Austin Stack
Austin Stack, jaiotzez Augustine Mary Moore Stack, irlanderaz: Aibhistín de Staic (Tralee, Kerry konderria, 1879ko abenduaren 7a - Dublin, 1929ko apirilaren 27a) irlandar errepublikar bat izan zen.
1908an Irlandar Anaitasun Errepublikarra erakundeko kide egin zen eta 1916rako Kerry konderriko Irlandar Boluntarioen buruzagia zen. 1916ko Pazko matxinadan Roger Casement eta hark ontzi batean errepublikarrentzat zekartzan arma kargaren lehorreratzea saiakeraren antolatzailea izan zen. Halere, ez zuen britainiarrek Casement atzematea eragozterik izan.
1918. urterako Sinn Féin alderdiko politikaria zen. Irlanda bitan banatu zuen Anglo-irlandar Itunaren aurka agertu zen, ondorioz Irlandako Gerra Zibilan itunaren aurkako aldean ipini zen. 1923an Irlandako Estatu Askeko soldaduek atzeman eta espetxeratua izan zen. Espetxean 42 eguneko gose greba burutu zuen. Ondoren, 1924ko uztailea aske utzi zuten.
Halere, gose greba hark bere osasunari betiko kalte egin zion, eta ez zen inoiz guztiz osatu. 1929ko apirilaren 27an, Dublingo ospitalean zendu zen.