Mahmud Ahmadinejad
Mahmud Ahmadinejad (persieraz: محمود احمدینژاد, Mahmūd Ahmadinezhād; Aradan, Semnan, 1956ko urriaren 28a) irandar politikaria da. Irango presidentea izan zen 2005-2013 bitartean, eta Teherango alkatea 2003-2005 bitartean.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aradan herrian jaio zen, Garmsarretik hurbil. Urtebete zeukanean bere familia Teheranera aldatu zen. 1976tik aurrera, ingeniaritza zibila ikasi zuen Teherango Elm-o Sanaat unibertsitatean. Bertan, Daftar-e Tahkim-e Vahdat ikasle-talde ultrakontserbadoreko kidea izan zen. Haren esanetan, 1979an parte hartze garrantzitsua izan zuen estatubatuar enbaxadako bahiketan. 1980 aldean Pasdaran (Iraultzaren Zaindariak) milizian sarturik, Iran-Irak gerran jardun zuen, baina ez dago garbi zein izan zen bere zeregina[1]. 1987an, doktoretza lortu zuen trafiko eta garraio ingeniaritzan eta plangintzan.
2003an Teherango alkate hautatu zuen Hiriko Kontseiluak, Iran Islamikoaren Eraikitzaileen Batasuna (Etelaf-e Abadgaran-e Iran-e Eslami) talde ultraeskuindarraren sostenguarekin. Bi urteko agintaldian ezeztatu zituen aurreko alkate moderatu eta erreformisten aldaketa asko. 2005eko presidentetzarako hauteskundeetan nagusitu zen, bigarren itzulian botoen %61,69 bildurik; Haxemi Rafsanjanik %35,92 jaso zuen[2]. Hala ere, kontuan hartu behar da Zaindarien Kontseiluak 1.000 hautagaitza baino gehiago baliogabetu zituela[1].
Ahmadinejaden hitzek polemika sortu zuten mendebaldeko zenbait herrialdetan, besteak beste Israelen aurkako jarrera izateagatik eta Holokaustoa ukatzeagatik[3]. 2009ko hauteskundeak ere irabazi zuen, lehen itzulian %62,63ko babesa lortuta. Hala ere, oposizioak iruzurra salatu zuen, eta potesta jendetsuak izan ziren[4].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b Mahmoud Ahmadinejad. cidob.org (Noiz kontsultatua: 2017-4-6).
- ↑ Mahmoud Ahmadinejad remporte l'élection présidentielle en Iran. lemonde.fr (Noiz kontsultatua: 2017-4-6).
- ↑ Zubiaurre, Ixiar. Arrazakeriaren aurkako ituna onartuta, bileraren porrota ekidin dute Genevan. Berria egunkaria, 2009ko apirilak 22, CC BY-SA 4.0, medios.mugak.eu (Noiz kontsultatua: 2017-4-4).
- ↑ Irango Zaindarien Kontseilua prest dago botoak berriro kontatzeko, baina ez denak. Berria egunkaria, 2009ko ekainak 16, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2017-4-4).