Shigefumi Mori
Shigefumi Mori (japonieraz: 森 重文 Mori Shigefumi , Nagoya, 1951ko otsailaren 23a) japoniar matematikaria da. Kiotoko Unibertsitatean egin zituen lehenengo ikasketak, eta 1975ean jaso zuen titulua. Hantxe egin zituen doktorego-ikasketak, Masayoshi Nagataren zuzendaritzapean. 1978an aurkeztu zuen bere tesia, The endomorphism rings of some abelian varieties (Aldaera abeliano batzuen endomorfismo eraztunak). 1980an, Nagoyako Unibertsitatean, matematikako irakasle izendatu zuten, eta 1990ean katedra bat eskuratu zuen Kiotoko Unibertsitatean. 1977-1988 urteetan denboraldi luzeak egin zituen Estatu Batuetan, Harvarden, Ikerketa Aurreratuetarako Institutuan, Columbiako Unibertsitatean eta Utahko Unibertsitatean. Morik geometria aljebraikoa landu du, aldaera aljebraikoak bereziki. Honela, Castelnuovo, Enriques, Severi, Zariski, eta Kodairaren lana jarraitu du. 1990eko Nazioarteko Kiotoko Kongresuan Fields domina eman zioten, geometria aljebraikoaren esparruan egindako lanari esker. 1978an Hartshorneren aierua, lehenengo aldiz 1970an azaldu zena, frogatu zuen. Beste sari asko ere jaso ditu: Japoniako Matematikako Elkartearen Yanaga saria (1983), Chunichi Kultura saria (1984), Japoniako Matematikako Elkartearen saria (1988, Kawamatarekin batera), Inoue saria (1989), eta Aljebrako Cole saria, Ameriketako Elkarte Matematikoaren eskutik (1990).
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Shigefumi Mori |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.