Europako Parlamentua
EAEko gobernua |
---|
Europako Parlamentua Europar Batasuneko (EB) legegintza instituzioa da, Europar Batasuneko estatu kideetako herritarrak ordezkatzen dituena. Legeak onartzeko, Europako Batzordearen eta Europar Batasuneko Kontseiluaren lana gainbegiratzeko eta EBren aurrekontuari buruz erabakitzeko ardura du.
Europako Parlamentuaren egoitza Estrasburgon dago, Frantzian, baina bulegoak ere baditu Bruselan, Belgikan eta baita Luxenburgon ere[1].
Europako Parlamentua 1952an sortu zen, Ikatzaren eta Altzairuaren Europako Erkidegoaren Batzar Komun gisa, eta harrezkero, bilakaera izan du, botere legegileak eta aurrekontu-botereak dituen instituzio bihurtu den arte.
Herritarrek Europako Parlamentuan parte-hartzeak ordezkaritza-demokrazian eta aniztasun politikoan oinarritutako nazioarteko erakunde bihurtzen du Europar Batasuna.
Hasieran instituzio aholku-emailea izatetik, aurrekontu-boterea (1997tik aurrera) eta botere legegilea (1993tik aurrera) izatera pasa zen Kontseiluarekin batera; eta gainera, politika eta kontsulta-kontroleko eginkizunak betetzera. Finean, hori izan zen Lisboako Tratatuaren helburuetako bat, Europako Parlamentua eta Kontseilua maila berean jartzea aurrekontugintza eta legegintzan[2][3].
Osaera eta funtzionamendua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Egoitzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Europar Legebiltzarrak bi egoitza ditu biltzeko: Louise Weiss izeneko eraikina Estrasburgon eta Espace Leopold izenekoa Bruselan. Lehenengoa egoitza ofiziala da, eta osoko bilkurak bertan egiten dira. Bigarrena, handiagoa, komiteen eta alderdi politikoen bilkuretarako zein ohiz kanpoko osoko bilkuretarako erabiltzen da. Europar Legebiltzarreko Idazkaritza Luxenburgon dago.
Kideak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
|
</noinclude> Europako Parlamentuaren osaerari buruzko arau orokorrak Europar Batasuneko osagarri ituek ezartzen dituzte, bereziki aulkien banaketa. Bertan agintzen da, 750 diputatuk gehi lehendakariak osatu behar dutela (gaur egun, 720 aulki daude)[5]. Horrez gain, Estatu kide bakoitzak ezin du 96 aulki baino gehiago izan, ezta 6 baino gutxiago ere. Kontuan hartu beharrekoa da Europako Parlamentuko kideak ez direla estatu kideen ordezkariak, baizik eta Europako hiritarren ordezkariak.
Printzipioz, EBko hiritar guztiak izan daitezke hautesle eta hautagai haien egoitza duten lekuan (horrela ezartzen da Europako Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren−EBFT− 22.2. artikuluan). Hori bai, Tratatuetan araututa ez dagoenari buruz, Estatu bakoitzari dagokio erabakitzea nor izan daitekeen hautesle eta hautagai (horrela, aukera eman ahal zaie EBko kide ez diren estatuen nazionalei)[6].
Gainera, eurodiputatu (eurodiputatuak Europako Parlamentuaren kideak dira) diren bitartean, bateraezintasun batzuk dituzte. Garrantzitsuenak hauek dira: estatu kide baten gobernukide izatea; Kontseiluko kide izatea; Batzordeko kide izatea; Justizia Auzitegiko edo Auzitegi Orokorreko Epaile, Abokatu Orokor edo Idazkari izatea; eta Parlamentu nazional bateko kide izatea. Hau da, kargu horietako batean badaude, ezin izango dira eurodiputatu izan. Horrez gain, estatu kideek beste bateraezintasun batzuk ezar ditzakete.
Azkenik, hauteskundeak sufragio unibertsal, zuzena eta sekretuaren bidez egiten dira.
Europako Parlamentuko Presidentea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Europako Parlamentuak bere presidentea aukeratzen du gehiengo absolutuz. Bere agintaldia 2 urte eta erdikoa izango da (berrizta daitekeena). Funtzioak:
- Europako Parlamentua ordezkatu, bai kanpora begira, bai EBko beste instituzioekiko.
- Jarduera parlamentarioak zuzendu.
- Osoko bilkuraren eztabaidak ikuskatu.
Osoko Bilkura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Osoko bilkura Europako Parlamentua da zentzu hertsian, eta haren biltzarren burua Europako Parlamentuko Presidentea da. Hilero, abuztuan izan ezik, Estrasburgon biltzen da. Bilera gehigarriak Bruselan egiten dira.
Organo Politikoak (Lan parlamentarioen antolakuntza)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Mahaia: Presidenteak eta 14 presidenteordeek boto izango dute. Kuestoreek ez dute botorik izango. Gai ekonomikoez eta administratiboez eta antolakuntzaz arduratzen da, azken horiek.
- Presidenteen konferentzia: Europako Parlamentuko Presidenteak eta talde politikoen Presidenteek boto izango dute. Inskribatu gabeen taldeko batek ere parte hartuko du, baina ez du botorik izango.
- Europako Parlamentuaren batzordeetako Presidenteen Konferentzia.
Talde politikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Europako Parlamentuaren talde politikoak ez dira osatzen nazionalitatearen arabera, baizik eta ideologia antzekoa dutenek talde politiko bat osatuko dute. Talde politikoak estatu kideen laurden batean gutxienez hautatutako diputatuek osatuko dute, eta talde politiko bakoitzak gutxienez 25 diputatu izan behar ditu. Eurodiputatu bat ezin da talde politiko bat baino gehiagoko kide izan.
2014ko urriaren 17an, Erresuma Batuko UKIP, Italiako 5 Izar Mugimendua eta beste zenbait alderdi euroeszeptiko biltzen zituen taldea desegin behar izan zuten Europako Parlamentuan. Izan ere, Askatasunaren eta Demokrazia Zuzenaren Europa taldeak zazpi estatutako diputatuak zeuzkan, baina Letoniako kide batek utzi zuenez gero, ez zituen taldea osatzeko baldintzak betetzen[7].
Kolorea | Diputatuak
(2024-2029)[8] |
Taldea[9] | Siglak |
---|---|---|---|
188 | Europako Alderdi Popularra | EAP edo PPE | |
136 | Sozialista eta Demokraten Aliantza Progresista | S&D | |
77 | Renew Europe | RE | |
78 | Europako Kontserbadoreak eta Erreformistak | ECR | |
53 | Berdeak-Europako Aliantza Librea | Berdeak-EFA | |
86 | Patriots for Europe | PoF | |
25 | Europe of Sovereign Nations | ESN | |
46 | Europako Ezker Unitarioa/Ezker Berde Nordikoa | GUE/NGL | |
30 | Bestelakoak - Inskribatu gabeak | NI | |
-- | 720* | Guztira | -- |
*Oraingoz 719 eurodiputatu dira guztira, Espainiak aulki bat oraindik ez duelako bete.
Alderdia | Burua(k) | Eurodiputatuak (2014-2019) | ||
---|---|---|---|---|
EPP-ED | Joseph Daul | 288 | ||
PES | Martin Schulz | 217 | ||
ALDE | Guy Verhofstadt | 100 | ||
UEN | Brian Crowley Cristiana Muscardini |
44 | ||
G-EFA | Monica Frassoni Daniel Cohn-Bendit |
43 | ||
GUE-NGL | Francis Wurtz | 41 | ||
ID | Nigel Farage Kathy Sinnott |
22 | ||
Bestelakoak | 30 | Iturria: Europar Legebiltzarra |
Batzorde parlamentarioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Batzorde parlamentarioak izan daitezke (EBFT 226. art.):
- Iraunkorrak edo iragankorrak.
- Orokorrak edo bereziak.
- Ikerketako batzordeak.
Gaur egun martxan dauden batzorde parlamentarioak honakoak dira[10]:
- Batzorde iraunkorrak:
- Atzerri Gaiak
- Giza Eskubideak
- Segurtasuna eta Defentsa
- Garapena
- Nazioarteko Merkataritza
- Aurrekontuak
- Aurrekontu-kontrola
- Ekonomia- eta moneta-gaiak
- Zerga-gaiak
- Enplegua eta Gizarte Gaiak
- Ingurumena, Osasun Publikoa eta Elikagaien Segurtasuna
- Osasun Publikoa
- Industria, Ikerketa eta Energia
- Barne-merkatua eta kontsumitzailearen babesa
- Garraioak eta Turismoa
- Eskualde-garapena
- Nekazaritza eta Landa Garapena
- Arrantza
- Kultura eta Hezkuntza
- Gai Juridikoak
- Askatasun zibilak, Justizia eta Barne Gaiak
- Konstituzio-Gaiak
- Emakumeen eskubideak eta genero berdintasuna
- Eskaerak
- Batzorde bereziak:
- COVID-19en pandemia: Ateratako ikasketak eta etorkizunerako gomendioak
- Atzerriko Esku-sartzeei eta Desinformazioari buruzko Batzorde Berezia, eta Europako Parlamentuan Integritatea Indartzea
- Ikerketa-batzordeak:
- Pegasus zaintzako programa eta beste programa baliokide batzuk erabiltzea
Estatu kideen eta ideologien ordezkapenaren arabera osatzen dira. Bere funtzioa Osoko Bilkurak eskatutako gaiak aztertzea da; eta ondoren, txosten eta erabaki bat egingo dira.
Bozka sistema
[aldatu | aldatu iturburu kodea]EBFT 231. artikuluaren arabera, printzipioz, erabakiak emandako botoen gehiengoz hartuko dira; hau da, erabaki zehatz bat hartzeko prozedura azaltzen duen artikuluan beste gehiengo bat zehazten bada, hori jarraituko da.
Europako Parlamentuaren eskumenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kontrol politikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Europako Batasunaren politiken gidaritza oro har kontrolatzen du. Kontrol demokratikoa ikerketa-batzordeen bidez eta nazioarteko erakundeak osatzen dituzten pertsona ospetsuen izendapenean parte hartuz antolatzen da.
Parlamentuak kontrol politikoa egin dezake ondorengo tresnekin:
Interpelazioak eta galderen txandak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Galderak interpelazioak dira, eta europarlamentariek Europako Batzordeari, Kontseiluari edo Europako Banku Zentralari iritzia, informazioa edo azalpena eskatu ahal diote, instituzio horien eskumenari edo Europar Batasunaren jarduera osoari eragiten dion gai jakin bati buruz.
Urteko Txosten Orokorra eta beste txosten batzuk
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tratatuek aurreikusi dutenez, Batzordeak urtero (otsailero) aurkeztuko dio aurreko urteko jarduerari buruzko informazioa jasotzen duen txosten orokor bat (EBFT 233. art.).
Legebiltzarreko batzorde iraunkorrek txostena aztertzen dute, eta Osoko bilkuran horri buruzko eztabaida sortzen da, baita ebazpen bat onartu ere.
Bestalde, Europako Parlamentuak Batasunaren politikako sektore zehatzen berri zehatza du Batzordeak aurkezten dituen sektore-txostenen bidez.
Zentsura mozioa (EBFT 234. art. eta barne erregelamenduko 107. art.)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zentsura-mozioa Batzordearen aurka baino ez da zuzentzen, haren kudeaketagatik erantzukizun politikoak eskatzeko (EBFT 234. art.).
Zentsura-mozioa eurodiputatuen hamarrek aurkez dezakete. Idatziz planteatu beharko da, eta arrazoituta egon beharko du. Bozketa nominala eta publikoa da, eta adierazitako botoen gehiengo bikoitza behar du, hau da, alde batetik, bi heren eta, bestetik, Europako Parlamentua osatzen duten kideen gehiengo osoa.
Zentsura-mozioak onespena lortzen badu, Batzordeko presidenteak eta batzordekideek dimisioa eman beharko dute kolektiboki. Atzerri- eta Segurtasun-politika erkideko Goi-ordezkariak Batzordearen presidenteorde kargua utziko du.
Tresna horiez guztiez gain, honako hauek ere badaude: aldi baterako ikerketa batzordea (EBFT 226. art.) eta beste instituzio batzuen izendapenetan parte hartzea, besteak beste.[11]
LuxLeaks auzia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2014ko azaroaren 12an, LuxLeaks auzia zela eta “interes-gatazkarik izan ez” zela izan ziurtatu zuen Europako Batzordearen presidenteak. Baina, “baliteke, Luxenburgon zerga ingeniaritza gehiegi izatea”, adierazi zuen Junckerrek[12]. Azaroaren 24an, Europako Parlamentuan Junckerren aurkako zentsura-mozioa izan zuten eztabaidagai, izan ere, Luxenburgok 340 multinazionalekin ezkutuko akordioak sinatu zituela jakin zen. Hala ere, ez zuen aurrera egingo euroeszeptikoen eta ultraeskuinaren babesa bakarrik zuelako[13].
Ekimen araugilea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ekimen araugilea Batzordearen eskumen tradizionala da. Hala ere, Lisboako Tratatuaz geroztik eskubide hori gehiago partekatzen da, Europar Batasuneko Kontseiluarekin eta Europako Parlamentuarekin. Beraz, esan ohi da Batzordeak lege-ekimenaren ia erabateko monopolioa duela. Europako Parlamentuak askotan eskatu du ekimen araugile hori izatea, hala ere, estatu kideek ezetza eman izan diote. Gainera, Europako Parlamentuak Batzordeari proposamenak egitea eska diezaioke eta horrek ezetza ematen badu, horren arrazoia azaldu behar du (EBFT 225. art.). Batzordeak Parlamentuaren proposamenari ezetza ematen badio arrazoirik eman gabe, Parlamentuak honakoa egin dezake:
- Interpelazioak.
- Ez-egiteagatiko prozedura bati hasiera ematea. (EBFT 265. art.).
- Zentsura mozio bat aurkeztea.
Europako Parlamentuak ekimen legegile mugatua du kontu batzuk arautzeko:
- Europako Parlamentuaren kideen hautatzeko prozedura: EBFT 223.1. artikulua.
- Europako Parlamentuaren kideen Estatutua eta funtzioen egikaritza: EBFT 223.2. artikulua.
- Europako Parlamentuaren ikertzeko eskumena arautzeko: EBFT 226. artikulua.[14]
Prozesu araugilean dituen eskumenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ondorengo hauek dira esparru horretan dituen zenbait eskumen:
Kontsulta arrunta
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tratatuen arabera, arauak onartzeko prozedura jakin batzuetan, Europar Batasuneko Kontseiluak eta Batzordeak Europako Parlamentuaren irizpena eskatu eta kontuan hartu behar dute. Kasu horietan, irizpen hori loteslea ez bada ere, Kontseiluak edo Batzordeak Europako Parlamentuari kontsulta hori egin gabe prozedura araugile bat aurrera eramaten badute, ezarritako prozedura jarraitu ez denez, Kontseiluak edo Batzordeak hartutako erabakia baliogabetu ahalko zen, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren aurrean deuseztasun-errekurtso bat aurkeztuz.
Horrez gain, Europako Parlamentuaren parte hartzea gero eta garrantzitsuagoa da Legegintza prozeduretan.
Deliberazio ahalmena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ahalmen horri esker, Parlamentua eskuduna da bere kabuz eztabaidatu eta iritzia emateko Europar Batasunaren barneko edo kanpoko jardueren esparruan sartzen diren gaiei buruz. Adibidez, giza-eskubideen urraketa bat eman bada, Europako Parlamentuak aukera izango du bere iritzia emateko. Hemen, gakoa da berak erabakitzen duela bere iritzia adieraztea.
Legegintza prozedurak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Horrez gain, Europako Parlamentuak ahalmena du legegintza-prozeduretan parte hartzeko. Hala ere, Europako Parlamentuaren rola aldatuko da zer motatako legegintza-prozeduraren aurrean gauden arabera:
- Legegintza Prozedura Arrunta. Batzordeak lege-egintza berri baten proposamena egiten du, eta proposamen hori Kontseiluari eta Parlamentuari bidaltzen die. Proposamena aztertu ondoren, Kontseiluak eta Europako Parlamentuak aurkera izango dute aldaketak proposatzeko, eta ondoren, biek bozkatuko dute, erabakitzeko lege-egintza hori onartzen den edo ez (EBFT-aren 289.1. eta 294. art.).
- Legegintza Prozedura Berezia. Hemen ere Batzordeak lege-egintza berri baten proposamena egingo du. Hala ere, hemen Kontseiluak bakarrik edo Europako Parlamentuak bakarrik onartzeko edo ez onartzeko aukera izango du. Gehienetan, Kontseilua da onartzeko aukera duena, eta beraz, Europako Parlamentuak aldez aurretiko onespena emango du, edo kontsultatua izango da.
Aurrekontuan dituen ahalmenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Europako Parlamentuaren aurrekontu-funtzioen artean ondorengoak barnebiltzen dira: EBren urteko aurrekontua onartzea, aldatzea eta kontrolatzea, funtsak modu egokian eta EBren politika eta lehentasunekin bat etorriz erabiliko direla ziurtatuz, eta Batzordearekin eta Kontseiluarekin elkarrizketa batean parte hartuz aurrekontu-prozesu osoan.
Aurrekontua onartzeko prozedurari dagokionez, aurrekontugintza egiten du Kontseiluarekin batera.[15]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Sobre el Parlamento. (s. f.). Sobre el Parlamento. https://www.europarl.europa.eu/about-parliament/es
- ↑ The European Parliament: Historical background | Fact Sheets on the European Union | European Parliament. (s. f.). https://www.europarl.europa.eu/factsheets/en/sheet/11/the-european-parliament-historical-background
- ↑ Mangas Martin, Araceli eta Diego J. Liñan Nogueras (2020), Instituciones y Derecho de la Unión Europea, 10. ediz, Tecnos, Madril. 405-406. orrialdeak.
- ↑ (Ingelesez) «What are European elections and how do they work?» European elections 2024: all you need to know (Noiz kontsultatua: 2024-11-29).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Eurodiputados» Eurodiputados (Noiz kontsultatua: 2024-11-21).
- ↑ Mangas Martin, Araceli eta Diego J. Liñan Nogueras (2020), Instituciones y Derecho de la Unión Europea, 10. ediz, Tecnos, Madril. 407-417. orrialdeak.
- ↑ «Alderdi euroeszeptikoen taldea desegin dute Europako Parlamentuan», Berria, 2014-10-17
- ↑ (Ingelesez) «Browse table | Search | MEPs | European Parliament» www.europarl.europa.eu (Noiz kontsultatua: 2024-11-29).
- ↑ (Ingelesez) «The political groups» The political groups (Noiz kontsultatua: 2024-11-29).
- ↑ Lista de comisiones | Acerca de | Comisiones | Parlamento Europeo. (s. f.). https://www.europarl.europa.eu/committees/es/about/list-of-committees
- ↑ Mangas Martin, Araceli eta Diego J. Liñan Nogueras (2020), Instituciones y Derecho de la Unión Europea, 10. ediz, Tecnos, Madril. 417-422. orrialdeak
- ↑ «Juncker: 'Ez dut legez kontrako praktiken berri izan Luxenburgon'», EiTB, 2014-11-12
- ↑ «Europako Parlamentuan, Junckerren aurkako zentsura-mozioa eztabaidagai»[Betiko hautsitako esteka], EiTB, 2014-11-24
- ↑ Mangas Martin, Araceli eta Diego J. Liñan Nogueras (2020), Instituciones y Derecho de la Unión Europea, 10. ediz, Tecnos, Madril. 423-424. orrialdeak
- ↑ Mangas Martin, Araceli eta Diego J. Liñan Nogueras (2020), Instituciones y Derecho de la Unión Europea, 10. ediz, Tecnos, Madril. 505-509. orrialdeak
Ikusi ere
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Araudia (Europar Batasuna)
- Zuzentaraua (Europar Batasuna)
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Europar Legebiltzarraren webgune ofiziala (Bulgarieraz) (Txekieraz) (Danieraz) (Alemanez) (Estonieraz) (Grezieraz) (Ingelesez) (Gaztelaniaz) (Frantsesez) (Gaeleraz) (Italieraz) (Letonieraz) (Lituanieraz) (Hungarieraz) (Malteraz) (Nederlanderaz) (Polonieraz) (Portugesez) (Errumanieraz) (Eslovakieraz) (Eslovenieraz) (Finlandieraz) (Suedieraz)