Maxim Kontsevitx
Maxim Lvovitx Kontsevitx (errusieraz: Макси́м Льво́вич Конце́вич; Khimki, Errusiako SESF, 1964ko abuztuaren 25a) errusiar matematikaria da. Frantziako Ikerketa Zientifiko Aurreratuetarako Institutuko irakasle eta Estatu Batuetako New Brunswickeko Rutgers Unibertsitateko irakasle bisitaria da. Moskuko Unibertsitatean ikasi ondoren, Informazioa Prozesatzeko Problemen Institutuan lan egin zuen. 1992an eskuratu zuen doktoregoa, Bonngo Unibertsitatean (Alemania). Harvard, Princeton, Berkeley eta Bonnen lana egiteko aukera eman zioten. Kontsevitxek matematika hutsaren eta fisika teorikoaren arteko erlazio asko sortu ditu, Richard Feynmann eta Edward Wittenek egindako lanaren eraginpean bereziki. Ekarpenik garrantzitsuenak korden teorian eta kuantuen teorian egin ditu. Dena dela, geometriako lau problema ebaztu zituenean egin zen ezaguna. Wittenen konjetura bat frogatzeaz gainera, grabitazio kuantikoko bi ereduen baliokidetasun matematikoa ere frogatu du.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.