👨👨👦👦 Biztanleak 1.374.687 |
🔎 Azalera 45.335 km² |
🏙️ Hiriburua Tallinn |
📷 Argazkiak ikusi |
🗺️ |
Estonia Europako ipar-ekialdeko estatuetako bat da. Baltikoko estatuetako bat da, Letonia eta Lituaniarekin batera. Hiriburua Tallin da.
Bertako herritarren bi herenak estoniar etniakoak dira. Finlandiarrekin senidetuta daude, Finlandiako herriarekin. Estonierak finlandieraren antz handia du. Errusiarrek Estoniako biztanleriaren laurdena baino gehiago osatzen dute. Herrialdeak ukrainar, bielorrusiar eta finlandiar talde txikiak ditu.
Estoniak Europako fede gutxienetarikoa duen herrialdea da. Herritarren % 30 baino gutxiago dira fededunak. Erlijioa praktikatzen duten gehienak kristauak dira. Eliza luteranoetako eta ekialdeko eliza ortodoxoetako kideek talde kristau handienak osatzen dituzte.
Baltikoko beste estatuetan bezala, Estoniaren populazioa hiritarra da batez ere. Biztanleen ia % 70 herri eta hirietan bizi dira. Estoniar etnikoek osatzen dute landa-eremuko biztanleria gehiena. Hirietan jatorriz estoniarrak ez diren biztanle asko bizi dira. Tallinn hiriburu eta hiririk handiena iparraldeko kostaldean dago. Mendeetan zehar, mugimendu handiko merkataritza-zentroa izan da.
Geografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Estoniarekin mendebaldean Itsaso Baltikoak eta iparraldean Finlandiako golkoa izeneko Baltikoko beso batek egiten dute muga. Errusia ekialdean dago, eta Letonia hegoaldean. (Hirugarren herrialde baltikoa, Lituania, Letoniaren hegoaldean dago). 1.500 uharte baino gehiago ditu Estoniak. Bi handienak Saaremaa eta Hiiumaa dira, biak kontinentetik mendebaldera.
Estonia lurralde laua eta zingiratsua da, muino lau asko dituena. Punturik altuena, Suur Munamägi hego-ekialdean, itsas-mailaren gainetik 318 metro garai besterik ez da. Estoniako ibai asko iparraldera doaz Finlandiako golkora, ekialdera Peipus aintzirara, edo mendebaldera Rigako golkora. Peipus aintzira Europako aintzira handienetako bat da; estoniak Errusiarekin duen mugan dago.
Estoniak udak freskoak eta negu nahiko hotzak ditu. Ez da Errusiaren ekialdea bezain hotza, Ipar Ozeano Atlantikoa astintzen duten haize beroengatik.
Ekonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Estoniar gehienek zerbitzuetan lan egiten dute, garraioa, teknologia informatikoa eta telekomunikazioak barne. Turismoa zerbitzuen sektorearen zati garrantzitsua da. Estonia bere ehundegiengatik da ezaguna, batez ere kotoizko oihalengatik. Elikagaien prozesamendua eta basogintza ere jarduera garrantzitsuak dira. Estoniako industriaren zati garrantzitsu bat petrolio-eskisto izeneko minerala da, petrolioa eta erregai gasa ematen dituen harria. Petrolioa erretzen da elektrizitatea ekoizteko. Elektrizitate hau inguruko herrialdeetara bidaltzen da. Eskisto-petrolioaren industria kimikoak ongarriak, detergenteak eta beste produktu batzuk fabrikatzen ditu.
Estoniako elikadura-prozesuko industria nekazaritzaren mende dago. Esnekien industria eta abeltzaintza (txerriak) bereziki garrantzitsuak dira. Nekazaritzan, patatak, garagarra, garia, oloa eta zekalea dira produkturik ohikoenak.
Historia apur bat
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Estoniarrak bikingoen, daniarren, suediarren eta errusiarren inbasioetatik bizirik irten ziren 1200era arte, zaldun alemanek ingurua konkistatu zuten arte. 1629an Suediak Estoniako lurrak bereganatu zituen. 1721etik aurrera, Errusiak Estonia gobernatu zuen ia bi mendez.
Estoniarrek independentzia aldarrikatu zuten 1918an. 1940an, hala ere, Sobietar Batasunak Estonia bere errepubliketako bat bihurtu zuen. 1991n Estoniak zatitzen ari zen Sobietar Batasunetik independentzia osoa lortu zuen. 2004an, Estonia Europar Batasunean (EB) sartu zen.
2009an Europak finantza-krisi larria jasan zuen. Estoniako gobernuak Estoniako ekonomia sendotzen zuen programa batez erantzun zion. Ondorioz, Estoniak 2011n euroa (EBko dirua) onartu ahal izan zuen.
Irudi batzuk
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
Estoniako hiri garrantzitsuenak.
-
Tallin hiriburua.
-
Tartu, bigarren hiri handiena.
-
Narva, hirugarren hiri handiena.