Jon Gisasola (Begoñes VII.a)
Begoñes VII.a | ||||
---|---|---|---|---|
Izen osoa: | Jon Gisasola | |||
Jaiotza data: | 1935eko apirilaren 4a | |||
Jaioterria: | Begoña, Bilbo ( Bizkaia) | |||
Heriotza data: | 2000 (76 urte) | |||
Heriotza herria: | Bilbo ( Bizkaia) | |||
Pilotaria | ||||
Modalitatea: | Pala | |||
Postua: | Aurrelaria | |||
Debutatze pilotalekua: | Euskalduna pilotalekua |
Jon Gisasola (Zabalbide, Begoña, Bilbo, 1935eko apirilaren 4a - ib., 2000) pilota arloan Begoñes VII.a deituraz ezaguna, bizkaitar palista izan zen. [1][2][3][4]
Garai historikoa: frontoiaren eta pala-jokoaren sorrera eta arrakasta
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Antzina, pilotalekuak belar soroak (soropil edo pilota soro izenekoak) ziren, hormarik gabe. Orduan joko bakarra errebotea izaten zen, luzeko pilota jokoa; hau da, luzean jokatzen zen beti, plaza batean bi talde aurrez aurre jarrita eta pilota alde batetik bestera jaurtiz. Pilota xisteraz jotzen zen; geroago herriko "plazak" erabili ziren, oraindik hormarik gabe; eta, gaur egun, pilotaleku gehienek horma bat, bi edo hiru dituzte (gutxienez alde bat paretarik gabe dutela). Bi horma dituen frontoia (ezker pareta) XIX. mende bukaerako berrikuntza izan zen.[5][6][7] Orduan sortu zen, esate baterako, Jai Alai Izena hartu zuen lehenengo frontoia, Donostian. Orduan sortu zen Zabalbideko frontoia, eta orduan asmatu ziren eskuz nola palaz, xisteraz (zestaz) edo erremontean jolasteko modalitateak. Arau sinpleagoak asmatu ziren jolasteko modu berrietarako. Bilbo inguruan pala-jokoak arrakasta handia lortu zuen, errazago zen-eta ikusle asko jokalariengatik gertu biltzea, eta Begoñako pilotari-dinastia honek ekarpen handiak egin zituen jokoaren garapenean.
Zabalbideko frontoirako joera handia eduki zuten hala matzorriek (mahatsorriek, begoñarrek) nola txinboek (bilbotarrek). Azken horiek Zazpikaleetatik igotzen ziren pilotan edo bolotan olgatzera eta Anton Gisasolaren txakolina eta sagardoa edatera. XX. mendearen lehenengo herenean hamaika mitin egin zituzten bertan, batez ere ezkerreko indarrek (sozialistek eta komunistek). Frontoia Gerra Zibilaren ostean eraitsi zuten.[1]
Begoñako "Begoñes" palista begoñarrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Begoñés ezizena erabili zuen Begoñako pala jokalari multzo batek, denok elkarren senide. Lehenengo lauak anaiak izan ziren (Juan, Miguel, Rafael eta Higinio Gisasola Bilbao) eta ondoren Higinioren semeek eman zioten segida leinuari. Familiak Zabalbideko frontoi ospetsuarekin lotura estuak eduki zituen, nahiz eta karrera profesionalak Bilbon, Madrilen, Habanan edo Mexikon egin zituzten.[1]
Familiaren pilotazaletasuna Juan de Matarekin hasi zen. Bera zen Zabalbideko frontoietako baten ugazaba. Bigarren Karlistaldiaren ostean gerran jasandako kalte handiak konpondu eta berriro jarri zuen erabilgarri (1879). Pilotalekuaren ardura suhi Anton Gisasolaren eskuetan laga zuen. Horrek estalkia jarri zion (1896-98). Artean frontoia ez ezik, bolatokia eta txakolindegi ospetsua zen. Orduko pilotaleku berrien aldean laburra zen Zabalbidekoa, beren-beregi esku pilotan jokatzeko egokia. Bertan trebatu ziren Antonen lau seme, bera eta aitita maisu zituztela.[1]
Anaietan zaharrena, Juan Gisasola, Begoñés I.a (1890-1958), hamabost urterekin hasi zen profesional modura Bilboko Euskalduna pilotalekuan. Berehala bihurtu zen bertako izar nagusietako bat, pilotari bikaina baitzen hala eskuz nola palaz, xisteraz (zestaz) edo erremontean. Hala ere, bere espezialitatea pala zen. Adituek diotenez, hari zor zaizkio pala joko modernoaren hainbat gako: pilotaren kolokazioa, tresnaren forma eta pisuaren garrantzia, sotamanoa erasorako baliatzea, erreboteko pilotak itzultzea… Arrakastaren eskutik, Bizkaiko hiriburuan ez ezik, Madrilen –garai hartan plaza garrantzitsua zen pilota munduan: Jai Alai, Recoletos…-, Habanan eta, batez ere, Mexikon aritu zen hainbat urtez (18), 35 urterekin (1930ean) erretiroa hartu zuen arte. Diru asko egin zuen frontoietan, baina ‘dagoenean bonbon’ filosofiaren jarraitzaile sutsua zenez, gehiena arin-arin xahutu zuen.[1]
Gainerako anaietan karrerarik onena Rafaelek (Begoñés III) egin zuen. Horrek ere hamabost urterekin debutatu zuen eta egundoko etekina atera zion anaia guztien ezaugarri zen eskumuturraren mugimenduari. Bilbon jokatu ondoren, Madrilen eta Mexikon aritu zen, azken horretan anaia Juanekin batera. Egia esanda, oro har lau anaiak sarritan jokatu zuten binaka elkarrekin, arrakasta handiaz.[1]
Migelek (Begoñés II) ere Bilbon, Madrilen eta Habanan jokatu zuen.
Lau anaietako txikiena zen Higinio Gisasolak anaiek baino karrera apalagoa egin zuen, baina haren semeak izan ziren dinastiari jarraipena eman ziotenak: Jesús (Begoñés V),[8] Iñaki (Begoñés VI) eta Jon (Begoñés VII). Denak palan aritu ziren palari profesional gisa Euskaldunan, Deportivon, Madrilen…[1]
Denborarekin Begoñés VII.a izango zen dinastiako palista onenetako bat.[9] Euskadiko Pilota Federazioak ‘Urrezko Intsignia’ ezarri zion 1992an.[2] Bilboko Deportivo Pilotalekuak, pala-partidak ondo antolatu nahi izan zuenean, Madrilgo Recoletosera bidali zuen pertsona bat misio bakar batekin: Begoñes VII.a fitxatzea. Garai hartan mitikoa zen palistak erantzun zien Deportivon jokatuko zuela, bai, baina baldintza batekin: bere anaia Begoñes VI.a fitxatzea, Bartzelonako Kolon pilotalekuan jokatzen baitzuen. Biak mugitu ziren Bilbora, palista gehiago fitxatu ziren eta arrakasta hura gorantz hasi zen.[10]
Sariak eta omenaldiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1992: Bilboko Deportivon ospatu zen Pilota egunean, partiden arteko atsedenaldian omenaldia jaso zuten lau pilotari ohiek. Begoñes VII palista, Jesus Abrego erremontista, Arriaran II esku hutsezko pilotari eta Alex Sorozabal zestapuntistari Euskadiko Pilota Federazioaren ‘Urrezko Intsignia’ ezarri zieten.[2]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d e f g Ortega, Hektor. «Bilbaopedia - Begoñés pilotariak» www.bilbaopedia.info (Noiz kontsultatua: 2023-10-28).
- ↑ a b c X.M.. (1992-02-21). «Pilotari eguna ekitaldiz gainezka» Euskaldunon Egunkariaren hemeroteka. 1990-2003. (berria.eus) (Noiz kontsultatua: 2023-10-28).
- ↑ Pelota a pala. (2010-01-14). Jon Gisasola eta eta Jon Agirrebengoa. Facebook.
- ↑ «BEGOÑESES - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2023-10-28).
- ↑ Carballo Ostolaza, Daniel. (2017-09-25). Implantación del juego de pelota en los centros históricos. Grados de implantación del juego en la arquitectura. (Noiz kontsultatua: 2023-10-28).
- ↑ Carballo Ostolaza, Daniel. (2015). «Pilota jokoaren desagerpena espazio publikotik, jokoa pribatua bihurtzen denean: pilota jokoaren ezarpen mailak arkitekturan» Aldiri: arkitektura eta abar (23): 49–53. ISSN 1889-7185. (Noiz kontsultatua: 2023-10-28).
- ↑ (Gaztelaniaz) pelota-vasca, Publicado por blog de. Blog de José Javier Albisu Pérez. (Noiz kontsultatua: 2023-10-29).
- ↑ (Gaztelaniaz) Fonseca, Joseba. (2006-10-12). «Fallece el último de los 'Begoñés'. La muerte de Jesús Guisasola, el quinto de la saga, cierra una página de oro en la historia de la modalidad» Mundo Deportivo.
- ↑ Pelota a pala. (2010-01-14). Jon Gisasola eta eta Jon Agirrebengoa. Facebook.
- ↑ (Gaztelaniaz) Vico, Igor G.. (2012-10-14). «"Esto no puede ser"» Diario de Noticias de Navarra (Noiz kontsultatua: 2023-10-28).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- AROCENA, A: El frontón de Zabalbide y los Begoñés. Vida Vasca aldizkaria. Bilbo. 1954. 31 zkia. 194-195; ALVAREZ, M: Bizkaitar entzutetsuen galeria. Kirolariak, artistak, idazleak. Euskal Museoa. Bilbo. 2013.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Gaztelaniaz) Pelota-vasca. CAPITULO I: Breve-historia de la pala dedicado a los amantes del "leño", Blog de José Javier Albisu Pérez. (Noiz kontsultatua: 2023-10-29).