HMS Royal Oak (08)
HMS Royal Oak (08) | |
---|---|
Fabrikazioa | |
Fabrikatzailea | HMNB Devonport |
Jatorrizko herrialdea | Britainia Handia eta Irlandako Erresuma Batua |
Historia | |
Naufragioa | |
Gila jartzea | 1914ko urtarrilaren 15a |
Uretaratzea | 1914ko azaroaren 17a |
Esleipena | 1916ko maiatzaren 1a |
Kudeatzailea | Royal Navy |
Gatazka | Bigarren Mundu Gerra eta Lehen Mundu Gerra |
Kokapena | |
Koordenatuak | 58°55′51″N 2°59′00″W / 58.930794°N 2.983419°W |
Estatu burujabe | Erresuma Batua |
Herrialdea | Eskozia |
Uhartedi | Orkadak |
Ezaugarriak | |
Dimentsioak | 8,7 () × 27 () × 189,1 () m |
Erruna | 27 m |
Zingoa | 8,7 m |
Abiadura | 22 kn |
Autonomia | 7.000 nmi (10 kn) |
Armamentua | BL 15 inch Mk I naval gun (en) (8) BL 6 inch Mk XII gun (en) (12) Kanoi (8) Kanoi (16) |
HMS Royal Oak Britainia Handiko Royal Navyren Revenge-klaseko korazatua izan zen. 1914an uretaratu eta 1916an osatu zuten[1], eta Jutlandiako guduan erabili zen lehen aldiz. Bake-garaian, Atlantikoan eta Mediterraneoko eta Britainia Handiko jurisdikziopeko uretako flotetan izan zen, eta behin baino gehiagotan jasan zituen erasoak. Itsasontziak mundu mailako arreta erakarri zuen, 1928an goi-mailako ofizialak epaitu zituztenean, oso prozesu polemikoan. Bere ibilbideko hogeita bost urteetan Royal Oak modernizatzeko saioek ezin izan zuten abiadura falta konpondu, eta Bigarren Mundu Gerraren hasieran ez zegoen, jada, lehen borroka-lerroan.
1939ko urriaren 14ko gauean, korazatua Scapa Flowen ainguratuta zegoen, Orkadetako ainguraleku batean, Eskoziako iparraldean, U-47 itsaspeko alemaniarrak torpedoz eraso eta hondoratu zuenean. 1.234 tripulatzaileetatik 833 hil zen gau horretan edo zaurien ondorioz, horietatik asko adin-txikikoak. Korazatu zaharra galtzeak —Bigarren Mundu Gerran hondoratutako Britainia Handiko Itsas Armadako bost korazatu eta borroka-gurutzaontzietako lehena— ez zuen ia eraginik izan Ingalaterrako itsas armadaren eta haren aliatuen nagusitasunean, baina eragin nabarmena izan zuen gerra-garaiko moralean.[2] Erasoaren ondorioz, Alemaniako gerra-heroi ospetsu bihurtu zen U-booteko komandantea, Günther Prien korbeta-kapitaina, Kriegsmarineko itsaspeko lehen ofiziala Burdinazko Gurutzearen Zaldunen Gurutzea irabazi zuena. Britainiarrentzat, Royal Oaken aurkako erasoak erakutsi zuen alemanak gai zirela ontzigintzako gerra beren uretara eramateko, eta eragindako inpresioaren ondorioz berehala indartu zen portuetako segurtasuna.
Gaur egun, hogeita hamar metroko sakoneran dago korazatua, ia buelta emanda, eta kroskoa azaletik bost metrora baino ez du. Royal Oaken hondarrak gerra-hilerri deklaratuta daude, eta, galera gogoratzeko urteroko zeremonia batean, Royal Navyko urpekariek beren bandera ofiziala, Pabiloi Zuria edo San Jurgiren bandera jartzen dute ontziaren urpeko poparen gainean. Itsasontziaren hondarren artean urpekaritza egitea guztiz debekatuta dago baimen berezirik izan ezean.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez) Burt, R. A.. (2012). British Battleships of World War One. Naval Institute Press ISBN 978-1-59114-053-5. (Noiz kontsultatua: 2023-10-20).
- ↑ (Ingelesez) Snyder, Gerald S.. (1976). The Royal Oak Disaster. Kimber ISBN 978-0-7183-0005-0. (Noiz kontsultatua: 2023-10-20).