Gizarte politikak
Gizarte politika politikaren alor bat da. Gobernuek gizarteko egiturak eta merkatuko instituzioak erregulatzeko eta osatzeko erabiltzen duten tresna da.
Herritarrak politika publikoen erdian kokatzean datza, bakoitzaren beharrak sektore guztietan kontuan hartuz.[1] Testuinguru sozialean, politikoan, ideologikoan eta instituzionalean esku hartzen du, ongizatea lantzen den arloetan.[2]
Helburua gizartearen ongizatea modu ekitatiboan lortzea da, horregatik banakoaren edo taldearen ongizatea handitzen edo gutxitzen duten politika publikoekin, merkatuan dauden harremanekin eta ez monetarioekin zerikusia du.[3]
Estatuaren funtzio garrantzitsuenetako bat da. Helburua gizartearen ongizatea izanik, politika hauen bitartez pobrezia eta bazterketa eragiten duten arazo sozialak eta politikoak identifikatu eta hauei soluzioa ematen zaie. Izan ere, gizartearen egituran eragiteko ahalmena dute, sektore desberdinetan esku hartuz. Gizarte politikaren barruan, besteak beste, hezkuntza, osasuna, gizarte segurantza, justizia soziala eta gizarte babesa daude.[2]
Gainera, zientzia politikoaren diziplina zientifiko bat da. Zientzia normatibo bezala, ikerketaren eta hausnarketaren diziplina da. Alde batetik, naturarena eta enpirikoki frogatuak izan diren gizartearen hausturarena. Bestetik, eskubide sozialena, arau juridiko legez eta beste zientzia batzuekin. Ekintza politiko bezala, sistema politiko publiko baten bidez gauzatzen den gobernuaren, alderdi politikoak egiten dituzten eskaintzen eta gizarte-eragileen modalitate bat da.[4]
Garapen ekonomikoaren lotura handia du. Beharrezkoak dira hazkunde ekonomikoa izateko eta herrialdeen egonkortasun politikoa lortzeko. Ondo garatuta dauden gizarte politikek lana eta garapena sustatu dezakete, gizarte bazterketarekin amaitu eta zenbait gatazken amaiera ekarri dezakete. Ondorioz, garapeneko estrategia nazionaletan garrantzi handia hartzen dute.[1]
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gizarte Politikak Politikako adar bat da. Pobrezian eta bazterketan oinarritzen diren (lan falta, etxebizitza duina, hezkuntza, elikagaiak) arazo sozialak antzemateaz arduratzen da. Errekurtsoak eta konponbidea ematen dieten baliabide teknikoak bilatzeko bada bere helburua populazioaren ongizate orokorra da.
XIX. mendeko amaieran, Europan hain zuzen ere, Gizarte Politikak jaio ziren eskubideko estatu sozialarekin batera, ekonomian eta gizartean esku-hartze bezala. Estatu liberaleko modeloak, estatuko esku-hartzerik gabe, sortu zituen bidegabekeriak galarazteko.[5]
Baliabideek errealak eta benetakoak izan behar dute; eta proiektuak, posibleak; utopian, edo proposamen demagogikoetan ez erortzeko. Gizarte Politiketako planak dira: ospitale-eraikuntza eta eskolak, hiribilduak erauztera eta bere okupatzaileak leku erosoetan jartzera laguntzen duten etxebizitzako planak, familia ugariei edo desgaitutako seme-alabei laguntzak, eskola-beka planak, enplegurako sustapena, langabezia-asegurua, beste batzuen artean. [5]
Motak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gizarte Politikak giza ongizatea hobetzea eta heziketa kontuetan giza beharrak, osasuna, etxebizitza eta segurtasun ekonomikoa asetzea helburu du. Gizarte politiketako mota edo area garrantzitsuak hauek dira: babesari dagokion ongizatea, ondo sentitzeari dagokion ongizatea. Ingelesez Welfare eta well-being izenekin bereizten dira. Pobreziaren murriztapena, gizarte-segurantza, justizia, langabezia-asegurua, bizitza-baldintzak, animalien eskubideak, pentsioak, osasun-asistentzia, etxebizitza soziala, familiaren politika, gizarte-laguntza, haurtzaroaren babesa, baztertze soziala, hezkuntza edo heziketa-politika, delinkuentzia eta justizia penala, hiri-garapena eta kontu laboralak.[6]
Prozedurazko politika substantiboak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Politika substantiboez hitz egiterakoan, adituek dihardute gobernuak egin behar duen hartaz guztiaz. Autobide-eraikuntzatik, langabezia-subsidioen ordainketaraino, politika hauek zuzeneko isla dute abantailetan herritarrentzat.
Prozedurazkoei dagokienez, akzioak garatzeko moduarekin ikusi behar dituztenak dira. Organo administratibo politika sozialak praktikara eramatearen arduradunak antolatzeko arduradunak dira. Halaber, seinalatzen dute ere nortzuk izango diren onartzen diren legeak emateko arduradunak. [6]
Politika banakor, arautzaile, autoarautzaile eta birbanatzaileak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Politika sozialak sailkatzeko beste modu bat gizartean duten efektuaren mendean egonez. Zentzumen horretan, banakorrak baliabideak ematen dituzten haiek edo populazioaren talde komunak dira.
Bestalde, arautzaileak portaerak arautzen dituzten haiek dira, bai banakoena bai taldeetakoena. Politika autoaraultzaileak aurrekoaren oso antzekoak dira, nahiz eta erregulazio hau berezko eragindako taldearen barnetik produzitzen duen desberdintasun bezala izan.
Azkenik, politika birbanatzaileak administrazioak burutakoak dira, ondasuna gizartearen sektore guztietara irits dadila saiatzeko. Hauek Ongizateko Estatua bereizten dutenak dira. Ohikoenen artean gizarte-segurantza-sistemak aurkitzen dira. [6]
Politika material eta sinbolikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Politikak sailkatzeko hirugarren modua, herritar partikularrei ematen dizkieten onuren araberakoa da. Zentzu honetan, materialak dira laguntza ematen dutenak zeregin zehaztuentzako, unibertsitarioentzat bekak izan daitezken bezala.
Beste alde batetik, azken urteetan politika sinbolikoak deitzen diren hoiek asko bultzatu dira. Hauek pentsamolde orokorra kaltetutako taldeen aurrean aldatzen saiatzen direnak dira. Aurrekoaren adibidea xenofobiaren edo homofobiaren kontrako kanpainak dira. Heziketa-eremuan hasi ohi dira, gainerako populazioa gero bere gain hartuz. [6]
Erakundeak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Historikoki, ministerio sail nazional bat egon izan da gizarte politikaz arduratzeko. Hala ere, Estatu espainolean, adibidez, autonomia erkidego bakoitzak eskualdeko kontseilaritza edo udalerriko kontseilaritza du gai honetan jarduten dena. Gobernu talde bakoitzak politika hauen inguruko antolamendu desberdina du, baina normalean lan ministerioaren, hezkuntza ministerioaren eta osasun ministerioaren baitan kokatzen da gizarte politika. [7]
Gizarte politika osatzen duten erakunde edo instituzio garrantzitsuenak hauek dira: instituzio publikoak, ongintzako zentroak eta GKE-ak.
Gizarte zerbitzu publikoak bazterketa sozialari konponbidea eman eta beharrizan desberdinak duten pertsonei laguntza eskaintzen arduratzen den Estatuko organismoa da. Honetarako, ministerioak daude, hauek egiten dute lana berdintasun sozialean, familietan, pertsonen babesean eta diskriminazioen aurkako borrokan ardazten da. Horretarako, instituzio familiarrak, hezkuntza instituzioa, instituzio politikoa eta instituzio ekonomikoa sortu ziren. [7]
Ongintzako zentroei eta GKE-ei dagokionez, erakunde hauek ez dute helburuen artean inolako irabazi ekonomikorik lortzea. Arazo sozialak pairatzen dituzten kolektibo desberdinak laguntzen dituzte. Gaur egun, 35.000 erakunde inguru daude [7], bakoitza gai desberdin bati lotua (Cáritas, ANAR…), baina denak helburu berarekin: arazoak dituzten pertsonak laguntzea.
Ereduak: Ongizate Estatuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gizarte politiken ezarpenak garatuz joan ahala, aurretik zegoen “Estatu sozial” eredutik gaur egun indarrean dagoen “Ongizate estatu” (ingelesez, welfare state) deituriko estatu eredura igaro gara; “Ongizate estatua” gizarte politiken modalitaterik berriena da, hain zuzen ere. Eredu berri honek “Estatu sozial” kontzeptua eta honekiko nozioa garatu egin du, Estatuak hiritarren beharretan zuzenki esku hartzen duelarik: batetik, gogobetetze objektiboaz (kuantitatiboa) arduratzen da eta, bestetik, gogobetetze subjektiboaz (kualitatiboa), beti ere gobernuan dagoen alderdi politikoaren interes ideologikoen arabera. Estatu mota honek “herritarren eskubide sozialak” konstituzioan barneratzen dituenez, hiritar guztiei hainbat prestazio, laguntza eta zerbitzu eskaintzen zaizkie hezkuntza-, osasun- eta lan-arloan: osasun unibertsala, hezkuntza publikoa, gizarte zerbitzuak eta lan-politikak. Izan ere, estatuak publikoki babes soziala aitortzen duenez, kapitalismoak eragindako ezberdintasun sozialei eta bazterketa-egoerei aurre egiteko gizarte politikak abian jartzeko betebeharra dauka.
Ongizate Estatu eredu ezberdinak daude:
- Eredu alemaniarra (Alemania, Austria): lan-babesaren eta berdintasunerako politika-publikoen arteko konbinaketa.
- Eredu anglosaxoia (Ingalaterra, Irlanda): ekimen pribatuaren eta berdintasunezko esku-hartze publikoaren arteko oreka.
- Eredu frantsesa (Belgika, Frantzia): Estatuaren ia erabateko esku-hartzea.
- Eredu mediterranearra (Espainia, Portugal eta Italia): Familiak eta Komunitateak mugatutako esku-hartze publikoa.
- Eredu latinoamerikarra (Brasil, Argentina, Txile): esku-hartze publiko zabala garapenerako eredu neoliberalen iraunkortasunaren aurrean.
- Eredu euroasiatikoa (Errusia, Bielorrusia, Armenia, Kazakhstan): Familia, Moralitate eta Autoritate printzipiopeko Estatuaren esku-hartze zentralizatua.
Eredu motaren arabera, Estatu bakoitzak gizarte politikak ezartzeko era ezberdinak ditu. Munduko potentziak aztertzean honen adibide argiak ikus ditzakegu; Ameriketako Estatu Batuek eta Europar Batasunak, adibidez, ezberdintasun nabariak dituzte. Amerikako Estatu Batuek eredu anglosaxoia bereganatu duten heinean, Europar Batasunak bere gizarte politika propioak ezartzeko metodoa garatu du Europar Komunitateen ondarearen (ingelesez, Community acquis) bidez, beti ere kontuan harturik Estatu kideen artean “Ongizate estatu” eredu ezberdinak daudela. [4]
Europar Batasuna eta Gizarte Politika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Europar Batasunaren gizarte politika edo komunitatearen gizarte politika Europar Komunitateen ondarearen (ingelesez, Community acquis) alderdi bat da, sistema juridiko konplexu bat osatzen duena. Politika honen eginkizuna lan- eta enplegu-harremanen alor materialak eta formalak arautzean datza, bai Estatu kideengan bai dimentsio transnazionalago batean ere. Batasunaren aurreko elkarte aitzindarietan komunitatearen gizarte politika politika ekonomikoarekiko mendekotasun baten barnean kokatzen eta ulertzen zen. Denborarekin, ordea, gizarte politika autonomia eskuratuz joan da, guztiz lortu ez duen arren oraindik ere. [8]
Europar Batasunaren Gizarte Dimentsioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaur egun dugun gizarte gaien inguruko testuingurua Erromako Itunaz geroztik Europar Komunitateen garapenean emandako mugarrien bidez sortu eta garatutakoa da. Erromako Itunaren bitartez Europako Ekonomia Erkidegoa sortu zenean, Europar Batasunaren elkarte aitzindarietako bat izango zena, indarrean zegoen pentsamendu politikoa merkatuak mugatutakoa eta bideratutakoa zen. Europako Ekonomia Erkidegoaren jatorrizko sei estatuen usteetan (Alemaniako Errepublika Federala, Frantzia, Herbehereak, Luxenburgo, Belgika eta Italia), enpresek berdintasunezko baldintzetan lehian aritzeko baimena eskuratzen bazuten, hazkunde ekonomikoak bultzatutako garapen sozial bat emango zen. Hortaz, Europar Batasunaren gizarte dimentsioa hazkunde ekonomikoaren gizarte eraginak ekiditeko edo arintzeko zuzendua zegoen. Gaur egun ere oraindik ikuspegi honen bitartez ulertzen da hein handi batean; Europar Batasuneko testuinguruan zerbitzuak ez dira zuzenki eskaintzen. Gizarte politikak araudi bidez gauzatzen dira nagusiki, zuzentarauen bitartez bereziki, estatu kideetan legeria edo hitzarmen kolektiboa erabilita inplementatuz. Berriki, politikak koordinatzeko metodo ireki bat erabiltzen hasi da ere.[9] [10]
Gizarte Dimentsioaren bilakaera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Europako Gizarte Eredua (ingelesez, European Social Model) etengabe eraldatzen ari da; izan ere, Europar Batasun mailan eta baita maila subsidiario batean ere adierazitako jomugen eta balioen adierazpenen arteko tentsioaren islapena da.[9]
Erromako Ituna batasun ekonomiko bat sortzera zuzenduta zegoenez, gizarte politikei garrantzi txikia eman zitzaien. 248 artikuluetatik 12 gizarte politiken inguruan idatzitakoak ziren (117-28 artikuluak), 119.ak emakumeek gizonekiko soldata berdina izateko zuten eskubidea aitortzen zuelarik. Artikulu hauek, dena den, merkatuaren desitxuratzea ekiditeko helburuarekin eginak ziren eta ez inolako helburu sozial batekin. Londreseko Itunean 1949an sortutako Europar Kontseiluak gizarte politiketan ekarpen nabariagoa izan zuen; 1961an Europako Gizarte Gutuna onartu zuen, Giza Eskubideen Konbentzioaren homologo sozialtzat eta ekonomikotzat hartu dena. 1974an Kontseiluak Gizarte Ekintza Programa osatu zuen politika komunitarioaren ikuspuntua norabidez aldatzearren; ikuspuntu ekonomiko hegemonikotik sozialago batera aldatu beharra ikusi zuten. 1993an indarrean jarritako Maastrichteko Itunak, Europar Batasunaren sortzaileetako bat, aurrerapauso bat suposatu zuen; gizarte politiken inguruko Protokolo Sozial baten integratzea eman zen, estatuen arteko esku-hartzean harmonia bilatzearren.[9] [10]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b (Gaztelaniaz) Ortiz, Isabel. Política Social. (Noiz kontsultatua: 2019-11-29).
- ↑ a b Adelantado, José. Las políticas sociales
- ↑ «Política social» www.expansion.com (Noiz kontsultatua: 2019-11-29).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Política social. 2019-11-25 (Noiz kontsultatua: 2019-11-29).
- ↑ a b «Concepto de Política Social - Definición en DeConceptos.com» deconceptos.com (Noiz kontsultatua: 2019-11-29).
- ↑ a b c d (Gaztelaniaz) Montano, Joaquin. (2018-07-07). «Política Social: Sectores, Tipos, Objetivos» Lifeder (Noiz kontsultatua: 2019-11-29).
- ↑ a b c «Asociaciones de Ámbito Nacional» sede.mir.gob.es (Noiz kontsultatua: 2019-11-29).
- ↑ (Gaztelaniaz) Política social de la Unión Europea. 2019-09-03 (Noiz kontsultatua: 2019-12-20).
- ↑ a b c (Ingelesez) O’Connor, Julia S.. (2016-06-29). «Policy coordination, social indicators and the social-policy agenda in the European Union:» Journal of European Social Policy doi: . (Noiz kontsultatua: 2019-11-29).
- ↑ a b (Ingelesez) Hantrais, Linda. (1995-07-24). Social Policy in the European Union, First Edition. Macmillan International Higher Education ISBN 978-1-349-24102-6. (Noiz kontsultatua: 2019-11-29).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- MONTAGUT, Teresa (2000) Política social: una introducción
- https://www.guiaongs.org/directorio/
- https://blog.oxfamintermon.org/como-ayudan-las-instituciones-sociales-ante-el-riesgo-de-exclusion/
- https://web.archive.org/web/20201101043207/https://administracion.gob.es/pag_Home/espanaAdmon/comoSeOrganizaEstado/Institucionesl_Estado_old.html#.XdznzdVG3IW
- https://pdfs.semanticscholar.org/71fb/a7060898e96bf00615e3bebc723e705cb642.pdf