Blas Infante
Blas Infante | |
---|---|
(1914) | |
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Blas Infante Pérez de Vargas |
Jaiotza | Casa Natal de Blas Infante (en) eta Casares, 1885eko uztailaren 5a |
Herrialdea | Andaluzia |
Heriotza | Sevilla, 1936ko abuztuaren 11 (51 urte) |
Heriotza modua | : bala zauria |
Hezkuntza | |
Heziketa | Granadako Unibertsitatea |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | politikaria, idazlea, legelaria eta kazetaria |
Sinesmenak eta ideologia | |
Alderdi politikoa | Alderdi Errepublikano Demokratiko Federala |
Blas Infante Pérez de Vargas (Casares, Andaluzia, 1885eko uztailaren 5 – Sevilla, Andaluzia, 1936ko abuztuaren 11), politikari andaluziarra izan zen, andaluzismoaren ideologoa: 1983an, Andaluziako Parlamentuak autonomia-estatutuaren sarreran andaluziar aberriaren aitatzat hartzea onartu zuen. 2007ko otsailaren 18an andaluziarrek berretsi zuten autonomia-estatutua berritzeko egindako erreferendumean.
Notario, historialari, antropologo, musikologo, idazle eta kazetari lanak egin arren, oso irakurle handia eta mintzalari ona zen. Nahiz eta haren lanen artetik 14 argitaratuak izan, 3.000 idazki baino gehiago idatzi zituen.
Andaluziako Juntako Andaluziako Ikaskuntzak Infantek Coria del Rion zuen etxea erosi zuen 2001ean, bertan etxe-museoa eraikitzeko. Urtero, Andaluziako egunean, otsailaren 28an omentzen dute.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Andaluziako errealitatearekiko harremanetan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aita Luis Infante Andrade zuzenbideetan lizentziatua zen eta Casaresko Epaitegiko idazkaria. Ama Ginesa Pérez de Vargas klase ertaineko nekazarien familiakoa zen. Blas Infantek batxilergoa ikasi zuen 1899ra arte Archidonako Eskolapioetan. 1900dik aurrera Casaresko Epaitegiko eskribau gisan lan egin zuen, eta aldi berean, Granadako Unibertsitatean, zuzenbidea ikasi zuen ikasle libre moduan, bakarrik ekainean eta irailean aurkezten baitzen. 1906an amaitu zituen ikasketak. Apunteak, Alberto Alvarez de Cienfuegos poetak, bere lagun minak, uzten zizkion.
Infantetarrak 1898ko krisi ekonomikoaren ondorioz, estu eta larri ibili ziren: hori zela eta, Blas Infantek eskola utzi behar izan zuen. Halere, batxilergoko azken kurtsoa bere kabuz ikasi zuen.
1909an oposizioak gainditu zituen eta Cantillanan, Sevillako probintzian, notario jardun zen. Han, Sevillako intelektualekin eta ideologiak erregionalistekin harremanetan jarri zen, bereziki Sevillako Ateneoko kideekin.
Andaluziako jornalarien egoera ikusteak izugarri harritu zuen eta urte batzuk geroago hurrengoa idatzi zuen:
« | Haurtzarotik, jornalariaren ikuspegi iluna kontzientzian iltzatua dut. Gosea herriko kaleetan gaindi nola paseatzen zuen ikusi dut. | » |
Blas Infante |
Lehendabiziko batzar andaluziarra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Haren ideologia XIX. mendeko mugimendu errepublikazaleen eta federalisten ondorengoa zen, eta andaluzismoaren defentsan eta Andaluzia eta Alfonso XIII.ak gobernatutako Espainiako beste eskualdeen arteko desberdintasunetan oinarritu zen. Andaluzia berritzeko helburua zuen, Espainia berritu ahal izateko.
« | Nire abertzaletasuna, andaluziarra baino lehenago, gizatiarra da. Nire ustez, jaiotzez, naturak Biziaren gudariei beraren alde non borrokatu behar diren seinalatzen die. Nik espirituaren Kausaren alde Andaluzian borrokatu nahi dut, bertan jaio nintzelako. Beste inon egongo banintz, Kausa beraren alde gogo bizi beraz ahaleginduko nintzateke. | » |
Blas Infante |
1915en bere idazlanik garrantzitsuena argitaratu zuten Ideal Andaluz, non Andaluziako historia, identitate eta arazoei buruz bere iritzia emateaz gain, konponbideak proposatu zituen.
1918an, Rondan, 1883ko Constitucion Federal de Antequera kantonalistan oinarriturik, lehendabiziko batzar andaluziar erregionalista egin zen. Han, andaluzismoak jarraitu beharreko urratsak zehaztu zituzten, Andaluziarentzat autonomia osoa lortu ahal izateko. Horrez gain, Blas Infantek Andaluziarentzat propostatutako bandera eta armarria onetsi zuten. al-Andalus garaitik, 1095tik, dokumentatutako bandera zuri-berdea eta Herkules agertzen den armarria, Cadizko armarrian oinarritutako armarria izan ziren aurrerantzean "Andaluziako ikurrak".
Lehen Mundu Gerran zehar, Espainia gerran sartzea eskatzeagatik espetxeratu zuten. Espainiak bere neutraltasuna hautsi eta armada bidal zezan nahi zuen, Frantziaren alde eta Alemaniaren aurka borrokatzeko. 1918ko hauteskundeetan, Gaucingo hauteskunde-barrutian bere burua aurkeztu zuen, eta urte bat geroago Sevillan, baina porrot egin zuen jauntxokeriak zeukan indarraren ondorioz.
1919ko urtarrilaren 1ean, hainbat Andaluziar etxeetako kideek eta berak, 1919ko Cordobako Manifestu Andaluzista sinatu zuten. Han Andaluzia nazio historikotzat definitu zuten Espainiako estatu federalean.
« | Espainia Zaharra behin eta betiko bukatu beharko delako ordu gorena iristen ari dela nabaritzen dugu (...) Estatu horrekiko separatista aldarrika dezagun geure burua, gizabanakoei eta herriei dagokienez, mugarik gabe zapaltzen baititu justiziaren eta onuraren foruak eta, bereziki, Askatasunaren foru sakratuak; geure kontzientziaren aurrean eta atzerriko Herrien aurrean izen ona kentzen digun Estatu horrekiko, (...). Interes doilor horiek elkartasunaren edo batasunaren —haien esanetan, nazionala— ezkutuaz babestea jada onartezina da. | » |
Kordobako Manifestu Andaluzista, 1919 |
Angustias García Pariasekin ezkondu zen eta lau seme-alaba izan zituzten. Motamid (1920), La dictadura pedagógica (1921) eta Cuentos de animales (1921) liburuak idatzi zituen. 1924an Marokora bidaiatu zuen: bertan Motamiden hilobia bisitatu eta haren ondorengoak Agmaten ezagutu.
Miguel Primo de Riveraren diktaduran zehar, berarekin elkarrekin lan egitea errefusatu zuen, eta horren ondorioz, Andalucía aldizkariko argitaratzaileak eta berak eraikitako andaluziar etxeak itxi zizkioten. 1921an La dictadura pedagógica azterketa filosofikoa egiten duen liburua argitaratu zuen.
1924an irailaren 15ean islamera bihurtu zen publikoki, shahadaren bitartez, Agmhateko meskita txiki batean eta Ahmad izena hartu zuen.
1928an Galiziara joan zen, "galegismoaren" ideologoekin biltzeko. Urte horietan zehar, Maroko eta Portugalera ere bidaiatu zuen. Horrez gain, Nós aldizkari erregionalista galiziarrean parte hartu zuen.
1930ean Malagan, Sociedad Económica de Amigos del Paísen mintzaldi politiko bat eman zuen, andaluziar herria nabarmenduz.
Bigarren Errepublika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1931n, Espainiako Bigarren Errepublikaren aldarrikapenarekin batera, Coria del Rioko notariotzaren ardura hartu zuen: hor, bere etxea eraiki zuen. Dar al-Farah ("Alaitasunaren etxea") izena jarri zion eta al-Andalusko arkitekturan oinarritu.
Blas Infantek Junta Liberalista Andaluzaren buru izan zen (JLA) eta Alderdi Errepublikar Federalarekin aurkeztu zen. Halere ez zuen ordezkaririk parlamentuan lortu.
1931an La verdad sobre el complot de Tablada y el Estado libre de Andalucía liburua argitaratu zuen. Nahiz eta lan horretan agertze independentistak egon, herriaren babesa falta zela medio, diskurtsoa moderatu zuen eta Andaluziako Estatu Askea opresiotik, mendera-alditik eta bidegabekeriagatik askea giaan definitu zuen, bere geroa erabaki ahal izateko.
1933ko azaroko hauteskundeetan Malagan aurkeztu zen Andaluziako Ezker Errepublikazalea koalizioarekin, baina berriz ere porrot egin zuen. Anarkismoaren defentsan atera zen askotan, anarkismoaren aldekoa baitzen.
1933an, Santo Dios jornalarien abestiaren letra aldatu zuen eta bere letra jarri zion, Andaluziako ereserkia izan zedin. Berak sortutako ereserkia Andaluziako ereserkia da 1981az geroztik, autonomia-estatutuaren barne dagoelako.
« | Andaluziak bere ereserki eta armarriak dauzka, Andaluziako Legebiltzarreko Legeak behin betiko onetsiko dituenak, 1918ko Rondako Batzarrak eta Andaluziako Batzar Liberalistek gai horiei buruz erabakiak aintzat hartuz. | » |
Andaluziarako autonomia-estatutua |
1933ko urtarrilean, Cordobako probintzian, Andaluziako autonomia-estatutuaren oinarrien aurreproiektua onetsi zen, erreferendumean onetsi behar zena, baina ez zen inoiz erreferendumik egin, Espainiako Gerra Zibilak geldiarazi zuelako.
1936ko hauteskundeetan, Espainiako Fronte Popularraren garaipenarekin, mugimendu andaluzista sendotuz joan zen eta uztailaren 5eko batzarrean, Blas Infante etorkizuneko Andaluziako Junta Erregionalaren Ohorezko presidente aukeratu zuten.
1936an, faxisten estatu-kolpearen ondoren, Espainiako Falangeko kide batzuek preso hartu zuten Coria del Rion, eta 1936ko abuztuaren 11n, epaiketarik gabe, fusilatu zuten.
« | [...] 1931ko hauteskundeetan joera iraultzaileko hautagaitza batean partaide izan zelako, eta, hurrengo urteetan 1936ra arte, alderdi andaluzista edo andaluziar erregionalista bateko propagandista izateagatik nabarmendu zelako. | » |
Kanpo-estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Gaztelaniaz): Blas Infanteren hilketaz.
- (Gaztelaniaz) Blas Infante Fundazioa.
- (Gaztelaniaz) Blas Infanteren Etxe-museoa.
- (Gaztelaniaz) Blas Infante eta andaluzismo historikoa.
- (Gaztelaniaz) Informazio biografikoa.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Blas Infante |