Francesc Cambó
Francesc Cambó i Batlle (1876ko irailaren 2a, Verges, Baix Empordà (Girona) - 1947ko apirilaren 30a, Buenos Aires) kataluniar politikari kontserbadorea, abokatua eta finantzaria, Lliga Regionalista alderdiaren sortzaileetakoa eta liderra izan zen. Ministro izan zen hainbat espainiar gobernuetan.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Francesc Cambó i Batlle 1876ko irailaren 2an jaio zen Baix Empordàko Vergesen, Gironan.
IES Ramon Muntaner eskolara joan zen eta Zuzenbidea eta Filosofia ikasi zituen Bartzelonako unibertsitatean.
1901ean, Kataluniako Lliga Regionalista alderdiaren sortzaileetako bat izan zen eta Bartzelonako udaleko zinegotzi hautatu zuten.
1907an diputatu egin zuten Bartzelonagatik, baina 1910an galdu egingo zuen postua.
1917an, proiektatzen ari ziren Industria Elektrikoen Erakusketaren komisario izan zen eta, azkenean, 1929ko Nazioarteko Erakusketa izango zen hura. Kargu horretan, 1915ean, Jean Claude Nicolas Forestier kontratatu zuen Montjuïcen jardinak jarri eta txukuntzeko[1].
1919an, kataluniar arazoa bideratzeko, Autonomia Estatutu baten alde egin zuen, gero Kataluniako Mankomunitatea nahikoa soluzioa zela iritzi bazion ere.
Enric Prat de la Riba hil eta gero, Cambó izan zen Lliga Regionalistaren lider nagusia. Ogasun eta Sustapen ministro izan zen Alfontso XIII.aren garaian:
- 1918ko martxoaren 22tik azaroaren 9ra, Ogasun ministro izan zen Maurak gidaturiko gabinetean. Ocho meses en el Ministerio de Fomento lanean idatzi zuen esperientzia hura.
- Berriro Mauraren agindupean, Ogasun ministro izan zen 1921eko abuztuaren 15etik 1922ko martxoaren 9ra bitartean. Epe honi buruz idatzi zuen Memorias.
Primo de Riveraren estatu kolpearen ondoren politika aktiboa utzi zuen, baina berriro itzuli zen Bigarren Errepublikaren garaian. Erregimen honetako lehenengoak izan ziren 1931ko apirilaren 12ko hauteskundeetan, ez zuen diputatu izatea lortu eta atzerrira joan zen. 1933an, diputatu lortu zuen Legebiltzarrean sartzea, baina ez horrela 1936koetan.
1936an Gerra Zibila hasi zenean Espainian, Cambó Suitzan zegoen. Hasiera batean ez bazen ere militar altxatuen alde, gero Francoren alde egin zuen eta laguntza ekonomiko garrantzitsuak eman zizkien, ezkerreko errepublika bat jarriko ote zen beldur baitzen.
Gerra ondoren, Suitzan, AEBetan eta Argentinan bizi zen, CADE enpresa elektrikoaren lehendakari izan zelarik.
1951n, Helena Cambó, bere alaba bakarra, Ramón Guardans Vallésekin ezkondu zen Buenos Airesen -honek aitaginarreba ez zuen sekula ezagutuko-. Bikotearen seme-alabetako batzuk dira Ignasi Guardans CiUko eurodiputatua, Jordi Guardans kantautorea, Teresa Guardans idazlea edo Helena Guardans i Cambó enpresaria.
Buenos Airesen hilko zen 1947an.
Kultura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Cambó mezena izan zen makina bat ekintza artistiko eta kulturaletan.
1922an, Fundació Bernat Metge sortzen lagundu zuen, testu klasiko greziar eta latindarrak katalanera itzuliko zituena. Baita Fundació Bíblica Catalana ere, Bibliaren testu originalak katalanera itzultzeko. Parisko Sorbonaren Fundació Cambó ere sortu zuen eta Ferran Soldevilaren Història de Catalunya (1934-35), edo Pompeu Fabraren Diccionari General de la Llengua Catalana (1932) finantzatzen lagundu zuen.
Bere heriotzean, pintura bilduma gehiena Bartzelonako hiriari utzi zion eta, gaur, Museu Nacional d'Art de Catalunyan dago. Kataluniako bilduma publikoak osatzeko xedean sortu zuen bilduma hura eta 50 bat lanek osatzen dute, italiarrak haietako asko - Botticelli, Lippi, Correggio, del Piombo, Tiepolo -. Joseph Spiridion bildumatik etorritakoak ziren gehienak, 1929an Berlinen enkantean salduak. Rubens, Fragonard eta Goya ere badaude.
Madrilgo Pradoko Museoan ere badago Camboren bildumako hainbat pieza, Sandro Botticellirenak adibidez[2].
Idazlea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Francesc Cambók liburu ugari argitaratu zuen, bai politika eta baita ekonomia ere ukituz:
- Actuació regionalista (1915)
- El pesimismo español (1917)
- Vuit mesos al ministeri de Foment (1919)
- Visions d’Orient (1924)
- La crise économique anglaise (1924)
- Entorn del feixisme italià (1924)
- La valoració de la pesseta (1929)
- Les dictadures (1929)
- Per la concòrdia (1929)
- España, Cataluña y la Nueva Constitución (1929)
Editorial Alphak argitaratutako Els vuit volums de les obres de Francesc Cambó lanean biltzen da bere obra osoa:
- Volum 1 – Memòries (1876-1936)
- Volum 2 – Meditacions. Dietari (1936-1940)
- Volum 3 – Meditacions. Dietari (1941-1946)
- Volum 4 – Llibres
- Volum 5 – Discursos parlamentaris (1907-1935)
- Volum 6 – Política econòmica
- Volum 7 – Articles
- Volum 8 – Discursos i conferències
Aurrekoa: Niceto Alcalá-Zamora | ||
Espainiako Sustapen ministroa] 1918 – 1919 |
Ondorengoa: Manuel García Prieto | |
Aurrekoa: Mariano Ordóñez García |
Espainiako Ekonomia eta Ogasun ministroa 1921 – 1922 |
Ondorengoa: Francisco Bergamín García |
Kanpo loturak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Cambó Institutua (Katalanez) (Gaztelaniaz)
- Francesc Cambó biografia Kataluniako Entziklopedia Handian irakurgai (Katalanez)
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Francesc Cambó |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2012/1/9 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.