Edukira joan

Sakana

Koordenatuak: 42°54′23″N 2°02′45″W / 42.9065°N 2.0457°W / 42.9065; -2.0457
Wikipedia, Entziklopedia askea
Artikulu hau Nafarroako eskualde eta haranari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Sakana (argipena)».
Sakana
 Euskal Herria
Arakilgo Zuhatzu herriaren ikuspegia.
Administrazioa
Herrialdea Nafarroa
UdalerriakZiordia, Olazti, Altsasu, Urdiain, Iturmendi, Bakaiku, Etxarri-Aranatz, Arbizu, Ergoiena, Lakuntza, Arruazu, Uharte Arakil, Irañeta, Arakil eta Irurtzun
Herri handienaAltsasu
Izen ofizialaFitxategi:Ez 
Geografia
Koordenatuak42°54′23″N 2°02′45″W / 42.9065°N 2.0457°W / 42.9065; -2.0457
Azalera305 km²
Demografia
Biztanleria20.367 (2022:  94)
Dentsitatea66,78 biztanle/km²

Sakana ([s̺akana]) Nafarroa Garai mendebaldeko haran bat da, Iruñeko merindadean kokatua. Gaztelaniaz Barranca deritzo, eta hiru haran txikiago biltzen ditu: Arakil, Burunda eta Ergoiena. Eskualdeak 305,5 km² ditu, eta bertan ia 20.000 biztanle bizi dira, horietarik % 37 euskaldunak (2001).

Luzeran, Ziorditik Irurtzuna 35 kilometro ditu; eta zabaleran, leku gehienetan ez ditu 5 baino gehiago. Ziordia da mendebalderen dagoen herria, Gasteiztik 42 kilometrora baitago. Irurtzun da ekialderen dagoen herria, Iruñetik 20 kilometrora baitago. Altsasutik Donostiara 69 kilometro daude.

Sakana Euskal Herriko erdigune geografikoan dago.

Geografia

Sakana haran bat da, eta haren geografia izaera horrek mugatzen du. Udalerri gehienek ipar-hegorako norabidea dute, hau da, mendatetik mendatera. Norabide honetan luzeak dira, baina ekialde-mendebalde norabidean txikiak.

Harana bera zabala eta laua da Arakil ibaiaren lasaiguneetan, baina alderik alde 500etik 1000 metroarteko desnibelak ditu, nabarmendi gainera Uharte-Arakilen dauden ipar eta hegoalderako profilak, Aralar eta Andia mendilerroen puntekin.

Mendiak

Beriain mendia Altsasutik ikusita

Sakana eskualde menditsua da. Bere muga naturalak ere mendiak dira. Honela Hegoaldean Urbasako mendilerroak egiten du muga Ziordiatik Etxarri-Aranatzera eta ondoren Andia mendilerroak Ergoienetik Arakila.

Iparraldean Altzaniako mendiak daude Ziordiatik Altsasura, Aizkorriko mendilerroaren hegoaldeko aldea direlarik. Altsasutik Irurtzunera Aralarreko mendilerroak egiten du muga iparraldean.

Zentruan Andia mendilerroak duen punturik altuena kokatzen da, Beriain mendia hain zuzen ere, 1.494 metrorekin. Horrek harana bitan zatitzen du, hegoaldean Ergoiena geratzen delarik eta iparraldean Arbizutik Irurtzunera doazen herriak.

Mendi horien guztien altuera minimoa 1.000 metro da, eta harana bera 500 metroko garaieran dago batez beste. Horrenbestez, gune menditsua dela esan daiteke, kilometro gutxian altuera alde handiak baititu.

Sakanako harana, Aralar menditik ikusita. Aurrez aurre Andia mendilerroa eta bere atzealdean Urbasa. Ezkerreko aldean, atzealdean, Iruñea ikusten da
Sakanako harana, Aralar menditik ikusita. Aurrez aurre Andia mendilerroa eta bere atzealdean Urbasa. Ezkerreko aldean, atzealdean, Iruñea ikusten da

Ibaiak

Sakanako ibairik garrantzitsuena haranean behera egiten duen Arakil ibaia da, Bakaikurarte Burunda izenarekin ezagutzen dena.

Sakanan Arakil ibaiak bere ezkerretik Altzania, Uzkullu, Sandindegi, Urrunizur eta Larraun ibaiak jasotzen ditu eta eskuinetik Zurkillo, Zubiarte, Leziza eta Txarruka errekak.

Demografia

Map
Sakanako biztanleria
  •  
    >3.000
  •  
    2.000-3.000
  •  
    1.500-2.000
  •  
    1.000-1.500
  •  
    500-1.000
  •  
    200-500
  •  
    <200

Sakanako biztanleriaren gehiena Altsasun bizi da. Hala ere, biztanleriaren zati handi bat 1.000 eta 2.000 biztanle arteko hainbat herritan barreiatua dago. Bigarren herririk populatuena Irurtzun da eta ondoren Etxarri-Aranatz, Olazti eta Lakuntza. Populaziorik txikiena duten herriak Ergoiena eta Arakil dira; herri gehienek ez dute 100 bizilagun baino gehiago.

Oro har, esan daiteke populazioak Altsasu, Etxarri Aranatz eta Irurtzun dituela gunetzat, bertan pilatzen baita komertzio eta industria gehiena, hala nola garraioa eta osasun etxeak.

Sakanako populazioaren batez besteko adina 40,7 urtekoa da. Gazteena Irurtzun da 37 urterekin eta zaharrena Ergoiena, 51 urterekin.

Hauek dira ba eskualdeko udalerrien biztanle kopuruak gaur-egun:

  1. Altsasu: 7.527 biztanle (2007).
  2. Etxarri-Aranatz: 2.450 bz.
  3. Irurtzun: 2.200 bz.
  4. Olatzagutia: 1.739 bz.
  5. Lakuntza: 1.130 bz.
  6. Arbizu: 1.021 bz.
  7. Arakil: 907 bz.
  8. Uharte Arakil: 774 bz.
  9. Urdiain: 605 bz.
  10. Ergoiena: 426 bz.
  11. Iturmendi: 380 bz.
  12. Bakaiku: 338 bz.
  13. Ziordia: 329 bz.
  14. Irañeta: 156 bz.
  15. Arruazu: 104 bz.
Grafiko hau ezin da une honetan ikusi, software arazo bat dela eta. Lanean ari gara ahalik eta lasterren grafikoak berriro erakutsi ahal izateko.

Historia

Sakanak duen komunikabide-garrantzia handia da. Hori dela eta gertakari historikoz beteriko eskualdea izan da.

Historiaurrea

Urbasa eta bere inguruetan hainbat aurkikuntza egin dira, batez ere Koskobilo, Ataba eta Oroben. Gainera hainbat trikuharri aurki daitezke. Koskobilo gaur egun harrobi batek suntsitu du, baina bertan bifaz, gezi-puntak eta bestelako tresnak aurkitu ziren.

Honakoak dira Sakanan aurki daitezkeen monumentu megalitikoak[1]

  • Ziordia
    • Auntz-etxe
    • Saratxakolegi
    • Ziordia
  • Urdiain
    • Intxuspe
    • Portuzargaine
    • Intxusburu
    • Beotegi
    • Igaratza
  • Etxarri-Aranatz
  • Uharte-Arakil
    • Artzabal
    • Otsopasaje
    • Luperta
    • Zubeinta
  • Irañeta
    • Aranzadi
    • Panplonagaine
    • Armendia
  • Altsasu
    • Blankaleku
    • Munaan I eta II
  • Urbasa
    • Amorkora
    • Kañada
    • Arteko Saroa
    • Puerto Viejo
    • Santa Marina
    • Etxarriko Portugaña
    • Obats
  • Iturmendi
  • Aralar
    • Arriolatz
    • Garrastita
    • Zeontxa
    • Maantza
    • Obioneta
    • Trikuharri

Antzinaroa

Iruñetik Iruña-Veleiara doan bidean gune garrantzitsua zen, Ager eta Saltusaren arteko mugan kokatzen baitzen Sakana. Galtzada honek Bordele eta Astorga batzen zituen, Novenpopulaniatik pasaz. Galtzada honek, Iter-XXXIV deitua, Iberiar penintsulako hornigaiak, zergak eta K.o. II. menderarte meatzetako zilarra ere Britaniako eta Germaniako mugetan zeuden soldaduen kanpamentutara bideratzea zuen helburu. Aldi berean Iberiar penintsula iparraldeko lurraldea egituratzen zuen. Uharte Arakil-go Zamartzeko monasterioan eta bere inguruetan erromatarren mansio bat egon zen, Araceli izenarekin. Mansio hauek ostatu gisakoak ziren galtzada erromatarretan, aldi berean posta zerbitzu inperialaren sarean zaldien aldaketa egiteko puntu bezala ere funtzionatzen zuten. Araceli-ko kasuan mansio-aren inguruan herrigune bat sortu zela erakutsi du arkeologiak, IV. mende hasieran nolabaiteko suntsiketa bat jasan zuelarik. Dena den V. menderarte egon zen populatuta. Azken gune honetan, Olaztin eta Etxarri Aranatzen Goi Inperioko (K.o. I-II. mendeak) erromatar inskripzio batzuk topatu dira, bertan entitate txikiko gune populatuak egongo zirenaren seinale.

V. mendean Erromatar Inperioaren galerak eragindako hainbat faktorek ere eragina izan zuten Sakanan. K.o. 409an herri barbaroak (suebo, bandalo eta alanoak) penintsulara Pirineotatik sartzean, Sakanatik igaro ziren hegoalderako bidean. 443an Bagauda aracelitar batzuk aipatzen dira, badira Araceli sakandarrarekin batu nahi dutenak, baina komunitate zientifikoaren gehiengoak hauek Corella inguruko Araciel Erdi Aroko herri hustuan kokatu ditu, aukeraketa honek gainontzeko Hispaniako bagauden ekintzen testuinguruarekin lotura handiago erakutsiz.

Uharte Arakilgo Zamartze monastegiaren inguruan zabaldu den aztarnategian merobingiarren txanpon bat topatu da, K.o. VII. mendekoa.

Erdi Aroa

Ohiturak dioenez, Altsasuko San Pedro baselizan Nafarroako lehenengo erregea, Abartzuza eta Ameskoetako Jauna Gartzia Ximenez koroatu zuten. Hori dioen idatzi bat dago baselizako sarreran. Hala ere, sinesmen hau ez da oso fidagarria eta badirudi kondaira bat baino ez dela. Dena den, gertakari honek aukera handiak eman zizkion Aro Modernoan hainbat onura edukitzeko. Idazki horren arabera 717ko urtarrilaren 20an gertatu zen eta Iruñeko Apezpikua eta 600 aitoren seme agertu ziren. Gregorio II.a aita santuak, erregetza hori abuztuaren 30ean onartu zuen bulda baten bidez.

1194 eta 1234 Antso Azkarrak foruak eman zizkion Irañetari eta Urruntza izeneko herriko jendeak osatu zuen herria.

1208an Burundako biztanleei Guardiako forua eman zien Antso Indartsuak, aukera handiak ematen zituena. Ura erabiltzeko, epaiketa justu bat edukitzeko edo euren etxera norbait sartuta hiltzen bazuten isun bat bakarrik ordaintzeko eskubidea ematen zien besteak beste. 1336an berrezarri zen forua, zegoen kopia Aguraingo biztanleek erre baizuten Altsasuko eliza erre ondoren. 1375an Karlos III.a erregeak berriro eman zien forua.

1210ean Irurtzun, Izurdiaga, Satrustegi, Ihabar eta Irañetari forua eman zien Antso Indartsuak. 1365ean Karlos II.a Nafarroakoak Aginart izeneko lekua saldu zien Ihabartarrei eta 1398an Ilarrazu erosi zioten Karlos III.ari

1312an Nafarroa Arabako gaizkileengandik babesteko Etxarri-Aranatz eraiki zen, aurretik zegoen Aranaz herriko biztanleek populatu zutelarik. 1351an herria eraikia zegoen eta urte horretan herria fortifikatzeko obrak hasi ziren, baina 1396an beharrezkoa ez zela erabaki zuten.

1377an Nafarroako Erregeak Urizko Rodrigori Arruazu kendu eta Arellanoko Juan Ramirezi eman zion. 1394an Irañetari Zabal eta Torrino izeneko lurrak eman zizkien erregeak.

1378an Etxarri-Aranazko dorrea gaztelarrek hartu zuten eta 1.500 florin lapurtu. 1388an Karlos III.a Nafarroakoak Etxarriko elizako zergak Baionako apezpikuari eman zizkion.

1415ean Oyan Ederraren jaurerritik Arbizu sortu zuen Sarako Lope Gilek. Urte horretan bertan Arakil eta Irurtzun artean nonbait zegoen Agitako gaztelua erori zen eta izen bereko herria hustu.

XV. mendearen lehen herenean Gaztela eta Nafarroaren arteko gerrak zirela eta, Gipuzkoarrek Sakana osoko hainbat leku erre zituzten. 1431n erregeak zergak jaitsi zizkien herri hauei jasotako kalteak konpon zitzaten.

1462an Juan II.ak Ziordiako Lanzarot aitonsemeari eman zion eskumena inpostuak jasotzeko. Inpostu horiek gailurdea izena zuena zen eta gainera Ziordian zegoen bidesariko dirua jasotzeko eskubidea eman zion. 1498an Labriteko Juanek gailurdea zerga betirako kendu zien Burundako biztanleei.

1467an Irañetan sortzen zituen zergak Navazeko Pedrori eman zizkioten.

Aro Modernoa

1500. urtean Nafarroako erregeek Ergoiena Etxarri-Aranatzetik bereizi zuten. Honek iskanbilak sortu zituen herriek partekatzen zituzten santuen prozesioak zirela eta, baina epaileek elkarrekin egin behar zituztela erabaki zuten, janaria erdibana jarriz. Ergoienaren bereizte honetan, jada udalerria osatzen duten hiru herrien artean liskarrak hasi ziren zerga arazoengatik.

Nafarroako konkistaren pasarte garrantzitsuak gertatu ziren Sakanan. Honela 1512ko uztailaren 21an Gaztelako gudarosteek Etxarri-Aranatz konkistatu zuten eta hurrengo egunean Uharte-Arakil. Gaztelarrak Aguraindik sartu ziren eta Luis Beaumontekoa Leringo kondea izan zen tropen buru. Honek Sakanako herriak ez suntsitzeko eskatu zuen eta Iruñeara sartu aurretik Uharte-Arakilen egon ziren gotortuak. 1512an Ozkiako igarolekuan erronkariarrek eta gaztelarrek eginiko guduari Irurtzungo gudua ere deitzen zaio.

1568an Arbizuko 49 etxe erre ziren.

1575an inkisizioak sorginkeriaren aurkako prozesuak hasi zituen, bereziki Ziordia eta Urdiainen. Azken herri honetan Maria Martiz izeneko emakume bat deserriratu zuten. Urte batzuk geroago Inkisizioak Altsasun epaimahai txikia osatu zuen.

Felipe IV.a Espainiakoak 1630 eta 1632. urteetan burundarrek zergarik ordaindu behar ez zutela erabaki zuen, herri honetakoek Nafarroako lehen erregeari koroa jarri ziotela argudiatu ostean.

Aro Garaikidea

Aro Garaikidean Sakanak ere garrantzi estrategikoa izan zuen. Gipuzkoa eta Espainia lotzeko biderik errezena Altsasutik igarotzen zen. Hori dela eta errepideak eta trenbideak eraiki ziren.

1794ko urriaren 15ean espainiar tropek Lekunberritik Irurtzuneraino egin behar izan zuten atzera. Urriaren 24an frantsesak Irurtzun hartzen saiatu ziren. 1795eko uztailaren 6an espainiarrek Irurtzun bertan behera utzi zuten. 1795eko uztailaren 13an Irurtzunetik 4.000 soldadu atera ziren espainiarrak Bilboraino bidaliz.

Napoleonen aurkako gerretan hauek Arbizu eta Bakaiku osorik erre zituzten. 1810an Francisco Espoz y Minaren gerrillariek Lakuntza utzi eta Olaztin hartu zuten atsedena. 1811ko azaroan ere Olaztitik igaro ziren eta euren atzetik Abbé jeneralak agindutako 4.000 soldadu eta 300 zaldun. 1813ko apirilaren hasieran Espoz y Minak talka egin zuen frantzesekin Irurtzunen, hauek herria fortifikatu baitzuten. Gau horretan bertan galdu zuten frantziarrek herria.

Trenbidearen eraikuntzak garrantzi demografiko handia izan zuen. Altsasuk bere populazioa modu ikusgarri batean gehitu zuen eta industria gune garrantzitsu bilakatu zen. Fundizioak irekitzerakoan are eta garrantzitsuagoa izan zen. Gizarte eredu berriaren (liberala) eta zaharraren artean gatazka sortu zen Sakanan. Gerra Karlistek eragin handia izan zuten eta Zumalakarregi eta Quesadaren arteko lehen talka handia Altsasun izan zen, Altsasuko Bentak izeneko lekuan. Zumalakarregik Sakana ondo lotua eduki nahi zuen eta tropei instrukzioak emateko egindako bidaia zirkularrak Sakana izan zuen pasaleku gisa. Bidaia horretan Iruñea, Logroño eta Gasteiz inguruko zirkulua lotzeko saiakera militarra egin zuen. Altsasun egindako bataila honetan liberalek 100 gizon galdu zituzten eta militarrak hornitzeko balio zuten 500.000 erreal. Era berean Leopoldo O'Donnell koronela atxilotu zuten. Zumalakarregik Etxarri-Aranatzen jaso zuen Gipuzkoa eta Bizkaiako Aldundien babesa. Guda Karlistetan Bakaikuk min handiak jasan zituen.

XX. mendea

XX. mendean, behin foruak galduta industria iraultza iritsi zen Sakanara. Hasierako Altsasuko industriaguneaz gain bestelakoak ireki ziren Etxarri Aranatzen, Lakuntzak eta Irurtzunen eta beranduago gainontzeko herrietan. Industriaren sakabanatze honek herri txikiagoetan ere lana egotea lortu zuen.

Espainiako Gerra Zibilan Nafarroa berehala erori zen Mola jeneralaren eskuetan. Altsasun, ordea, tradizio sozialista handia zegoen, batez ere PSOE eta UGTren eskutik. Tradizio horrek Altsasun erresistentzia biltzea ekarri zuen. Ezkerrak indar handia izan arren, ez zegoen armarik herrian eta altxamenduaren egunetan, 450-500 bat altsasuar pasatu ziren Gipuzkoara, Errepublikaren alde borrokatzera Eusko Gudarostean integraturik, gehienak gizon gazteak ziren. Hasiera batean autoritate euskaldunek altsasuarrekin batailoi bat osatzea pentsatu zuten, baina laster bertan behera utzi zuten ideia, zorte txarrak jota batailoia suntsitu baitzezakeen, Altsasu gazterik gabe utziz. Hori dela eta, altsasuarrak Eusko Gudarosteko batailoietan zehar sakabanatu ziren. 84 altsasuar gaztek galdu zuten bizia gobernu legalaren alde borrokan. Sakanara bueltan, Altsasu Sakanan gehien sufritu zuen herria izan zen. Behin Altsasu galduta Sakana berriro gune estrategiko bilakatu zen garraiorako. Hori dela eta faxisten eta Himmlerren arteko bilkura bat ospatu zen Altsasun. Olaztin 21 hiritar fusilatu zituzten eta 1936ko uztailaren 21ean Guardia Zibilak udala kendu eta bere konfiantzazko jendea jarri zuen.[2]

Sakanan beste kasu esanguratsuena Etxarri Aranatzkoa izan zen, altxamendua eta gerra zibila etortzean, Benedikto Barandallak, errekete talde baten kapitain lanak erabat bere gain hartu zituen, Sakana guztian zehar herriz herri aritu zen boluntarioak biltzen, eta altxamendu eta bando faxistarekin bat ez zetozenak inolako errukirik gabe erreprimitzen, asko fusilatuz, bortxatuz, txantaiatuz, lapurretak eginez... Etxarriarren artean esaterako, Anizeto Albarrazin eta Julian Mauleon fusilatu zituzten; hogeita lau urteko nekazariak ziren biak.

Aldi berean, udalak behin eta berriro altxamendu militarrarekiko onespena aldarrikatu, eta aho batez erabaki zuen udal aretoan berriro Jesusen Bihotza paratzea, eta baita herriko eskolako geletan gurutzeak ere, «Los cuales fueron retirados (anteriormente) por orden de Gobiernos sectarios de la Nación». Bilkura berean, Guardia Zibilen postuko komandantea zen Francisco Ramos Etxarriren agiria onetsi zen. Bertan, Felipe Zeberio Arratibel eta Francisco Etxarri Jaka aguazilen kargugabetzea erabaki zen, «por no inspirar afecto a la restauración de la Patria», eta kargugabetze horiek aho batez onartu ziren udalbatzan. Izan ere «desde hace bastante tiempo estos guardas se distinguieron haciendo ostentación de sus ideas marxistas así como también por su falta de respeto a la autoridad local y negligencia en el cumplimiento de sus obligaciones». 1936ko abuztua lau etxarriarren hilketarekin bukatu zen. Horien artean, UGT-ri loturik antolatu berria zen Langile eta Nekazarien Saileko Zuzendaritzako Batzordeko kideak zirenak: Antonio Maiza, sindikatuko lehendakaria Etxarriko herrian, 29 urtekoa eta nekazaria; Andres Gonzalez, sindikatuko idazkaria eta lanbidez ferrobiarioa; eta aurreko bien laguna zen Clemente Araña, sindikatuko bokala. Hirurak Urbasan hil zituzten, Otxoportilloko leizearen ondoan. Ondoren, zakurrak balira bezala zulora bota zituzten. Paulo Gartziandia delako batek ere, bide berbera jarraitu zuen

Orduan komandantea zen Francisco Ramosen txostenean agertzen denez, Maria Maiza eta Maria Soledad Olejua irakasle nazionalistei nacionalistas antipatrióticas direla leporatzen diete. Beste irakasle batzuek ere sufritu zuten errepresio faxista. Irailean beste bi etxarriar fusilatu zituzten, Narciso Artola, 32 urtekoa eta lau seme alaben aita. Urbasan fusilatu zuten irailaren 6an. Bestetik, geroxeago atxilotu zuten Felix Lopez, praktikantea eta Udaleko Batzorde Kudeatzailearen lehendakaria izana. Altsasuko kartzelara eraman zuten lehenik eta handik Lizarrustira, irailaren 22an. Bertan fusilatu zuten. Jendea kargugabetzen jarraitu zuten, baita udaletxean bertan ere. Zehazki, 1936ko urriaren 10eko bilkuran, «se lee el oficio del Sr. comandante de puesto, destituyendo de sus cargos a los concejales Esteban Imaz, Pedro Goñi y Bautista Belza por ser nacionalistas y antipatriotas, designándose como sustitutos a D. Primitivo Quintana y D. Timoteo Jaca». Argi zegoen herrian nork zuen agintea.

Bizkaiko frontean 1937an hil ziren Luis Imbert, Bernardo Lopez eta Rufino Bikuña kontatuz gero, hamaika izan ziren Etxarrin altxamendu faxistaren lehen hilabetetan, Errepublikaren alde bizitza galdu zuten etxarriarrak. Gainera, Nafarroako beste herrietan bezala, izan ziren konfiskatutako etxeak eta emakumeei ile-mozketa eta tortura ankerrak ere. Azken eginkizun honetan, Martzelino Jauregi nabarmendu zen bereziki.

Benedikto Barandallaren taldeak, oroitzapen mingotsa eta ankerra utzi zuten bai Sakana eta bai Gipuzkoan, aurretik esan bezala, gerrako jauntxo baten gisa aritu ziren ia hiru hilabetez, aurretik esan bezala errepresioa, konfiskapenak, fusilatzeak, bortxaketak, torturak... gauzatuz. Bere taldea urriaren bukaeran desegin zen, kideak armada frankistan integratuz.[3]

1950 eta 1960ko hamarkadaren artean inmigrazio ugari jaso zuen Sakanak, bereziki Altsasu eta Olaztin pilatu zena. Langile guzti hauen etorrerak tradizio ezkertiarra mantendu zuen arren momentuan beherakada ekarri zuen abertzaletasunean. Denborarekin, ordea, geroz eta gune abertzaleagoa eta euskaltzaleagoa bilakatu zen. Euskal Herriaren erdigune geografikoan egonda, ekimen ugari egin ziren Altsasun, Urdiainen eta Etxarrin, besteak beste. Herri Batasunaren sorrera, adibidez, Altsasun izan zen, baita lehenengo Gazte Topagunea, Etxarri-Aranatzen. Nahiko herri aktiboak izan dira hainbat borroka sozialetan. 2006an, adibidez, Sakanako 4 udalerrik Israelen aurkako boikota babestu zuten. Arbizu ere Palestinako Marda herriarekin senidetu zen.

Banaketa administratiboa

Mankomunitatea

1984ko urtarrilaren 31n Sakanako hainbat udal elkartu ziren, eskualdeko udal eta kontzeju guztiak bilduko zituen Mankomunitatea osatzeko. Gaur egun, Sakanako Mankomunitatea honako herri hauek osatzen dute: Ziordia, Olazti, Altsasu, Urdiain, Iturmendi, Bakaiku, Etxarri Aranatz, Arbizu, Lakuntza, Ergoiena, Arruazu, Uharte Arakil, Irañeta, Arakil eta Irurtzun.

Bost dira Mankomunitateak eskaintzen dituen zerbitzuak:

  • Goi-uraren hornidura
  • Hiri-hondakinen biltzea eta tratamendua
  • Euskara
  • Kirolak
  • Etxebizitzak zaharberritzeko bulegoa.

Azpieskualdeak

     Burunda      Arakil      Ergoiena

Sakana historikoki hiru azpieskualdetan banatua izan da:

  • Burunda
    • Ziordia
    • Olazti
    • Altsasu
    • Urdiain
    • Iturmendi
    • Bakaiku
  • Arakil
    • Etxarri-Aranatz
    • Arbizu
    • Lakuntza
    • Arruazu
    • Irañeta
    • Uharte-Arakil
    • Arakil
    • Irurtzun
  • Ergoiena
    • Dorrao
    • Lizarraga
    • Unanua

Udalerriak

Sakana
Sakana

Garraiobideak

Sakanak duen berezitasunetako bat garraiobide kantitate handiarena da. Iberiar penintsularen iparraldeko ekialde-mendebalde konexioa izateaz gain Iberiar penintsula eta Europaren arteko komunikabideetako bat ere bada. Hori dela eta beste herri eta hiriekin konektatzeko aukera onak eskaintzen ditu.

Trena

Bi tren linea igarotzen dira Sakanatik. Lehenengoak Zaragoza eta Altsasu lotzen ditu eta zabalagoa den Bartzelona-Vigo trenbidearen ataletako bat da. Bigarrena Madrildik Irunera doana da.

Trenbide horietatik Iruñea, Gasteiz eta Miranda Ebro, Donostia eta Irun, eta Madrilera doazen distantzia ertaineko trenak har daitezke. Alvia distantzia luzeko zerbitzua ere eskaintzen da. Bartzelona, Coruña eta Vigo, eta Hendaiara egin daiteke lotura.

Tren guztiak Altsasuko geltokian gelditzen dira. Aldiz, Altsasu-Herria geltokian Castejón, Iruñea eta Gasteizera doazen distantzia ertaineko trenak har daitezke.

Autobusak

Altsasun izan ezik beste herri guztietan dagoen autobus konpainia bakarra La Burundesa da. Honek Sakana eta Iruñea eta Gasteiz lotzen ditu. Autobus batzuek herri guztiak lotzen dituzte eta beste batzuek bakarrik handienak.

Altsasun Continental-Auto enpresak ere egiten ditu geldialdiak Madril eta Irunera bidean. Bilbora joateko Altsasun gelditzen da Iruñea-Bilbo autobusa.

Errepideak

Sakanako errepide nagusia N240 errepidea da. Errepide honek zati bat N1arekin egiten du Ziordiatik Altsasura eta gero berezita doa autobide batean Altsasutik Irurtzunera. Errepide honekiko paralelo errepide zaharra doa, herri guztietatik igarotzen dena.

Honetaz gain N1ek jarraitzen du bere bidea Altsasutik Etzegaratera eta A15a Irurtzunetik Andoainera doan autobidea dago. Bada beste modu bat Gipuzkoarekin komunikatzeko Etxarri-Aranatzetik ateratzen den Lizarrustiko portuko errepidetik. Errepide honek kontrakoaldera Lizarragara joan eta izen bereko mendatea igotzen du Lizarrarako bidean. Urbasara beste errepide bat dago ere Olaztin.

Kultura

Euskara

Erabilpena

Euskararen ezagutza Sakanan ehunekotan
Udalerria 1991 1996 2001
Sakanako egoera linguistikoa erakusten duen mapa koloreztatua. Legenda: ██ <%20 hiztun ██ %20-%40 hiztun ██ %40-%60 hiztun ██ %60-%80 hiztun ██ >%80 hiztun
Altsasu 13,5 16,2 21,6
Arakil 19,5 15,9 19,4
Arbizu 92,3 91,3 83,0
Arruazu 83,3 87,2 73,7
Bakaiku 51,6 51,4 50,6
Etxarri Aranatz 73,9 79,5 73,6
Ergoiena 96,7 91,5 88,3
Irañeta 34,0 44,1 30,3
Irurtzun 21,0 21,3
Iturmendi 24,9 26,2 28,4
Lakuntza 66,7 57,6 60,5
Olazti 13,1 16,0 21,0
Uharte Arakil 29,5 24,8 23,8
Urdiain 86,0 83,2 74,7
Ziordia 11,5 17,8 26,0
Sakana % 35,4 % 36,5 % 37,00
Iturria: Sakanako mankomunitatea

Sakana eskualde euskalduna da. Populazioaren %37k hitz egiten du euskaraz, baina Altsasu kenduko bagenu portzentaje hori %46ra igoko litzateke. Oro har, herri txikietan ez da gehiago hitz egiten, eta Sakanako erdiguneko herrietan euskara gehiago erabiltzen da mugako herrietan baino.

Sakanako euskara

Bonapartek Sakanan hiru euskalki ikusi zituen XIX. mendean: alde batetik, Burundan, Ergoienean eta Etxarrin gipuzkeraz hitz egiten omen zen; bertzetik, Arbizu eta Irañeta bitartean iparraldeko goi nafarreraz; eta bertzetik, Ihabartik ekialdera hegoaldeko goi nafarreraz. Sailkapen horrek kritika asko jaso ditu, eta badirudi Etxarriko euskara sailkatzeko erabili zituen materialak ez zirela egokiak (izan ere, herriko apaizak bertan hitz egiten zen bezala idatzi beharrean, gipuzkoar kutsuko testuak bidali zizkion). Damaso Intzak uste zuen Etxarriko eta Ergoienako euskara ez zela gipuzkera, nafarrera baizik.

Gaur egun, Koldo Zuazoren sailkapen berrian, Etxarritik ekialderako hizkerak (Ergoienekoa barne) nafarreraren barnean daude, eta Burundakoa nahasia da, nafarreraren, erdialdeko euskararen eta mendebaleko euskararen eragina nabari baitzaio.

Hala ere, herri bakoitzak bere esaera eta aditz propioak erabiltzen ditu. Aldea nabarmena da Bakaikuren eta Etxarri-Aranatzen artean, kilometro bateko distantziara egon arren, oso euskara ezberdinaz hitz egiten dute.

Hainbat herritan euskalki propioa galdu da, Ziordia, Olazti eta Altsasun alde batetik, eta Arakilgo ekialdeko herrietan bestetik. Han, adineko jendeak ia-ia ez du hitz egiten. Beste herri batzuetan, ordea, euskaraz hitz egiten du gehiengo osoak, Arbizun edo Ergoienean kasu.

Jose Luis Erdoziak eginiko liburuan[4] hainbat burutzapen ezberdin agertzen dira.

Hedabideak

Jaiak

Altsasua

  • Urtarrilaren 5a - Zentzerrada. Jai erlijiosoa.
  • Urtarrilaren 6a - Urteko kintoen sorteoa egiten da udaletxean.
  • Otsailaren 4a - Kintak eskatzen ateratzen dira.
  • Otsailaren 5a - Kintoak eskatzen ateratzen dira eta hurrengo egunetan dantzatzen dute plazan. Hurrengo larunbatean herriko kinta guztiek bazkaria egiten dute.
  • Inauteriak - Igandean umeak ateratzen dira. Asteartean Momotxorroen ihauteria da. Hurrengo larunbatean Ihauteri urbanoak dira.
  • Maiatzaren 2aren ondorengo igandea - Maiatzako Gurutzea. Urbasara igoera eta azken urte hauetan Altsasuko Alde Zaharreko jaiak egiten dira.
  • Ekainaren lehen asteburuan - Txuntai (Karbonilla) auzoko jai txikiak.
  • Ekainaren 23 San Juan suak - Suak hainbat lekutan eta bereziki San Juan kalean. Hurrengo egunean afariak.
  • Ekainaren 29 San Pedro - Herriko Patroia. Baselizaren inguruetan erromeria egiten da eta zortzikoa dantzatu.
  • Irailaren 14 - Iraileko Gurutzea. Jai Nagusiak dira. 13tik 17ra
  • Urriaren bigarren hamar egunen lehen igandea: Feriak.

Etxarri-Aranatz

Ekainaren 13a - San Kirikoren erromeria

Abuztuaren lehenengo asteburua - Herriko festak

Urriaren lehenengo asteburua - Feriak

Kirola

Kirol talde asko daude Sakanan eta kirol ekitaldi asko ere egiten dira. Besteak beste, txirrindularitza taldea eta sokatira taldea. Honetaz gain, trail mendi lasterketa antolatzen da Sakanako hainbat herritan.

Sakana Trail

Lakuntza - Aralar

Mendira joan-etorria

Olazti - Urbasa

Fitxategi:Lakuntza- Aralar trail lasterketa.pdf
Lakuntza - Aralar lasterketaren ibilbidea

Triku trail

Ontto lasterketa

Kilometro Vertical

Eskualde senidetuak

Sakanar ospetsuak

Erreferentziak

  1. .
  2. Altafaylla, Navarra 1936. De la esperanza al terror, Altafaylla, Tafalla, 2008.188-197. orr.
  3. Altafaylla, Navarra 1936. De la esperanza al terror, Altafaylla, Tafalla, 2008.201-204. orr.
  4. Sakanako hizkeraren araberako idazkera batua[Betiko hautsitako esteka]
  5. Goierri eta Sakanako 21 herrietako hautetsiek bat egin zuten atzo proiektu berri bat aurkezteko San Migel santutegian - Diario Vasco
  • (Gaztelaniaz) - Auñamendi Entziklopedia
  • LUR HIZTEGI ENTZIKLOPEDIKOA, ATLAS HISTORIKOA. EUSKAL HERRIA. Lur Argitaletxea.
  • SAKANAKO MANKOMUNITATEA
  • SAKANERRIA.COM

Kanpo estekak

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Nafarroa