Diego Rivera
Diego Rivera, horma-margolari mexikarra (Guanajuato, 1886ko abenduaren 8a - Mexiko, 1957ko azaroaren 24a).
Horma-pintore handienetako bat izan zen, eta eragin handia izan zuten Amerika osoan haren teknika modernoek. Europan barrena ibili eta gero, Parisa joan eta pintore kubistekin harremanetan hasi zen. 1910ean egin zuen lehen erakusketa Mexiko Hirian. Europara joan zen berriro, eta, Parisko giroa utzi ondoren, Italiara joan zen freskoen artea hurbiletik ezagutzera. 1921. urtean itzuli zen Mexikora. Urte hartan berean sortu zuen Mexikoko pintoreen sindikatua, Orozco eta Siqueirosekin batera, eta eraikin ofizial batzuetarako lanetan (Mexikoko hiriko Escuela Nacional Preparatoria izeneko eskolako hormak, La Creación lanaz; Chapingo-ko Nekazaritza Eskolako La tierra fecunda lana) gorpuztuz joan zen, arian-arian, Mexikoko horma-pintura berria. New York-en erakusketa handi bat egin ondoren, Detroit-eko Arte Institutuko hormetan lan egin zuen 1932an. Bigarren Mundu Gerraren ondoren ekin zion bere proiektu handienari, etorkizun oparo baten esperantzan Mexikoko historia guztia jasoko zuen horma-pintura izugarri handi bat egiteari Mexiko Hiriko Jauregi Nazionalean, baina bukatu aurretik hil zen. Riverak monumentu-itxurako lanetara jo zuen beti, kolore biziak erabili zituen, marrazki lauak eta forma bakunak. Mexikoko pintura nazionaleko artista handientzat joa da Diego Rivera. Frida Kahlo izan zen bere hirugarren emaztea.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Diego Rivera |
Artikulu hau Mexikoko biografia baten zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |