Koronelen diktadura
Βασίλειον τῆς Ἑλλάδος Basíleion tís Elládos (1967–1973) Heleniar Errepublika Ἑλληνικὴ Δημοκρατία Ellinikí Dimokratía (1973–1974) | |||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|
Diktadura militarraren mendeko monarkia konstituzionala (1967-1973) Diktadura militarraren mendeko errepublika (1973-1974) | |||||||
| |||||||
Geografia | |||||||
Historia | |||||||
Apirilaren 21eko estatu kolpea | 1967ko apirilak 21 | ||||||
Errepublikaren adierazpena | 1973ko ekainak 1 | ||||||
Metapolitefsia | 1974ko uztailak 24 | ||||||
|
Koronelen diktadura edo Koronelen junta (grezieraz: καθεστώς των Συνταγματαρχών, kathestós ton Syntagmatarchón) eskuin muturreko junta militar autoritarioa izan zen, 1967-1974 bitartean Grezian agindu zuena.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1967ko apirilaren 21ean, maila handiko greziar militar batzuek estatu-kolpea jo zuten, maiatzaren 28ko hauteskundeetan ezkerreko hautagaiak garaile atera ez zitezen. Herrialdea "komunismotik babestea" izan zen haien aitzakia.[1] Kolpearen burua Georgios Papadopulos koronela izan zen. Militarrek Atenasko gune estrategiko nagusiak hartu zituzten, eta politikari garrantzitsuenak atxilotu. Ondorengo egunetan milaka pertsona jazarriak eta atxilotuak izan ziren, bai politikari nabarmenak, bai ezkerreko herritar arruntak.[2] Errege-familia Italiara erbesteratu zen.
Ondorengo zazpi urteetan eskubide zibilak arrunt murriztuak izan ziren. Hauteskunde libreak ezabatu ziren eta manifestazioak eta grebak debekatu; Elizako bilerak bakarrik zeuden baimenduak. Adierazpen-askatasuna desagertu zen, eta zentsura-arau zorrotzak ezarri zitzaizkien hedabideei. Beldurra eta zapalkuntza hedatu ziren gizartean: aurkari politikoak eta giza eskubideen aldeko ekintzaileak atxilotu, torturatu, espetxeratu edo Egeoko urruneko uharteetara deportatu zituzten.[2][1][3]
Atzerrian bizi ziren greziar politikari, intelektual, artista eta akademikoek salatu zuten Greziako diktadura gupidagabea. Herrialde batzuek ez zuten onartu Koronelen erregimena, eta 1969an Grezia egotzia izan zen Europako Kontseilutik. Bestalde, bai erbestean, bai herrialde barnean, diktaduraren aurkako erresistenzia antolatuz joan zen. Batzorde militarraren kontrako lehenbiziko ekintza armatua 1968ko abuztuaren 13an gertatu zen, Alexandros Panagulis Georgios Papadopulos hiltzen saiatu zelarik, baina huts egin zuen.[2]
1973an, unibertsitateko ikasleak mobilizatzen hasi ziren Koronelen erregimenaren aurka. Azaroaren 14an, Atenasko Zuzenbide Eskolan manifestatu ziren eta Eskola Politeknikoaren eraikinean, Polytechneio-n, sartu. Gauean poliziak instalazioak uzteko eskatu zien, baina ikasleek eraikina okupatzea erabaki zuten. Azaroaren 16rako, protesta egitera joandako pertsonez beterik zeuden, bai Polytechneio-a, bai inguruak. Horiek horrela, agintariek Armada igorri zuten campusera. Biharamun goizaldean, tanke batek eraikineko atea eraitsi zuen, eta soldaduak tiroka sartu ziren barnera.[4] Gutxienez 40 zibil hil ziren Politeknikoko altxamenduan, eta milaka zauritu.[oh 1]
1973ko azaroaren 25ean, Atenasko Unibertsitate Politeknikoko matxinada gertatu eta egun gutxira, Dimitrios Ioannidis brigadierrak estatu-kolpea jo zuen Georgios Papadopulos eta Spyros Markezinis agintetik kentzeko. Diktadore berriaren erregimena are gogorragoa izan zen. 1974ko uztailaren 15ean, Makarios III.a Zipreko presidentearen aurkako estatu-kolpea sustatu zuen, Grezia eta Zipre bateratzeko helburuarekin. Erantzun gisa, bost egun geroago Turkiak uhartearen iparraldea inbaditu zuen. Azkenik, Koronelen junta 1974ko uztailaren 24an erori zen.[4]
Oharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Politeknikoko altxamenduko biktimen kopurua ez da oraindik argitu. Identifikatutako hildakoak 24 dira, baina denera 40 baino gehiago izan zitezkeen.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b The military junta in Greece (1967-1974). meetinthessaloniki.eu (Noiz kontsultatua: 2021-12-15).
- ↑ a b c Chrysopoulos, Philip. April 21st, 1967: Greek Junta Places Country in Shackles. Greek Reporter, 2021eko apirilak 21, greekreporter.com (Noiz kontsultatua: 2021-12-15).
- ↑ 1974: Greek military rule gives in to democracy. BBC: On this day, news.bbc.co.uk (Noiz kontsultatua: 2021-12-15).
- ↑ a b Kokkinidis, Tasos. Athens Polytechnic Uprising: How Brave Students Rebelled Against the Junta. Greek Reporter, 2021eko azaroak 17, greekreporter.com (Noiz kontsultatua: 2021-12-15).