Jesus Abrego
Abrego I.a eta Arroizko magoa | ||||
---|---|---|---|---|
Abrego, ezkerrean, eta Salsamendi III.a 1944an | ||||
Izen osoa: | Jesus Abrego Narbarte | |||
Jaiotza data: | 1910eko martxoaren 7a | |||
Jaioterria: | Arroitz ( Nafarroa) | |||
Heriotza data: | 1997ko martxoaren 6a (86 urte) | |||
Heriotza herria: | Donostia ( Gipuzkoa) | |||
Pilotaria | ||||
Modalitatea: | Erremontea | |||
Postua: | Aurrelaria | |||
Debutatze data: | 1924eko abenduaren 1a | |||
Debutatze pilotalekua: | Euskal Jai | |||
Erretiratze data: | 1951 |
Jesus Abrego Narbarte (Arroitz, 1910eko martxoaren 7a - Donostia, Gipuzkoa, 1997ko martxoaren 6a), pilota arloan Abrego I.a deituraz eta Arroizko magoa goitizenaz ezaguna, nafar erremontista izan zen. [1][2][3][4]
1924an, 14 urte besterik ez zuela, profesional bilakatu zen, hain zen dohatsua erremonterako. 1944an buruz buruko txapelketa lortu zuen. 1930 eta 1940ko hamarkadetan erremontistarik hoberena izan zen, zenbaiten ustez historiako hoberena ere.[5] Partida gehienak Madrilgo Recoletos, Donostiako Urumea eta Iruñeko Euskal Jai pilotalekuetan jokatu zituen.
Gorputzez handia ez bazen ere, pilotari indar handia ematen zion. Esaten zuten pilotalekuaren kanpo aldetik nabaritzen zela Abregok noiz jokatzen zuen, pilotak paretan ateratzen zuen zaratagatik. Horrez gain hanka azkarrak eta posturak ondo dominatzen zituenez, urte askotan erremontean nagusi izan zen Jesus Abrego.[2]
Ibilbidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arroitzen jaio zen 1910eko martxoaren 7an, Lizarratik gertu. Altaren pilota zaletasuna jaso zuten berak eta bere bi anaiek. Hirurak erremontistak izan ziren: Jesusez gain, Jose Mari Abrego, Abrego lIa , eta Julio Abrego, Abrego III.a. Jesus atzelaria, beste biak aurrelariak. Hiru mutilen aita artekaria zen Iruñeko Euskal Jai pilotalekuan. Aitak etxera eramandako saskiarekin hasi ziren mutilak erremontean jokatzen.[2]
Jesus Abrego berehala nabarmendu zen. 13 urterekin jokatu zuen bere lehen partidu garrantzitsua. Lizarran izan zen, Arzeren aurka, eta Jesusek irabazi zuen. 14 urterekin, 1924ko abenduaren 1ean, Euskal Jai pilotalekuan debutatu zuen. Olague zen bere bikotekidea eta Mendoza-Santamaria aurkariak. Galdu egin zuen lehen partida hori, zortzi joko zazpiren aurka.[2]
Orduan jokotara jokatzen ziren partidak. Abregok goraka egin zuen etengabe. Handik gutxira 1925eko Sanferminetan, ordura arte Abregok miresten zuen Jose Irigoien Nafar lehola-ren aurka jokatu zuen. 9-4 galdu zuen lehen partidu hartan, baina denbora gutxi barru 9-1 irabazi zuen Jose Irigoienen aurka.[2]
16 urterekin, 1926an, Donostiako Egia auzoan zegoen Pilotaleku Modernora joan zen. Frontoi berrira ohitzera kosta egin zitzaion hasieran, baina berehala ohitu zen eta bertako izarra bihurtu zen. Garai hartan, 1927an, lortu zuen bere lehen Espainiako txapelketa.[6] Donostiatik Madrilera joan zen eta han urteak egin zituen. 1944an lortu zuen bigarren aldiz Espainiako Txapelketa irabaztea. Orduan, bere karrerako momenturik onenean zegoen José Mari Salsamendi, Salsamendi Illa, menperatu zuen. 1951an erretiratu zen Jesus Abrego.[2]
Buruz buruko txapelketaren finalak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Urtea | Txapelduna | Txapeldunordea | Emaitza | Pilotalekua |
---|---|---|---|---|
1927 | Abrego | |||
1944 | Abrego[4][6] | Salsamendi III.a | Urumea[7] |
Sariak eta omenaldiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1992: Bilboko Deportivon ospatu zen Pilota egunean, partiden arteko atsedenaldian omenaldia jaso zuten lau pilotari ohiek. Jesus Abrego erremontista, Arriaran II esku hutsezko pilotari, Begoñes VII palista eta Alex Sorozabal zestapuntistari Euskadiko Pilota Federazioaren ‘Urrezko Intsignia’ ezarri zieten.[8]
- 1967: Jesus Abrego, Arano II.a eta Atano III.a pilotariek kirol merezimenduaren domina jaso zuten.[9]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ X.M.. (1992-02-21). «Pilotari eguna ekitaldiz gainezka» Euskaldunon Egunkariaren hemeroteka. 1990-2003. (berria.eus) (Noiz kontsultatua: 2023-10-28).
- ↑ a b c d e f Ugalde, Aitor. (1997-03-08). «‘Arronizko magoa’ joan da» Euskaldunon Egunkariaren hemeroteka. 1990-2003. (berria.eus) (Noiz kontsultatua: 2023-10-28).
- ↑ «Pertsonaia: Abrego Narvarte, Jesús. Pelotari remontista.» www.kutxateka.eus (Kutxateka) (Noiz kontsultatua: 2023-10-28).
- ↑ a b «Pilota. Espainiako erremonte-txapelketako finala: Salsamendi III.a eta Abrego I.a aurrez aurre, Urumea pilotalekuan. (1944) // Pelota. Final de campeonato de España de remonte entre Salsamendi III y Abrego I en el frontón Urumea.» www.kutxateka.eus (Kutxateka) (Noiz kontsultatua: 2023-10-28).
- ↑ «La magia nació en Arróniz» Noticias de Navarra 2010/03/07.[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ a b Martin, Vicente. (1944-09-28). «Argazkia. Pilota. Pilota-hautaketa eta partida Espainiako erremonte-txapelketako finalean: Salsamendi III eta Ábrego I, Urumea pilotalekuan. 1944-09-28» www.kutxateka.eus (Kutxateka) (Noiz kontsultatua: 2023-10-28).
- ↑ «ABREGO NARVARTE, Jesús - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2023-10-28).
- ↑ X.M.. (1992-02-21). «Pilotari eguna ekitaldiz gainezka» Euskaldunon Egunkariaren hemeroteka. 1990-2003. (berria.eus) (Noiz kontsultatua: 2023-10-28).
- ↑ «Pilota. Arano II.a, Jesús Abrego eta Atano III.a pilotariak frontoian, kirol merezimenduaren dominak eman aurretik (1967, 30 argazki) // Pelota. Los pelotaris Arano II, Jesús Abrego y Atano III en un frontón antes de entregarles las medallas al merito deportivo.» www.kutxateka.eus (Kutxateka) (Noiz kontsultatua: 2023-10-28).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- «Pilota. Espainiako erremonte-txapelketako finala: Salsamendi III.a eta Abrego I.a aurrez aurre, Urumea pilotalekuan. (1944) // Pelota. Final de campeonato de España de remonte entre Salsamendi III y Abrego I en el frontón Urumea.» 35 argazkiko erreportaia Vicente Martin, Photo Carte. www.kutxateka.eus (Kutxateka)
- «Pertsonaia: Abrego Narvarte, Jesús. Pelotari remontista.» www.kutxateka.eus (Kutxateka)
- Historia de la Pelota en Navarra. Diario de Navarra ISBN 84-89103-38-0..