Richard Wellesley
Richard Colley Wellesley, Wellesley markesa izenaz ezaguna (Dangango gaztelua, Irlanda, 1760ko ekainaren 20a - Londres, Ingalaterra, 1842ko irailaren 26a), ingeles estatu-politikaria eta Wellingtonen anaia izan zen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1797-1805 urteetan Indiako gobernari nagusia izan, eta Frantziak lurralde haietan zuen eragina murriztu ondoren, Indian Ingalaterrak zuen nagusitasuna sendotu zuen. 1799an, Mysore inbaditu zuen eta britainiar protektoratu egin zituen Audh eta Haidarabad (1801).
1802-1805 urteetan maratha direlakoen aurkako kanpaina bat egin zuen arrakasta osoz; haren bitartekaritzari esker onartu zen Ingalaterrak Decanen eta Ganges ibaiaren haranean zuen nagusitasuna. Bere kanpainetako gastu izugarriek dimisioa ematera behartu zuten.
1809an enbaxadore izan zen Espainian, eta 1809-1812 urte-bitartean Kanpo Arazoetarako ministro. 1821-1828 eta 1833-1834 urte-bitarteetan Irlandako Lord egin zuten bertako katolikoen defentsa sutsua egiteagatik, baina horrexegatik kargu politikoak uztera behartu zuten, eta 1835ean behin betiko erretiratu zen politikatik.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Richard Wellesley |
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.