Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea

Suedia

Suediaren kokapena Europar Batasunean.
Suediako bandera.

Suedia Europako iparraldeko herrialde bat da, Eskandinaviako penintsulan dagoena. Suedia, Norvegia eta Danimarka dira Eskandinavia deitzen den lurraldeko hiru herrialdeak, eta Suedia da herrialderik handiena.

Kostalde luzea du Itsaso Baltikoan; muga luzea du Norvegiarekin eta, ipar-mendebaldean, muga txikiagoa Finlandiarekin. Mendebaldeko kostaldea Danimarkatik oso gertu dago; gainera, bi herrialdeak lotzen dituen zubi ospetsu bat dago (beheko irudi batean duzu).

2018ko datuen arabera, 10 milioi biztanle baino apur bat gehiago ditu, eta Stockholm da hiriburua. Hizkuntzarik erabiliena suediera da, baina Finlandiako mugatik gertu finlandiera hitz egiten duten biztanleak daude; horrez gain, iparraldean sami edo lapoi izeneko herria bizi da eta bere hizkuntza propioa du.

Geografia eta klima

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Suediako mendebaldeko mugan, Alpe Eskandinaviarrak edo Eskandinaviako mendiak izeneko mendikate luzea dago. Ekialdean behe-lautadak daude. Ibai txiki asko jaiotzen dira mendietan eta hego-ekialderantz isurtzen dira. Milaka laku daude herrialde osoan.

Suedia iparraldean egon arren, ez du hotz handirik egiten bertan; klima epela du, Ozeano Atlantikoko ur epela Itsaso Baltikoan sartzen delako. Hala ere, Suediako iparraldea Artikoan dago eta hotz handia egiten du, mendietan batez ere: -50° C baino tenperatura baxuagoak neurtu dira. Suediako iparraldean zortzi hilabetez egin ohi du elurra; gainera, neguan oso luzeak dira gauak. eta udan, aldiz, egunak dira luzeak.

Industria eta zerbitzuak (bankuak, osasun-laguntza eta komunikabideak) dira Suediako bi sektore ekonomiko nagusiak. Automobilak egiten dituzten bi enpresa handi daude: Saab eta Volvo. Suedian makineria, elektronika, papera, egurra, metalak, elikagaiak eta altzariak (IKEA denda handiak suediar jatorrikoak dira) ere ekoizten dira.

Nekazaritzak ekonomiaren zati txiki bat hartzen du; azukre-erremolatxa, garia eta garagarra lantzen dituzte nagusiki. Abeltzaintzari dagokionez, txerriak, behiak eta ardiak hazten dira haragia eta esnekiak ekoizteko. Arrantza ere sektore garrantzitsua da.

Historia apur bat

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itsasontzi bikingo baten maketa.

Suedia, gainerako herrialde eskandinaviarrak bezala, antzinako bikingoen lurraldea izateagatik da ezaguna. Gerlari horiek Suedian eta beste herrialde eskandinaviarretan bizi ziren IX. mendetik, eta 200 urtez eraso zieten Europako ipar-ekialdeko itsasertzetako lurralde askori eta Errusiari.

Lehen erresuma suediarra XIII. mendean sortu zen, gaur egungo Suediako, Norvegiako, Danimarkako eta Finlandiako lurrekin. Hala ere, hainbat gerra jazo ziren lurralde horien artean: XVI. mendean daniarrek Suedia inbaditu zuten eta pertsona asko hil zituzten Stockholmeko Odolezko Bainua izeneko eraso batean.

XVII. mendean, Suedia potentzia handi bat bihurtu zen Gustavo II.a Adolforen erregearekin. Finlandiako, Estoniako, Errusiako eta Poloniako lur asko konkistatu zituen Suediak.

Hala ere, XVIII. mendeko eta XIX. mendearen hasierako gerra batzuetan, Suediak lur asko galdu zituen, Finlandiako lur batzuk, adibidez; horiek Errusiaren menpe geratu ziren. Bestalde, Suediak Norvegia kendu zion Danimarkari, Norvegia 1905ean independizatu zen arte.

Aro modernoan, Suedia neutrala izaten saiatu zen; hau da, ez zuen beste herrialdeen arteko gatazketan parte hartu. Lehen Mundu Gerran eta Bigarren Mundu Gerran Suediak ez zuen borrokarik egin inoren alde.

XX. mendeko bigarren erditik aurrera, Suedia Europako herrialde aberatsenetakoa da. Suediako biztanleek munduko zerga altuenetakoak ordaintzen dituzte; gobernuak gizarte-zerbitzu ugari eskaintzeko erabiltzen du zergen dirua, batez ere doako hezkuntza eta suediar guztientzako osasun-asegurua ordaintzeko.

1995ean, Suedia Europar Batasunean sartu zen; baina 2003an, Suediako biztanleek euroaren aurka bozkatu zuten eta, beraz, beste diru bat dute.

=Irudi batzuk

[aldatu | aldatu iturburu kodea]