungarri suertatu zitzaion. Ia 60 urtez ibili zen lanbide honetan.

Euskaltzalearen lanak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Idazle gisa aita ezagunagoa eta oparoagoa bada ere, Albert Constantinek lehen uste baino gehiago idatzi zuela konprobatu da. Bere obra guztia biltzeke dago oraindik.

  • Euskaltzaleen Biltzarreko presidentea izan zen urte luzez; elkarteak antolatutako jardunaldietan emandako hitzaldi batzuk lehendik ezagutzen ziren. Davantek bere erreferentziazko antologian horietako bi aukeratu zituen:
  • Jean-Louis Davant, Kepa Altonaga eta besteren lanek bestelako aurkikuntzak ekarri dituzte:
    • Eskualduna astekarian eta Gure Herria aldizkarian izenik gabe agertutako artikulu ugari berarenak dira; Zuberoako berriak ematen zituen bertan.[2]
    • Noizbait jaso zuen kritika "euskararen alde anitz baina euskaldunen alde gutxi"[3] egin zuela izan da. Aldiz, Altonagaren ikerlan berrien arabera badakigu laborarien alde sarritan atera zela beste batzuekin batera; Atharratzen bertan bi "Kongresu" antolatu ziren, 1910 eta 1912an (hirugarren bat Lehen Mundu Gerrak zapuztu zuen) eta horietako bakoitzean Constantinek mintzaldi bana egin zuen. Lehenean Zuhainen eritarzunaz eta haien arraberrikatziaz izenburuduna, 1913ko Almanak uskara edo Ziberouko egunaria aldizkarian argitaratutakoa eta bigarrenean Aberetegien behar den bezala egitetik eta etxekitzetik laborariek ükeiten ahal dütüen abantailez titulua zeramana. Beraz, horrela frogatuta geratzen da mediku atharraztarra euskarazko prosa zientifikoaren aitzindarietakoa dela.
  • Herri kantak ere bildun zituen, besteak beste[4]
  • Bulletin de la Société des Sciences, Lettres, Arts et d'Études Regionales de Bayonne izenekoan ere idatzi zuen.

Laburbilduz eta Kepa Altonagaren hitzak erabiliz Dominique Iribarne lagun minarekin batera "Atharratzeko taldea" dei dakiokeenaren bultzatzaile nagusia izan zen.

Kontseilari orokorra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ia 40 urtez Atharratzeko kantonamenduko kontseilari orokorra izan zen.

Zazpi aldiz aukeratuta, azkena 1955ean izan zen (botoen %64a lortu zuen "independente" gisa) eta karguan zegoela hil zen 1957an; beraz, XX. mendearen lehen erdiaren Zuberoako politikagintzan eragin gehien izan zutenetakoa izan zen Constantin.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Constantin deiturak okzitanierazko jatorria du eta oso ohikoa da Zuberoaren mugakidea den Baretosen.
  2. Eskualduna eta Gure Herria aldizkarietan izenik gabeko artikulu asko idatzi zituen.
  3. Ideia horren aipamena Zuberoako literaturaz. Antologia laburra liburuko 77-78. orrialdeetan dago; "atharraztar ezagun batek" 1962an Paueko Casino-n ihardetsitakoa, Constantinen izena aipatu gabe.
  4. Azkueren kantutegian Basoilarrak eta Ots! Aingurieki kantak.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]