Edukira joan

Batzarre etxea (Arribe)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Batzarre etxea (Arribe)
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Nafarroa Garaia
UdalerriaArribe-Atallu
Historia eta erabilera
Irekiera1511

Batzarre etxea XIV.-XV. mendeen inguruan eraikitako etxea Araitz bailarako Arribe herrian dago, Nafarroa Garaian.

Inguruko herrixkek bertan zuten antzinako udaletxetzat har daitekeena. Bazarresagasti zuen izena orduan eta herritarren arteko gatazkak tratatzen ziren han. Errepide ertzean dagoen baserri txiki bat da denboraren poderioz abandonatua izan zena. 1972an Juan Gorriti eskultore nafarrak hartu eta berreraikitzeari ekin zion. Gorritiren obrarik nagusiena da Batzarre, bere egileak dioenez, etxea izateaz gain eskultura ere baita. Bertan ere, Mallope erakusketa aretoa dago. Batzarre etxea baserriaren jatorrizko izena da eta artistak berean gorde du.[1]

Etxearen berri Florencio Idoate idazleak ematen du Rincones de la historia de Navarra liburuan ("Vianako Printzea", 1966). Idoatek dioenez, Araizko bailara famatu egin zen XV. mendean sorginkeria zela-eta. Zazpi herritar epaitu zituzten Bazarresagastin eta ondoren Iruñeko espetxera eraman. Espetxean gosez hil ziren ia denak.[1]

Bailarak Gorritiren obrengan duen eragina nabarmena da, artistak aitortu duenez behin baino gehiagotan Araitzen topatutako hainbat gauzaren inguruan egin baititu eskultura edo margoak, Balerdi mendiari eginiko hainbat koadro adibidez. Eskultore horren estiloa Art Brut izenez da ezaguna. Bere lanak ikusita, haien estiloa horrela deitzen zela esan zioten Gorritiri Alemaniako aditu batzuek: "Egun hori baino lehenago nik ez nekien nire eskulturak egiteko moduak izenik zuenik".[1]

Etxeak hainbat taila ditu bere euskarrietan eta haren ondoan Gorritik egindako egurrezko meta bat eta garai bat ikus daitezke. Horrez gain, etxearen barnean, margolan ugari dago eta Gorritiren eskulturak aurki daitezke nonahi.[1]

Mallope aretoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Galeria horretan Carmelo Ortiz de Elgea eta Jose Luis Zumeta pintoreak, Ramon Ruiz Cabestany keramista edota Koldobika Jauregi eskultorea bezalako artistek euren obrak erakutsi dituzte. Beste artistak Remigio Mendiburu eta Jorge Oteiza izan ziren.[2] Bailara txikia izanik ere, handik igaro diren artisten zerrenda luzea da oso. Ez bakarrik erakusketak antolatzeko, baita Gorritiren eskutik Araitz bisitatzeko ere, horien artean Mikel Laboa eta Pablo Milanes abeslariak eta Joxean Artze idazlea daude.[1]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]