Edukira joan

Madriletik Zaragoza eta Alacanterako Burdinbide Konpainia

Hau artikulu on bat da. Egin klik hemen informazio gehiagorako.
Wikipedia, Entziklopedia askea

Compañía de los ferrocarriles de Madrid a Zaragoza y Alicante
MZAren logoa Aranjuezko geltokiko azulejuetan.
AkronimoaMZA
MotaSozietate anonimoa
SektoreaBurdinbideak
Sorrera1856ko abenduaren 31 (1857ko urtarrilaren 10a)[1]
SortzaileaJosé Salamanca;
Rothschild Sozietatea
Desagerpena1941eko uztailaren 21a*[2]
EgoitzaMadril (Espainia)
MerkatuakEspainia
Langileak12.000 inguru
Oharrak(*) RENFEn nazionalizatu zen.
Kronologia
MZA RENFE

Madriletik Zaragoza eta Alacanterako Burdinbide Konpainia (laburki MZA; gaztelaniaz, jatorriz, Compañía de los Ferrocarriles de Madrid a Zaragoza y Alicante) Espainiako burdinbide konpainia bat izan zen, 1856an eratua eta Norteko Konpainia lehiakidearekin batera Estatuko burdinbideen sektoreko enpresa handienetariko bat.

1855eko Burdinbideen Lege berantetsiarekin batera, burdinbideen negozioaren lasterketa abiatu zen Espainian. Nazioarteko taldeek berehala sartu zuten muturra Frantziatik hedaturik. Pereire anaiek agertu zuten lehenik burdinbide-esleipenak eskuratzeko interesa eta, James Rothschild tokiz kanpo harrapatuta, 1856ko otsailean eskuratu zuten Norteko trenbidea deitu zenaren Valladolid-Burgos tartearen esleipena.[3] Pereiretarrek, beren ahaleginari babesa emateko, Crédito Mobiliario finantza-plataforma sortu eta legeztatu zuten.

Hori ikusita, James Rothschildek eta bere agenteek jite bereko SEMI (Sociedad Española Mercantil e Industrial) sortu zuten. López-Morellen iritziz, ordea, ekimen horren atzean ez zegoen burdinbide, finantza edo industriako egitasmorik finantzatzeko nahirik, Madrilen Pereiretarrak eta Crédito Mobiliario politikoki bakartzeko asmoa baizik. Horretarako, Rothschild finantzaria sozietate horretan Madrilgo finantza munduko pertsonaia ezagunez inguratu zen.[3]

Konpainiaren MZA 668 lokomotora, 1920 aldera.
Madrilgo Atotxako geltokia, MZAren boterearen ikur bihurtua.

José Salamanca malagar enpresaburuak Madril-Almansa linearen esleipena eskuratua zuen. Charles de Morny dukearen eta Pariseko Rothschilden arteko itun harrigarri baten bitartez, tarte hori Salamancari erosi zioten, 170.000 libera kilometroko ordainduta (15.980.000 libera guztira)[4] eta, Espainiako burdinbide-sareko linea nagusiak eskuratzeko ahaleginean, orain nahitaezkoa ikusi zuten Alacanterako linea Zaragozakoarekin batera eskuratu eta uztartzea. Mornyko dukearen (Grand Central) eta rothschildarren arteko itunaren barruan, ordea, konfiantza eskasa zen (Charles de Morny Crédit Mobilierreko kidea zen Parisen).

Rothschildarrek, Grand Centraleko ordezkari eta interesatu txikiagoekin hitzarmen batera helduta, esleipena eskuratu zuten, eta burdinbidea eraikitzeko sozietate bat eratu: MZA.[5][oh 1] Legez, 1856ko abenduaren 31n eratu zen, 10 egun ondoren gobernuaren erabakiz izena aldatu zioten arren. Sozietate berriak 114 milioi liberako hasierako kapitala izan zuen, 500 liberako 240.000 akzioetan zatituta.[6]


« Lehendabiziko linea handiak eraikitzen dituenak eramango ditu Espainiako negozio handiak. »

—James Rothschild[7]


Funtzionamendua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zuzendaritza-egitura berezi bat eman zitzaion, beti sozietatearen sortzaileen eskuetan gera zedin bermatzeko: triangelu formakoa. Hanka bat Madrilgo egoitzako administrazio-kontseilu batean zuen, beste bat SEMIn eta azkenekoa Pariseko Rothschild etxeko zuzendaritza-kontseiluan. Azken honek zuen benetan ahalmen betearazlea, bertan diseinatzen zen finantzen kudeaketa, hazkunde-estrategia, baita konpainiarentzako material erosketa kudeatzen ere; izan ere, Madrilgo administrazio-kontseiluak baiezkoa eman ohi zien Pariseko batzordearen erabakiei[8].

Madrilgo kontseilukide izanik ere Pariseko batzordekoak zirenak inoiz ez ziren joaten Madrilera eta haien ordezkaritza eskuordetzen zuten. Gainerako kideak madrildar politikari eta finantzari ospetsuak ziren, hala nola, Espainiako Bankuko kontseilariak, etab. Charles de Mornyk zuen ohorezko presidentetza, Pariseko Grand Centralen hondamenditik egindako ihesaldia mozorrotzeko modutzat jo izan dena.[8].

MZA eragin handiko konpainia izan zen Espainian. Espainiako Elisabet II.a erreginaren garaitik eta Canovas del Castilloren Berrezarkuntza osoan, sarritan izan ziren Espainiako gobernuko arduradunak MZAko zuzendaritza-kontseiluko kideak kargua utzitakoan eta alderantziz, rothschildarren Madrilgo Agentziarekin harreman estuan (Bauer, Weisweiler, etab.), eta tartean zeuden posizio desberdinetako politikariak: Espainiako progresistak, moderatu deitutakoak eta kontserbadoreak.[9][oh 2]

1855eko Burdinbideen Legeko arduradun tekniko nagusia, ospe handiko Cipriano Segundo Montesino, MZAren eguneroko gorabeherei aurre egitearen arduradun bihurtu zen.[10] Ignacio Bauer izan zen nazioarteko finantzari-familiaren Madrilgo agentziako gizon ahaltsuena MZAren zuzendaritza-kontseiluan, eta 30 urtez izan zen bertako kontseilukide ordezkaria, baita burdinbide-gaien eta negoziazio politikoen arduraduna ere. Bestalde, MZAk itzal handieneko Madrilgo abokatu-bulegoak erabili zituen, adibidez, Manuel Cortina abokatua (Madrilgo Abokatu Elkargoko dekanoa), konpainiaren sorrera-unetik bertatik.[10].

Konpainiaren 1899ko akzio bat

Aldude eta burdinbide sarearen lehia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zaragozako Campo Sepulcro, MZAren geltoki izandakoa
MZAren sarea gorriz (1921)

Zaragozako eta Alacanteko lineak eskuratuta, MZAren hurrengo urratsa Pirinioetara heltzea izan zen. Artean 1856an, ez Pereire anaiek, ez MZAk, ez zuten galdu Espainiako burdinbide-sare osoa eskuratzeko esperantza[11]. Hiru aukeraren artean, bideragarriena Aldudetik Baionara heltzea izan zen, are Jose Manuel Collado SEMIko kide sortzaile bat Sustapen Ministerioan zebilenean (1856ko uztaila-urria), baina O'Donellen gobernuak baztertu egin zuen aukera hori, hurrengo gobernuek ere uko egin zioten eta, 1857an, O'Donellen Espainiako gobernuak berriz errefusatu zuen eskaera.

Trukean, MZAko Rothschildarrak Espainia hegoaldeko linea nagusia bereganatzen saiatu ziren, Despeñaperroseko erliebearen eta dentsitate demografiko txikiko eremua izatearen erronka ere tartean. Linea eskuratzeko enkantean, Eugène Péreirek (Mobiliario) penintsula banatzeko proposamena egin zien, baina James Rothschilden Weisweiller eta Bauer agenteek ezezko borobila eman zioten. Garesti ordainduta, MZAk Kordoba arteko linea eskuratu zuen. Era horretan, MZAk Madrileko sarbideak hiru puntu kardinaletatik eskuratu zituen[12].

Espainia hegoaldearen jaun eta jabe

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1863an, Rothschildarrek presioa erabili zuten (konexioko burdinbideen tarifak igoz) Zaragoza-Bartzelona Konpainia bereganatu ahal izateko, baina ezustean, azken hau José Salamanca enpresaburuaren Zaragoza-Iruñea Konpainiarekin bateratu zen eta, 1865ean, Zaragoza-Iruñea-Bartzelona Burdinbide Konpainia sortu (ZPB): MZArentzat horma zeharkaezina bihurtu zen hamarkadetan. 1860tik 1864ra, baina, konpainiaren emaitzak onak izan ziren irabazietan, epe luzera MZAren irabaziak horren onak izan ez ziren arren. 1862an, konpainiaren akzioak 670 liberatik gora saltzen ziren Pariseko merkatuan eta, Crédito Mobiliariorekin izandako lasterketan, epe honetan garaile atera ziren Espainian 1.163 burdinbide kilometro eraiki ondoren, Pereiretarren ia bikoitza[13].

Artean, MZAk ez zuen, ordea, Espainia hegoalde osoa eskuratu, beste konpainia txikiagoen ekimena zela eta, baina horrek ez zuen asko iraun: 1881eko ekainean akordio batera heldu zen haiekin[oh 3]. Hitzarmen horri esker, zehaztuta geratu ziren haien arteko eragin eremuak. Hurrengo hamarkadetan, MZA nagusitu egin zen Guadalquivirren arroko eta Extremadura eta Mantxako eta Andaluzia iparraldeko berun eta ikatz ustiaketako haranetan[oh 4]. Hartara, konpainiak bere ahalegin guztiak Norteko Konpainiarekiko lehian bildu zituen XIX. mende amaiera arte, Frantziarako aterabidea noizbait ere lortu ahal izateko.[oh 5]

Sare katalana eskuratzetik RENFEra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Laurogeiko urteen erdialdera, Tarragonatik Bartzelona eta Frantziarako Konpainia Berria katalana (TBF) Zaragozarekin burdinbide konexio bat egiteko lanean murgildu zen 1888an, baina luze gabe diru-arazo larriak aurkitu zituen Reus-Calpe tartea eraikitzeko orduan. Bategite batera begira, Norteko Konpainiarekin negoziazioetan zela, MZAk bere burua larri ikusi zuen Espainia iparraldean Madril-Zaragozako linea besterik ez zuela ikusita. Lehiakidearen ahaleginen arriskuaren aurrean, MZAren ordezkariak etsi-etsian akziodunen batzarrean agertu ziren ezustean eta, MZArekin hitzarmen batera heltzearen truke, abantaila nabarmenak eskaini zizkieten TBFko akziodun katalanei: autonomia kudeaketan (MZAK konpainia erosiz gero) eta mailegu abantailatsuak Zaragozarainoko linea eraikitzeko, besteak beste[14].

Aldiz, Zaragozako linea amaitzear zuela, TBFk ezin izan zien zorrei aurre egin (MZA hartzekoduna zen, 30 milioi pezeta gehi 7 milioiko interesak). Era horretan, MZAk aurreko urteetako TBFrekiko hitzarmen baldintzak bigundu ahal izan zituen bere alde; are, 1898ko urtarrilaren 1ean, MZAk TBF xurgatu zuen. Era horretan, Aldudeko pasabidearen porrotetik hogeita hamasei urtera, Rotschildarrek Frantziako aterabidea lortu zuten azkenik, Sare Katalana deitu zutenaren bitartez[15].

Lehen Mundu Gerran handiak izan ziren burdinbide konpainien irabaziak, baita MZAren irabaziak ere. Konpainiak, baina, inbertsio handiak ere egin zituen eta, ondorioz, etekin txikia zutela protesta egin zuen. 1925etik aurrera, rothschildarren industria-konpainia guztiak arazoak izaten hasi ziren, eta MZA bera estatuaren mendekotasun ekonomikoan erori zen bere burua sustengatzeko, 1918ko tarifen igoera txikiaren ondoren. Ondorioz, Burdinbidearen Estatutuarekin bat egin behar izan zuen, trukean konpainiaren epe erdiko nazionalizazioa hitzartzea eskatzen zuena.[16] Espainiako Gerra Zibila bukatuta, Franco diktadoreak konpainia nazionalizatu zuen 1941ean, eta RENFE sortu.

Espainiako burdinbide-sarea eratzen baliatutako kapitalaren jatorria atzerrikoa zen, eta horretan areago nabarmendu zen MZA, bere kapitala guztiz frantsesa baitzen: Rothschildarren ospeak bultzatuta, estatu horretako inbertsiogileek dirua jarri zuten Espainiako burdinbidean eta haren garapen ekonomikoan. Alde horretatik, onuragarria izan zen, bertako aurrezpen pribaturik ez zelako inbertsio horretara bideratu, eta bai ekarri, aldiz, komunikabide-sarearen hazkundea.[17]

Bestalde, MZAren ekarpena ezin bestekoa izan zen Espainia egituratzeko orduan, ikusi besterik ez baitago Katalunia Madrileko eta Mediterraneoko kostaldeko merkatuekin lotzeko izandako eragina. 1919-1929an bere gorenean zela, MZAk 70.000 pertsonari ematen zien lana Espainia osoan aldi berean. Hala ere, inbertsio handi hauek ongizateari ekarritako ondorioez, interpretazioak askotarikoak izan dira historialarien artean, 'baikorren' eta 'ezkorren' artean banatuta.[17] Nolanahi ere, orientazio kolonialeko meatzaritzaren ideia baztertu beharrekoa dirudi, mea ez baitzen inoiz izan salgai-garraioaren % 20 baino gehiago.[17]

  1. Une horretan, Grand Central finantza-arazoak izaten hasi eta atzera egin zuen burdinbidearen lehiatik, Frantzian haren gainbehera hastearekin batera.
  2. Noizbait ere aldi berean aritu ziren Espainiako gobernuan eta MZAren Madrilgo zuzendaritza-batzordean, ikus López-Morell, Miguel A. (2015), 417. or.
  3. 1878an, Norteko Konpainia ZPBrekin bateratu zen Espainiako ipar-ekialdean, beharbada MZArekin Penintsulako interesak geografia eremuen arabera banatu izanaren ondorioz; ikus López-Morell, Miguel A. (2015), 268. or.
  4. Era horretan, Peñarroyako meatzaritza konpainia sortu zen, ikus López-Morell, Miguel A. (2015), 267. or.
  5. Ikus burdinbidea Aldudetik igarotzeko egindako ahaleginak.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. "Madriletik Zaragoza eta Mediterraneorako Konpainia" izendatu zen hasieran, eta hamar egun geroago eskritura berrietan izena aldatu; ikus López-Morell, Miguel A. (2015), 150. or.
  2. David Lentisco (2005); 271. orrialdea
  3. a b López-Morell, Miguel A. (2015), 144. or.
  4. López-Morell, Miguel A. (2015), 149. or.
  5. Davies, Hellen M. (2015).
  6. López-Morell, Miguel A. (2015), 151. or.
  7. López-Morell, Miguel A. (2015), 160. or.
  8. a b López-Morell, Miguel A. (2015), 150-151. or.
  9. López-Morell, Miguel A. (2015), 414-421. or.
  10. a b López-Morell, Miguel A. (2015), 420. or.
  11. López-Morell, Miguel A. (2015), 154-155. or.
  12. López-Morell, Miguel A. (2015), 157. or.
  13. López-Morell, Miguel A. (2015), 158-159. or.
  14. Eztabaida horretan, agerian geratu zen industrialari eta politikari katalanen ondoeza, aplikatzen zitzaizkien tarifak zirela eta, ikus López-Morell, Miguel A. (2015), 268. or.
  15. López-Morell, Miguel A. (2015), 270. or.
  16. López-Morell, Miguel A. (2015), 305. or.
  17. a b c López-Morell, Miguel A. (2015), 457-460. or.

  • Lentisco, David. (2005). Cuando el hierro se hace camino, Historia del Ferrocarril en España. Madrid: Alianza Editorial.

  • López-Morell, Miguel A.. (2015). Rothschild. Una historia de poder e influencia en España. Madrid: Marcial Pons, Ediciones de Historia, S.A. ISBN 978-84-15963--59-2..

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]