Edukira joan

Quintín de Torre

Wikipedia, Entziklopedia askea
Quintín de Torre

Bizitza
JaiotzaBilbo1877ko apirilaren 18a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
Heriotza1966ko urriaren 15a (89 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakeskultorea
El timonel, Quintín de Torrerena
Cargador de Bilbao, Quintín de Torrerena

Quintín de Torre Berastegi (Bilbo, Bizkaia, 1877ko apirilaren 18a - 1966ko urriaren 15a) bizkaitar eskultorea izan zen.

Eskultore espainiar klasikoen imajinagintza polikromatuaren tradizioaren jarraitzailea izan zen.

Serafín Basterraren lantokian hasi zen eskultura lantzen. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak emaniko diru laguntzei esker, Bartzelonan jarraitu zituen lehendabizi ikasketak, eta, gero, Parisen. Hiri honetan maiz bisitatu zuen Durrioren lantokia. Horrez gain, bidaia asko egin zituen (Italia, Alemania, Belgika, Austria, Suitza, Ingalaterra...), eta Madrilen ere zabaldu zuen lantoki bat. Bidaia horietan, garai horretako europar eskultoreen lanak ezagutu zituen, eta arreta bereziz aztertu zituen XVI eta XVII. mendeetako espainiar eskultore erlijiosoen lanak: Berruguete, Gregorio Hernández, Alonso Cano, Juan de Mena, Martínez Montañés, Mora, Salzillo... Berehala irabazi zuen ospeari esker, oihartzun handiko erakusketa ugaritan parte hartu zuen, eta obra-katalogo zabala utzi du, irudi erlijiosoen sailean gehienbat, nahiz eta bestelako erretratuak ere landu zituen.

Zura, marmola eta brontzea erabili zituen, batez ere; estiloari dagokionez, espresionismoaren gailurra jo zuten bere lan gehienek. Izan ere, erretratu errealistatik haratuago doazen arketipo espresionistak sortu zituen. Joera sinbolista ere bazuen, eta patetismo handiko irudiak sortu zituen, gai erlijiosokoetan bereziki.

Gai erlijiosoen alorrean, Aste Santuko Pasoak (Bizkaiko Foru Aldundiaren enkarguz eginak) dira aipagarrienak. Horietan, Espainiako imajinagile klasikoen tradizioari eutsi zion, kopia hutsetik urrun, bere mistika espresionista indar handiz agerraraziz.

Lan horien artean, Zumaiako Zuloaga Etxean dagoen Dolorosa izeneko irudia (zurezkoa, Ignacio Zuloagak eta Pablo Urangak margotua) da ikusgarriena. Dramatismo handiko irudia da, malenkonia eta sufrikario lazgarri bat erakusten duena. Beste paso batzuk: La Oración del Huerto (1924); Descendimiento de la Cruz (1926); Tres Cruces (1946). Aste Santuko prozesio irudietatik landa, baina gai erlijiosoren barruan beti ere, hilerrietarako egin zituen irudi asko: Maíz eta Ulacia familien panteoiak (Derio); Venancio Echevarríarena (Algorta, Getxo).

Kontuan hartzekoa da, halaber, San Joanen bustoa (zur margotuzkoa). Bestelakoen artean, asko dira Torreren lan gogoangarriak: Cargador de Bilbao (bustoa, harrizkoa), indar izugarria duen irudi arketipikoa; Pescador (marmol grisa); El Grumete (zur margotua), egile honengan ohikoa ez den leuntasuna erakusten duen bustoa; El Timonel (brontzea), plastikotasun berezi bati esker errealismo soilaren muga gainditzen duen eskultura; bere emaztearen erretratua (zur margotua), malenkonia eta gozotasuna batera biltzen dituena (aipagarria da Dolorosaren eta erretratu honen arteko ahaidetasuna, irudi hartarako eredua eskultorearen emaztea izan zitekeela pentsarazten duena); Srta. Amparo (zur margotua), estilizazio ariketa baten ondorio dirudien erretratu berezia; Pedro Mourlane Mitxelenaren erretratua; Cargadora Bilbaína; Mujer Castellana; El Pinche Forjador.

Arrakasta ederki ezagutu zuen eskultore honek; baina ez zion ikerketa estetikoari utzi bere sorkuntzan, eta leialtasun tinko batez eutsi zion hain berezkoa zuen poetika espresionistari.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]