Haizeola
Haizeolak (agorrola eta jentilola izenarekin ere ezagunak) industria aurreko garaietako instalakuntzak ziren, k. a. XI. mendetik k. o. XV. mendera arte 2.000 urtez erabili izan zirenak. Bertan burdin mea eraldatzen zen, forjatzeko moduan utzi arte. Ez zuten energia hidraulikorik erabiltzen, geroago garatu ziren zeharrolek bezala.[1][2]
Arkeologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Munduko leku gehienetan, Burdin Aroa hastearekin batera hedatu ziren haizeolak: Europa inguruan k. a. 1200 urteko aztarnak aurkitu dira,[3] eta ekialdeko Afrikan k. a. 1000 ingurukoak.[4] Halere, Kantauri itsasbazterreko aztarna zaharrenak k. a. 500 urte ingurukoak dira (Basagain, Gipuzkoa).[5] EHUko arkeologia talde bat 1999an Euskal Herriko haizeolen katalogoa egiten hasi zen, eta 2018rako hainbat haizeola katalogatuak zituzten: Bizkaian 170, Gipuzkoan 150, Araban 25 eta Lapurdi eta Nafarroa Beherean 74 (Errobiko eta Aldudeko ibarretan era bateratuan egin da ikerketa). Katalogatutako labeen artean bada Europakoen aldean desberdina den labe mota bat: edalontzi baten formaduna, aho zabaleko ontzien itxurakoa, goiko aldetik kargatzen eta husten zena.[1]
Instalakuntza hauek aurkitzeko aztarna nagusia zepategiak izaten dira. Olagizonek, burdin totxoa eskuratu eta gero, zepa botatzen baitzuten, eta operazio honen ondorioz metaketa handiak sortzen ziren.[6]
Azken urteetan burdinaren ekoizpen esperimentalak egin izan dira teknika prehidraulikoak erabiliz; esperientzia hauetako batzuetan kalitate oso oneko emaitzak lortu dira.[7] [8][9] Iberiar Penintsulan, berriz, horrelako esperientzia gutxi egin dira: Foruan,[10] Katalunian[11] eta Sierra Meneran (Teruel).[12]
Euskal Herriko eremuari dagokionez, orain arte eskuragarri dauden erregistro arkeologikoak ez dira oso ugariak, baina erromatarren eta Erdi Aroaren artean mila urte baino gehiagoko espektro kronologikoa hartzen dute. Kontuan izan behar da Euskal Herriko antzinako ekoizpen metalurgikoa gutxitan aipatzen dela idatzizko iturrietan, eta hainbat historialarik gaia tratatu badute ere, mitoak eta apriorismoak nagusi izan direla.[13]
Txinara, haizeolen teknologia k. a. 800 urte inguruan ailegatu zen, Mendebaldetik ekarria. Modu bitxian, burdingintzak han garapen handia eta bizkorra izan zuen: hain zuzen ere, k. a. 500 urte inguruan labe garaiak bertan asmatu ziren, handik Mendebaldera hedatuz; XII. mendean teknologia hau Europaraino ailegatu zen (Lapphyttan), eta hurrengo mendeetan burdinolen bazterketa ekarriko zuen.[14]
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Haizeolen instalakuntza aire zabalean egiten zen, mendiko paraje isolatuetan. Labe bat edo gehiago eraikitzen ziren, eskuz erabiltzen zirenak.[15]
Labe hauek normalean zati bat lur azpian industuz egiten ziren, eta horren gainean metro bateko altuera eraikiz. Barne diametroa 40-70 zm ingurukoa zen. Hareharriz eta buztinez eraikitzen ziren, eta zenbait zulo izaten zituzten: alboko hormetan haizea sarrarazteko (tiroa), eta batzuetan barrenean zepa eta burdin belakia ateratzekoa (dama).[6]
Europako haizeola zaharrak txikiak ziren, labekada bakoitzean kg 1 inguru burdin ateratzen zuten.[16] XIV. mende hasieran hedatutako zeharrolek ekoizte-ahalmen handiagoa zuten.
Haizeoletan ekoizpen desberdinak lortzen ziren, karbono oso gutxiko burdinetik hasita, %0,2-1,5 karbonodun altzairuraino. Olagizonak karbono gutxiko burdin zatiak karburizatzen zituen, eta mailuarekin jotzen zituen xaflak eginez; prozesu honetan metal homogeneoa lortzen zuen, zepa gehiena kenduz. Prozesua behin eta berriro errepika zitekeen, lortu nahi zen altzairuaren kalitatearen arabera (ezpata bat egiteko, 15 bat bider).[17]
Prozesua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Haizeolan meatik burdin oxidoa ateratzen da erredox erreakzioaren bidez. Horrela, burdinaz eta zepaz osatutako burdin belakia deritzon gaia ekoizten da.
Haizeola erabiltzen hasi aurretik, mea eta egur ikatza prestatu behar da. Egur ikatzak beroa, eta aleazioak beharko duen karbonoa ematen du. Mea zati txikietan hautsi behar da, eta sutan txigortzen da, ahal denik eta hezetasun gehien kentzeko. Haizeoletako zepak burdin asko izan dezakeenez, batzuetan mearekin batera beste labekadaren bateko zepa ere txikitu eta birzikla daiteke.
Labea aldez aurretik berotzen da, egur ikatza errez. Berotutakoan, burdin mea eta ikatz gehiago sartzen dira, proportzio berdintsuan. Labean, ikatzaren konbustio partzialak ateratako karbono monoxidoak meako burdin oxidoak erreduzitzen ditu, burdin metaliko bihurtuz, mea urtu barik. Erraz forjatzeko moduko burdina lortzeko, karbono edukia txikia izan behar da; horregatik, tenperatura eta mea/ikatza proportzioa zaindu behar dira, burdinak karbono gehiegi hartu ez dezan, forjatu ezinezko arrabioa bihurtuz (burdinurtuak %2-4 karbono izaten du).
Era honetan sortutako burdin partikula txikiak labe barrenera erortzen dira, eta bertan zeparekin batzen dira, burdin belaki bihurtuz. Zepa hori kentzeko, belakia atzera berotu eta mailuarekin jotzen da. Era horretan forjatutako gaiari burdina gozo esaten zaio.[18]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b Ezkutuko ondarea |. (Noiz kontsultatua: 2019-08-11).
- ↑ (Gaztelaniaz) Cabezón, Xabier. «Haizeolak o ferrerías de monte» LEITZARAN (Noiz kontsultatua: 2021-07-21).
- ↑ (Ingelesez) Canton, 4575 Southway St SW; Oh 44706477-4511. History of Forging Techniques | Learn About Forging History at Canton Drop Forge. (Noiz kontsultatua: 2019-08-10).
- ↑ (Ingelesez) Collins, Robert O.; Burns, James M.. (2007-02-08). A History of Sub-Saharan Africa. Cambridge University Press ISBN 9780521867467. (Noiz kontsultatua: 2019-08-10).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Descubren junto al poblado de Basagain restos de la 'haizeola' más antigua de Euskadi» El Diario Vasco 2018-05-25 (Noiz kontsultatua: 2019-08-09).
- ↑ a b FRANCO PÉREZ, F. Javier (2011): Tras las huellas de los primeros ferrones. Estudio, protección y valorización del patrimonio paleosiderúrgico en Bizkaia en Arkeoikuska 2010
- ↑ SERNEELS, V. (1993) Archeometrie des escories de fer. Rechereches sur la siderurgie ancienne en Suisse occidentale, en Cahiers darcheologie romande, n.º 61. Lausanne.
- ↑ TYLECOTE, R.F. (1992): A History of Metallurgy. J. Iron Steel Inst., Londres.
- ↑ CIMA, M. (1991): Archeologia del ferro. Ed. Nautilus. Torino.
- ↑ MARTINEZ SALCEDO, A. (1992) Forua campaña 1991 en Arkeoikuska 1991. Vitoria.
- ↑ SANCHO I PLANAS, Marta. (1999):Homes, fargues, ferro i foc. Arqueologia I documentació per a l’estudi de la producció de ferro en época medieval. Barcelona.
- ↑ Coustures, Marie-Pierre; Ros, Carolina Villargordo; Rico, Christian; Cutando, Clemente Polo; Fabre, Jean-Marc. (2012). «Minería y siderurgia antigua en Sierra Menera (Teruel-Guadalajara). Nuevos avances de la explotación del hierro en época antigua (siglos II a. C. - II d. C.)» Minería y metalurgia antiguas: visiones y revisiones: homenaje a Claude Domergue, 2012, ISBN 978-84-96820-68-5, págs. 43-62: 43–62. ISBN 9788496820685. (Noiz kontsultatua: 2019-08-09).
- ↑ FRANCO PÉREZ, F. Javier (2008): Ferrerías de monte en los macizos de Ganekogorta, Beraskola y Oiz (Alonsotegi, Bilbao) en Arkeoikuska 2007, Vitoria.
- ↑ "The Earliest Use of Iron in China" by Donald B. Wagner in Metals in Antiquity, by Suzanne M. M. Young, A. Mark Pollard, Paul Budd and Robert A. Ixer (BAR International Series, 792), Oxford: Archaeopress, 1999, pp. 1–9.[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ FRANCO PÉREZ, F. Javier (2007): Nuevas propuestas de prospección arqueológica en la región cantábrica: el caso de las ferrerías de monte de Bizkaia, en Territorio, Sociedad y Poder. Ed. TREA, Oviedo. Pp.37-52.
- ↑ Temin, Peter; Fisher, Douglas Alan. (1965). «The Epic of Steel.» The Economic History Review 17 (3): 627. doi: . ISSN 0013-0117. (Noiz kontsultatua: 2019-08-10).
- ↑ Williams, Alan R.. Methods of manufacture of swords in medieval Europe. PMC 1006274591. (Noiz kontsultatua: 2019-08-10).
- ↑ «Eindhoven Smelt Report» iron.wlu.edu (Noiz kontsultatua: 2019-08-09).