Norbert Wiener
Norbert Wiener (Columbia, Montana, 1894ko azaroaren 26a - Stockholm, Suedia, 1964ko martxoaren 18a) Estatu Batuetako matematikaria izan zen. A. Rosembluethekin batera zibernetika sortu eta definitu zuen, eta informazio-kontzeptuari oinarri matematikoa eman zion. 14 urte besterik ez zuela graduatu zen Matematikan, eta gerora Biologia ikasten hasi zen Harvarden; konturatu zen baina, laborategian ez zela oso trebea, eta utzi egin zuen karrera. Filosofia ikasten hasi zen, eta 18 urterekin lortu zuen doktoretza, matematika-logikaren gainean egindako tesiarekin. Gerora, informazio selektiboaz eta entropia negatiboaz aritu zen, eta bere lan ezagunena, informazioari buruzko teoria matematikoa, sortu zuen. 1948. urtean Cybernetics: or, Control and Communication in the Animal and the Machine (Zibernetika, edo animaliaren eta makinaren arteko komunikazioa eta kontrola) izeneko obra argitaratu zuen; bertan, kontrol automatikoa duten sistemen printzipioak eta aplikazioak azaldu zituen. Obra horrek eragin handia izan zuen hainbat alorretako zientzialarien artean. Wienerrek gizarte-zientzietan, eta bereziki psikologian, matematika aplikatzeko oinarriak ezarri zituen. Aipagarriak ditu orobat The Human Use of Human Beings (1954) eta Nonlinear Problems in Random Theory (1958).
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.