Johann Pachelbel
Johann Pachelbel | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Johann Pachelbel |
Jaiotza | Nurenberg, 1653ko irailaren 1a |
Herrialdea | Alemania |
Heriotza | Nurenberg, 1706ko martxoaren 3a (52 urte) |
Hobiratze lekua | St. Rochus Cemetery (en) |
Familia | |
Seme-alabak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Heziketa | University of Altdorf (en) |
Hizkuntzak | alemana |
Irakaslea(k) | Heinrich Schwemmer (en) Georg Caspar Wecker (en) |
Ikaslea(k) | ikusi
|
Jarduerak | |
Jarduerak | musikagilea, organista eta irakaslea |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Mugimendua | musika barrokoa |
Genero artistikoa | fuga kanona chaconne (en) musika klasikoa |
Musika instrumentua | organoa |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | Luteranismoa |
| |
Johann Pachelbel (/paˈxɛlbəl/ ahoskatua) (Nurenberg, 1653ko abuztua - ib., 1706ko martxoaren 3a) musika-konposatzaile eta organo-jotzaile alemaniarra izan zen. Garai barrokoan kokatzen da eta Johann Sebastian Bach baino belaunaldi bat zaharragoa da. Izatez, haren aitaren laguna izan zen. Haren lanen artean ezagunena Kanona Re maiorren da, hiru biolin eta baxu jarrairako idatzia eta grabazio askotan jasoa.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pachelbel Nurenbergen jaio zen eta 1653ko irailaren 1ean bataiatu zuten. Jaioterrian hil zen, 1706ko martxoaren 3an. Handik sei egunera hilobiratu zuten. Organo-jotzaile, klabizenbalo-jotzaile eta konposatzaile ezaguna izan zen.
Txikitan jaso zituen lehenbiziko konposizio- eta interpretazio-ikasgaiak Heinrich Schwemmer-en eta Georg Kaspar Wecker-en eskutik. San Lorenzoko Akademian ikasketak egindakoan, 1669an, Altdorf-eko unibertsitatean sartu zen. Eskolak hartzen zituen bitartean, organo-jotzaile lanak ere egiten zituen baina, familiaren ekonomia-egoera zela eta, ezin izan zuen unibertsitatean segitu: urtebete besterik ez zuen egin bertan. Itxura denez, 1670eko udaberrian edo, Ratisbonako eskola poetikora hurbiltzen hasi zen eta Kaspar Prentz-en eskola partikularretara joaten: horrela, garaiko italiar konposatzaile handien berri egin zuen.
Prentz-en eraginez, Vienara aldatu zen 1673an, San Estebanen katedralean ordezko organo-jotzaile postua hartuta. Handik lau urtera Eisenacheko gorteko organo-jotzaile izendatu zuten, Johann Georg printzearen zerbitzuan. 1678ko ekainean Erfurteko eliza protestanteak kontratatu zuen. Han bertan ezkondu zen Barbara Gabler andrearekin 1681ean, baina bi urteren buruan alargundu zen, emaztea eta semea izurri baten ondorioz hil baitziren. Handik urtebetera, 1684an, berriz ezkondu zen Judith Drommer-ekin. Bigarren ezkontza hartatik bost seme eta bi alaba izan zituzten; horietatik bi musikari izan ziren: Wilhelm Hieronymus eta Carl Theodorus.
1690ean Stuttgart-etik deitu zioten, Württemberg-en gortetik, musikari eta organo-jotzaile kargua har zezan, baina 1692an, handik alde egin behar izan zuen, frantsesen inbasioagatik. Nurenbergera itzuli zen eta Turingiako Gotha hiriko organo-joltzaie izendatu zuten. Haren maisu Wecker hil zenean, 1695ean, haren organo-jotzaile kargua eman zioten Nurembergeko San Sebaldon, eta han segitu zuen hil artean.
Lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pachelbel musika-lan askoren egilea da. Horien artean nabarmentzekoak dira organorako egin zituen konposizioak (preludioak, tokatak, fugak...), lied espiritualak, klabizenbalorako hainbat pieza, esaterako Hexachordum Apollinis, hainbat koral, zenbait meza, motete, kantata, fantasia eta Magnificat. “Cantabile” estiloan (ahotsetan erregulartasuna, harmonia eta erritmoa) maisu izan arren, bere musika, bai instrumentala eta bai bokala, ahantzita gelditu zen bera hil ondoren eta ez zen errekuperatu XIX. mendearen lehen erdira arte. Franz Commer-ek haren organo-obraren parte bat argitaratu zuen. 1901ean haren Magnificat eta 95 fugak argitaratu ziren eta geroago klabizenbalorako konposizio asko ere argitaratu ziren.
Oso ezaguna da haren Kanona Re maiorren: ezkontzetan-eta maiz erabiltzen da.
Bitxikeria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Pachelbelek Bach familiarekin harremana izan zuen. Johann Sebastian Bach-en anaia J. Christoph-en maisua izan zen eta arreba baten aitapontekoa.