Edukira joan

Friuli-Venezia-Julia

Koordenatuak: 46°06′N 13°07′E / 46.1°N 13.12°E / 46.1; 13.12
Wikipedia, Entziklopedia askea
Friuli-Venezia-Julia
Administrazioa
Estatua Italia
HiriburuaTrieste
ProbintziakGorizia
Pordenone
Trieste
Udine
Udalerriak219
Geografia
Koordenatuak46°06′N 13°07′E / 46.1°N 13.12°E / 46.1; 13.12
Azalera7.845 km²
Demografia
Biztanleria1.191.588 biztanle (2005)
Dentsitatea156 bizt/km²
www.regione.fvg.it

Friuli-Venezia-Julia[1] (Friulieraz Friûl-Vignesie Julie) Italiako eskualdea da, ipar-ekialdean dagoena. Trieste du hiriburu. Hiri nagusiak Udine eta Montfaucon dira.

1963az geroztik, lurralde autonomoa da. Udine, Gorizia, Pordenone eta Triesteko probintziak hartzen ditu (7.846 km2; 1.233.984 biztanle 1981ean).

Karniako Alpeen eta Juliakoen artean, iparraldea mendiz eta muinoz osaturiko lurraldea da. Hegoaldea ordoki emankorra da; mendebala, aldiz, lehorra edo urez betea da. Itsasertzeko aintzirak lehortu egin dituzte. Ibai nagusiak Piave, Tagliamento eta Isonzo dira.

Nekazaritza lurralde guztian nagusi da: mendian, abere-hazkuntza eta basoak ustiatzen dira. Mendebaleko ordokiak belardiz estalita daude eta ekialdean artoa lantzen da batik bat (Udinen, barazkiak). Industriak ez du munta handirik, zeta eta altzariak salbu. Metalgintza astunak ere bere lekua du Udinen eta Montfauconen. Azken hori eta Trieste Italiako portu nagusietakoak dira.

Friuli deitura Forum Julii antzinako hiriaren izenetik dator. Dukerri lombardiarra izan zen VI. mendean; Karlomagnok bere egin zuen (775), eta 1077an Akileako aitalehenen eskuetara aldatu zen, eta horiek zatirik handiena Veneziari eman zioten (1420). Dukerriaren beste zatia Austriara joan zen 1500ean, eta hortik dator Austriako Friuliaren (Trieste hiriburua) eta Veneziako Friuliaren (hiriburua Udine) bereizketa; azken hori Campoformioko hitzarmenean Austriara joan zen. Eskualdeko zatirik handiena Italiako erresumara itzulia izan zen (1866). 1947an, Italiak Jugoslaviari eman behar izan zion Ekialdeko Friuli, Trieste ezik.

Iparraldean Karnten estatua (Austria) eta Karniar Alpeak; hegoaldean Itsaso Adriatikoa eta Triesteko golkoa; ekialdean Goriška (Eslovenia), Isonzo ibaia eta Juliar Alpeak; eta mendebaldean Veneto eskualdea eta Piave ibaia mugakide ditu.

Pertsonaia ezagunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]