Edukira joan

Simón Bolívar

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Simón Bolívar


1. Boliviako presidentea

1825eko abuztuaren 12a - 1825eko abenduaren 29a - Antonio José de Sucre
Peruko presidente

1824ko otsailaren 8a - 1827ko urtarrilaren 28a
José Bernardo de Tagle - Andrés de Santa Cruz

Kolonbia Handiako lehendakari

1819 - 1830

Venezuelako presidentea

1817ko urriaren 1a - 1819ko otsailaren 24a - José Antonio Páez

Venezuelako presidentea

1813ko abuztuaren 7a - 1814ko uztailaren 16a
Francisco de Miranda - Simón Bolívar
Bizitza
JaiotzaCaracas eta Birthplace of Simón Bolívar (en) Itzuli1783ko uztailaren 24a
Herrialdea Espainia  1811)
 Bolivia  1825eko abenduaren 29a)
 Ekuador  1827)
 Venezuela  1819)
 Kolonbia Handia  1830)
BizilekuaCasa del Vínculo y del Retorno (en) Itzuli
Ingenio Bolívar (en) Itzuli
Lehen hizkuntzagaztelania
HeriotzaQuinta de San Pedro Alejandrino (en) Itzuli1830eko abenduaren 17a (47 urte)
Hobiratze lekuaCathedral of Santa Marta (en) Itzuli
Caracasko katedrala
Venezuelako panteoi nazionala
Heriotza moduaberezko heriotza: tuberkulosia
Sukar tifoidea
Familia
AitaJuan Vicente Bolívar y Ponte
AmaMaría de la Concepción Palacios y Blanco
Ezkontidea(k)María Teresa del Toro Alayza  (1802ko maiatzaren 26a -  1803ko urtarrilaren 22a)
Bikotekidea(k)
Haurrideak
Familia
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
frantsesa
Irakaslea(k)Simón Rodríguez (en) Itzuli
Andrés Bello
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria eta ofizierra
Jasotako sariak
Zerbitzu militarra
Graduajeneral
Parte hartutako gatazkakAmeriketako Espainiar lurraldeen independentzia gerrak
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaRegular Masonic jurisdictions (en) Itzuli

Find a Grave: 11917 Edit the value on Wikidata

Simón Bolívar[1], jaiotzako izenez Simón José Antonio de la Santísima Trinidad Bolívar y Palacios Ponte y Blanco (Caracas, Venezuela, 1783 uztailaren 24Santa Marta, Kolonbia, 1830 abenduaren 17), Askatzailea ezizenez ezaguna, Latinoamerikako herrialdeak Espainiar Inperioarekiko independentzia lortzeko prozesuaren bultzatzaile nagusia izan zen. Venezuela eta Kolonbiako lehendakaria izan zen, Peruko askatzailea eta Boliviako presidentea. Azken herri horretako konstituzioa idazteaz gain, izena haren omenez jarritakoa da. Euskal Herriko arbasoak zituen, Ziortza-Bolibar (Bizkaia) herriko jatorrikoa baitzuen familia.

1813an, Askatzailea titulua eman zioten Meridako kabildoan, Venezuelan eta, urte berean Caracasen ere gauza bera egin ziotenean, titulu hura izenari lotuta geratu zitzaion betirako.

Kolonbia Handiaren sorreran parte hartu zuen eta lehendakari izan behar zuen Ameriketako konfederazio politiko eta militar handia indartzeko ahaleginetan ibili zen. Ameriketako Gizona kontsideratzen dute Bolívar eta Historia Unibertsalaren pertsonaia nabarmena, nazionalismo latinoamerikar askotan gurtzen dutena. Antzeko ideia edo korronte politiko-sozialek bolivarianismo izena hartzen dute.

Sendiaren jatorria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bolívarren sendia Bizkaiko Ziortza-Bolibar izeneko herrixkatik zetorren, garai hartan, Markinako merindadeari zegokiona. Venezuelara iritsi zen lehenengoa Simón de Bolívar izan zen, semearekin batera, hiria sortu eta 30 urtera, 1589 inguruan. Biek izen bera zutenez, Simón Bolívar Zaharra eta Simón Bolívar Gaztea deitu zitzaien.

Filipe II.aren pribilegio berezi bati esker, Bolívar Zaharra Errege Kontadorea izan zen. Izendapenaren tituluan konfiantza osoko Errege Ogasunaren zaintzaile dela esaten du eta kargu horretan aritu ziren aita-semeak, Margaritan eta Caracasen.

Espainiako Gorteentzako Caracas, Coro, Trujillo, Barquisimeto, Carora, El Tocuyo eta Maracaiboko prokuradore orokorra ere izan zen 1590 eta 1593an. Filipe II.a probintziaren egoeraz informatu behar zuen eta hobekuntzak, zerga salbuespenak edo pribilegioak eskatu behar zituen. Indiako Kontseiluaren aurrean gaur egun kontserbatzen duen armarria lortu zuen Caracasentzat eta Muy noble y leal titulua ere bai.

Denbora aurrera, Bolívar familiakoak Venezuelako biztanleekin ezkontzen joan ziren eta kargu ezberdinak lortzen, errejidore, errege alferez eta beste batzuk, Bolívarko markesa edo Cocoroteko bizkondea bezala, Cocoroteko meategien zesioari eta Aroa jaurgoa administratzeko eskumenari lotuak. Tituluak ez baziren sekula esleitu ere, kobre meategi haiek oso aberatsak ziren.

Palacios familia, berriz, Miranda de Ebrotik zetorren, gaurko Burgosen. Venezuelara iritsi zen familia honetako lehenengoa José Palacios de Aguirre y Ariztía-Sojo y Ortiz de Zárate izan zen, Miranda de Ebrokoa. 1647an iritsi zen eta Caracasen hil zen 1703an. Gainontzeko ondorengoak beste familia aristokraten kidekin ezkontzen joan ziren eta alkate, errejidore, prokuradore eta abar izan ziren. Bi belaunaldi geroago jaio zen María de la Concepción Palacios de Aguirre y Ariztía-Sojo y Blanco, Feliciano Palacios de Aguirre y Ariztía-Sojo y Gil de Arriata eta Francisca Blanco de Herreraren alaba. Azken hau kanariar jatorriko familia batetik zetorren. María de la Concepción izango zen Simón Bolívarren ama.

Simón Bolívar

Simón Bolívar Caracasen jaio zen, Venezuelan, 1783 uztailaren 24ko gauean, Bolibar-Jauregi bizkaitar jatorriko familia venezuelar aberatsaren baitan. Aita Juan Vicente Bolívar y Ponte-Andrade izan zuen eta ama, berriz, María de la Concepción Palacios y Blanco, Caracaseko aristokraziako kideak biak. Bikotea 1773an ezkondu zen eta urte dexenteko adin diferentzia zuten bien artean, Juan Vicentek 47 urte zituenean, Concepciónek 15 besterik ez baitzituen. Bost seme-alaba izan zituzten, haietako hiru Simón baino zaharragoak eta bestea, berriz, gazteagoa: María Antonia, Juana Nepomucena, Juan Vicente eta María del Carmen (azken hori jaio eta egun gutxira hil zen).

Umea 1783ko uztailaren 30ean bataiatu zuten Caracasko katedralean, Simón José Antonio de la Santísima Trinidad de la Concepción izena eman ziotelarik.

1786ko urtarrilean, Simonek 2 urte besterik ez zituen aita tuberkulosiak hil zuenean eta Concepción familia buru bilakatu zen, orduan. Hau ere tuberkulosiak jota geratu zen eta beherakada handia egin zuen eta litekeena da, era berean, Simón berak ere garai honetan harrapatzea, gerora azaldu bazitzaion ere. 1792ko uztailaren 6an hil zen Concepción, Simonek 9 urte zituenean. Andreak testamendua idatzita utzi zuen eta seme-alaben etorkizuna lotuta. Simonen senideak aitonarekin joango ziren, Feliciano Palaciosekin. Gaixo zegoen, jada, eta segituan hasi zen bera ere testamentua prestatzen, ilobentzako tutore egoki baten bila. Simón osabarengana joan behar izan zuen, Esteban Palacios y Blancorengana, baina hau Espainian zegoen eta beste osaba batek hartu zuen haren kargu. Gogorra omen zen hau eta ez omen ziren ondo eramaten. Maiz alde egiten omen zuen Caracasetik eta Simón zerbitzarien kargu uzten omen zuen orduan.

Simón Rodríguez izan zen Simonen maixu eta, osaba beti kanponan zenez, harekin bizitzen jartzeko asmoa azaldu zen, baina, 1795eko uztailaren 23an, mutilak alde egin zuen, ez baitzuen maixuarekin bizi nahi, eta arreba Maria Antoniarengana joan zen bizitzera. Indarrez atera zuten haren etxetik eta esklabo batek eraman zuen, arrastaka, maixuaren etxera. Beste 20 bat lagunekin bizi behar izan zuen haren etxean eta, Simonek beste pare bat alditan alde egin zuen handik. Azkenean, Rodríguezek kargua utzi eta Europarantz etorri zen, Caracaseko Errege Audientziak Simón osaba Carlosen etxean zegoen Matematikako Akademian sartzea erabaki zuelarik.

Hamabost urte zituenean, Bolívar Espainiara bidali zuten ikasketekin segitzera. 1800ean, hamazazpi urte zituela, Madrilen María Teresa Rodríguez del Toro y Alaiza ezagutu zuen, baietza eman zion Simonekin ibiltzeari eta, 1802ko maiatzaren 26an ezkondu ziren Fríasko dukearen jauregiko antzokian, San José parrokia zegoenean; Bolívarrek 19 urte zituen eta Maria Teresak, 21. Handik hogei egunera, A Coruñara joan ziren.

1802ko ekainaren 15ean, ezkonberriak Caracasera joan ziren eta uztailaren 12an, La Guairara iritsi. Aste batzuen buruan, Maria Teresa gaixotu zen. Sukar gaizto batzuek heldu zioten —hots, paludismoak— eta 1803ko urtarrilaren 22an hil egin zen. Bolívarren zoritxarra handia izan zen eta bidaiatzeari ekin zion, galera ahaztu nahian. Sekula ez zela berriz ezkonduko agindu zion bere buruari.

Europarako bigarren bidaia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emaztea hil zitzaion urte berean, Parisera bidaiatu zuen eta Simón Rodríguezekin elkartu zen: hura irakasle izan zuen eta harekin klasikoak irakurri eta jakintza unibertsalean sakondu zuen. Elkarrekin Italiara ere joan zen eta 1805eko abuztuaren 15ean, Erromako Monte Sacron egin zuen bere aberria askatzeko zina.

1806an, Venezuelara itzuli zen eta, familiaren negozioak kudeatzen zituen bitartean, iraultzaren ahaleginekin egin zuen bat.

Bizitza militarra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Independentziaren aurrekoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1808an zehar, Napoleonen presioek Karlos IV.aren egoera okertu zuten eta, 1808ko martxoaren 19an, bere seme Fernando VII.aren eskuetan utzi zuen koroa Aranjuezko altxamenduaren ondoren. 1808ko maiatzaren 5ean, berriz, Karlos IV.ak eta Fernando VII.ak tronua Napoleonen esku utzi beharrean izan ziren, anaia Jose ezarriko zuelarik Espainiako errege. Espainiako herriaren erantzuna Independentzia Gerra izan zen.

Ameriketako juntak arreta handiz begiratu zuten Espainiarantz, baina Cadizko Gorteak zirela gogokoen zirudien. Espainian errezeloa zabaldu zen, amerikako armada frantsesen aldekoa ote zen. Baina, aldi berean, penintsularen antzeko eskubideak aitortzen zitzaizkien, Espainiako parte baitziren eta ez kolonia soilak.

Pixkanaka, bi bando osatu ziren:

  • "erregezaleak", Juan de Casas buru, Espainiako erregearen mende jarraitu nahi zuteneak, orain arte bezala.
  • "patriotak", Espainiako probintzia juntaren antzera funtzionatu nahi zutenak. Fernando VII.a erregea onartzen zuten, baina autonomia gehiago nahi zuten metropoliarekiko.

1807an Bolívar Caracasera itzuli zenean, nahaste borrastea aurkitu zuen hango gizarte eta politikan eta begi txarrez begiratzen zioten Joaquín de Mosquera y Figueroa izeneko errejidoreari.

Bolívarrek garbi zuen ordurako Ameriketaren independentzia ezinbestekoa zela eta ingurukoak ideia horretara erakartzen saiatu zen. Ez zuen arrakastarik izan, ordea, anaia Juan Vicenteren kasuan izan ezik, Europatik zetozen albisteak berankorrak eta ilunak baitziren.

Egoera bat-batean aldatu zen. 1808ko uztailean, Juan de Casas Caracasko gobernadoreak The Times egunkariaren ale pare bat jaso zituen abdikazioaren berri emanez eta Espainiako tronua Napoleonen esku geratu berri zela azalduz. Sekretua mantentzen saiatu baziren ere, alferrik izan zen, frantses ugari etorri baitzen segituan eta nonahi zebilen espainiar monarkia ez deusean geratu zen kontua.

Pixkanaka, independentzia uholdea geldiezina egin zen eta Caracaseko adibidea gainontzeko juntek ere jarraitu zuten.

Gobernu era berri baten itxaropena zabaltzen joan zen eta ahaleginetan hasi ziren. Karibeko Itsas Armada Britainiarreko Thomas Cochranek albisteak Londresa bidali zituen eta, delegazio batek hara joan nahi izanez gero, Caracaseko juntaren eskura jarri zuen Wellington korbeta.

Bolívar bidali zuten Ingalaterrara koronel karguan eta Andrés Bello eta Luis López Méndez joan ziren berarekin misio diplomatikoan. Fernando VII.ari laguntza eskaintzeko aukeraz hitz egin nahi zuten, lehen ez bezala, bi nazioak hurbilduta baitzeuden Napoleonen aurka.

Hala ere, garai txarretan etorri zen Venezuelako delegazioa Londresa, garesti ateratzen ari baitzitzaion Espainiako interbentzioa, baina Lord Wellesleyk bere etxe propioan, Apsley Housen, hartu zituen hala ere. Espainiak koloniekin negoziatzeko moduak ahalbidetzea zuen helburu eta esparru horretara bultzatu zuen elkarrizketa. Delegazioaren helburuak ez baziren bete ere, Francisco de Miranda Londresen egotea oso baliagarria izan zen eta hainbat konpromiso hartzea ahalbidetu zuen.

Azken batean, Bolívarrek nolabaiteko patxada lortu zuen Ingalaterrarekiko harremanetan, komertzioa irekitzea eta, Venezuelaren interesen alde, Ingalaterrak Espainiaren gainean presioa egitea.

Bolívar I. errepublika garaian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ingelesekin ordezkari bat Londresen geratuko zela adostu eta gero, 1810eko abenduaren 5ean, Bolívar La Guairara itzuli zen Shaphire korbetan eta Mirandaren itzulerarako ahaleginak egin zituen handik. 1810eko abenduaren 10ean gertatu zen hori eta Junta Gorenak teniente jeneral egin zuen hura.

Bitartean, Bolívar erabat sartuta zegoen Independentziaren aldeko mugimenduetan eta ez zen 1811ko abenduaren 21eko konstituzioarekin ados egon, Venezuelako egoerarekin zerikusirik ez zuen AEBetakoaren kopia literala kontsideratzen baitzuen.

1811ko abuztuaren 13an, Francisco de Mirandaren indarrek garaipen garrantzitsuak lortzen ari ziren errebeldeen aurka eta orduan hasi zen Bolívarren benetako karrera militarra. Izandako arrakastaren aurrean, Mirandak koronel egiteko proposamena egin zuen eta Caracasera bidali zuen garaipenaren berri emateko.

Bolívarrek garrantzi handia izan zuen Araguako bailaran animoa altxatzen eta Miranda jeneralak berriro igo zuen karguz, Venezuelako gotorleku garrantzitsuena zen Puerto Cabelloko buruzagi eginez. Hortxe zeuden gerrako preso garrantzitsuenak San Felipe gazteluan eta errepublikarren artsenal militarraren gehiengoa ere hantxe gordetzen zuten.

Presoek ofizialetako bat sobornatu zuten eta ezustekoa eman zuten, San Felipe gaztelua hartuz eta Puerto Cabello bonbardatuz. Bolívar, guarnizioa berreskuratu nahian, 6 egunetako borrokan murgildu zen. Aurkariak 40 bat besterik ez ziren, baina ezin zen gaztelura kainoien bidez iritsi eta hiria Domingo Monteverde kapitainaren indarren erasoak nozitzen hasi zen. Gazteluari aurrez-aurre erasotzeko ahalegina egin zuen, baina porrota izan zen eta Bolívar ihes egin beharrean izan zen, itsasoz.

Hau gutxi balitz, 1812ko martxoaren 26an, lurrikara botitza izan zen eta, nahaste-borraste hartan, 1812ko uztailaren 26an, Mirandak amore eman behar izan zuen eta La Victoriako itunak Espainiaren nagusitasuna ezarri zuen berriro Venezuelan.

1812ko uztailaren 30ean, Miranda La Guairara iritsi zen Sapphire ontzi ingelesera igotzeko asmoz. Gutxik zekiten, errepublikar ofizialek traizio bezala hartu zituzten Monteverderekin eginiko negoziazioak Kongresuaren aginduz egin zirela eta ez Mirandaren gustukoak zirelako. Hau Manuel María Casas koronelaren etxean zegoen, Miguel Peña eta Simón Bolívar, beste askoren artean, joan zitzaizkionean geratzeko eskatuz. Goizeko ordubiak aldera, Miranda lotan zegoen, Casas, Peña eta Bolívar beste 4 soldaduekin logelan sartu zitzaizkionean, ezpata eta pistola kendu eta Monteverde espainiarrari entregatu zioten, preso.

Traizio honi eskerrak emanez, Francisco-Antonio de Yturbe y Hérizek atzerriratu ahal izateko eskatuta zuen salbokonduktoa eman zion Bolívarri, Monteverderen laguntza bereziarekin. Espainiar buruzagiak Miranda entregatzea estatu espainiarrari eginiko zerbitzu bezala aurkeztu zuen:

« Debe satisfacerse el pedido del coronel Bolívar, como recompensa al servicio prestado al rey de España con la entrega de Miranda. »

Miranda atxilotu zuten (1812) eta Cadizko presondegian sartu, hil zen arte (1814).

Cartagenako manifestua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1812ko abuztuaren 27an, Monteverdek ingelesek okupatuta zuten Curazao uhartera joan ahal izatekoa baimena eman zion Bolívarri. Jesús, María y José izeneko goleta espainiarrean joan zen, José Félix Ribas, Vicente Tejera eta Manuel Díaz Casadorekin batera eta hantxe egon zen denbora batez.

Gero, Cartagena de Indiasera joan zen, Granadako Erresuma Berrian. Hemen, 1810ko uztailaren 20an hasitako independentziaren aldeko prozesuak elkarren artean lehian zebiltzan Junta orokor bat baino gehiago sortu zituen eta, testuinguru honetan, egin zuen Bolívarrek Cartagenako manifestua, Venezuelako lehen errepublikaren erorketa ekarri zuten arrazoien analisi politiko eta militarra eginez eta Granadako Erresuma Berriari errore berdinak ez egiteko aholkuak emanez. Manifestuan, zatiketak alboratu eta Ameriketako herrien batasuna sustatzeko formulak ere proposatu zituen.

Iritsi eta gutxira, Bolívarrek Cartagenako gorbernuari bere armadan sartzeko aukera eskatu zion eta 70 gizonez osatutako guarnizioaren agintaritza eman zioten Barrancas izeneko herrixka batean. Hasiera batean, Pierre Labatut abenturazale frantsesaren agindupean egon zen, baina, honen aginduen aurka, Magdalena ibai ertzean zeuden partida errealisten aurkako iniziatibari ekin zion, bere tropen trebakuntza eta kopurua emendatzen zen bitartean. Tenerife, El Guamal, El Banco, Tamalameque eta Puerto Real de Ocaña bezalako herriak askatzea lortu zuen eta, gerrilla ezberdinak porrotera eramanez, azkenean, Ocaña okupatu zuen.

Manuel del Castillo komandanteak Venezuelan sartzeko mehatxua egiten ari ziren errealistak gerarazteko laguntza eskatu zuen eta, Bolívarrek Cartagenako gobernuari eskatu zion baimena Venezuelako errepublikari. 1813ko otsailaren 28an eraso zien espainiar tropei Cúcutako guduan eta, han egindako lanaren ondoren, kongresuak eta gobernuak Venezuelako hiritartasuna eskaini zioten eta brigadier kargua eman zioten Cúcutako dibisioan.

1813ko otsailetik apirilera bitartean, traba legalek eta Castillorekin zeuzkan ika-mikek Cúcutan gerarazi zuten, azken honek ez baitzuen begi onez ikusten Venezuelan aurrera egiteko gogo hura, baina, ordurako, Bolívarrek jarraitzaile asko zuen, jada.

Trujilloko Adierazpena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
« Espainiarrek harrapakeriaren bide deuseztatu eta heriotzarekin suntsitu gaituzte; ez dituzte jendearen oinarrizko eskubideak errespetatu, hitzarmen eta itun irmoenak ere ez dituzte bete; azken finean, egin daitezkeen bidegabekeria guztiak egin dituzte, Venezuelako Errepublika goitik behera ondatuz (...). Justizia lortzeko, tiraniari modu eraginkorrean eta aktiboki aurka egiten ez dion espainiar oro etsaitzat hartua izango da, aberriaren traidore gisa zigortua izango da eta, beraz, armetan iragana izango da. »

—Simón Bolivar, Trujilloko Adierazpena, 1813ko ekaina


Erabateko gerra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Granadako Erresuma Berriaren baimena eta laguntza jaso ondoren, Kanpaina Miresgarria izena jarri ziotenari ekin zion Bolívarrek. 1813an, aurkaririk ez zuenez aurkitu, Méridara erraztasun handiz iristeko aukera izan zuen eta orduantxe eman zioten Libertador (Askatzaile) titulua lehen aldiz, Méridako kabildoaren eskutik.

Bolívarren indarrak azkartasunez egin zuten aurrera, arerioak ihes egiten zuen bitartean eta Los Taguanesen izan zuten guda, garaitu zutena, La Victorian kapitulazioa sinatuz. Espainiarren porrotaren ondoren, Bolívarrek bidea libre izan zuen, 1813ko abuztuaren 6an, Caracasen sartzeko. Mosquiterosen garaipena lortu ondoren, kapitain orokor izendatu zuten eta, hemen ere, betirako izenari lotuta izango zuen Askatzailea titulua eman zioten.

Hemendik aurrera, Bolívar estatuaren antolaketan eta gerraren bukaera izango zela zirudiena zuzentzeko ahaleginetan murgildu zen: Kontsulatua mantendu zuen, zerga-sistema berria eraiki, justiziaren administrazio mekanismo berriak, gobernu munizipal berria, errepublikarrei laguntza eman nahi zieten atzerritar orori naziotasuna eman... Ekonomiari ere begiratu zion, nekazaritzari, esportazioei edo esku lan kualifikatuaren bila zebilenari pizgarriak emanez.

Orduan, José Tomás Boves espainiarra agertu zen, 1814ko hasieran La Puertan bertako tropekin aritu zena eta sakeo eta lapurretarako baimena zutenak. Bolívarren indarrak ahultzen joan ziren Bovesen aurkako lehian eta baliabide material gabezia nozitu zuten, arerioa indartsu agertzen zen bitartean. Hauek presoak exekutatu egiten zituzten, mantentzeko arazorik ez izatearren. Bortizkeriak gorantz egin zuen eta Bolívar erretiratu beharrean izan zen Bóvesen aurrean. 1814ko uztailaren 7a zen eta, Boves gerarazi nahi bazuen, Santiago Mariñorekin batu beharko zuela garbi zuen.

Bolívarren atzeraldi honetan, Caracastik alde egin behar izan zuen jende askok eta asko galdu zuten bizia ahalegin hartan. Azkenean, Bolívarrek aurre egin behar izan zien Aragua de Barcelonan 1814ko abuztuaren 17an, errefuxiatu gehien salbatu nahian, baina porrota jasan zuen eta, 1814ko abuztuaren 25ean, Bolívarrek Cumanára iristea lortu zuen Mariñorekin elkartzera.

Baina Venezuelako II. errepublika hil zorian zegoen, jada, 1814an zehar errealistak nagusitasuna egoskortzen joan baitziren eta Venezuelaren ekialdea bakarrik libratzen zen, Margarita uhartearen ingurua. Bando errepublikarra, aldiz, beraien artean lehian zebiltzan liderrez osatuta zegoen eta oso zaila zen Bolívarrek hura dena koordinatzea. Bestalde, Giovanni Bianchi kortsarioaren jokaera zegoen, bere onurarako egoera aprobetxatu nahian eta, hori denak, Bolívar, Mariñorekin batera, Carúpanotik Cartagenarantz ateratzea ekarri zuen.

Carúpanoko gertaeren ondoren, 1814 amaieran, Bolívar Cartagenara iritsi zen, garai hartan apuratuta zebilen Granadako Erresuma Berriaren laguntza lortzeko xedean. Buruzagi egin zuten han zeuden agintariek eta, 1814ko irailaren 19an, Bolívar kongresuaren buru zen Camilo Torres Tenoriorekin elkartu zen; honek Bolívarren argudioak ontzat eman zituen eta, 1814ko uztailean Antonio Nariñok hegoaldean jasandako porrotaren aurrean, Bolívarri eman zion gerra zuzentzeko enkargua.

Abenduaren 10ean, Bolívarrek Santa Fe hartu eta Cundinamarcak kongresuaren autoritatea onartu behar izan zuen, baina ezin izan zuen inongo proiekturik gauzatu eta Granada Berriko kargua utzi eta Jamaikarantz joan zen La Decouverte ontzian, 1815eko maiatzaren 14an iritsi zelarik. 1815eko irailaren 6an, Jamaikako Gutuna idatzi zuen, forma, eduki edo bereizgarriei begiratuta, esanahi anitzeko dokumentua. Orokorrean, Ameriketako egoera deskribatzen zuen, osotasuna balitz bezala, eta aurrez Francisco de Mirandak aurreikusi zuen proiektua planteatzen zuen, Kolonbia izeneko konfederazio amerikar handia, bere proiektu politikoaren oinarria izango zena.

Baina Bolívarren egoera ez zen erosoa izan uharte hartan, baliabide ekonomiko eskaxak baitzituen, eta, alokairua ezin ordaindu zebilenez, hiltzeko saiakera bat ere egin zioten, egun hartan bertan etxez aldatu beharra izan zuelarik.

Britainiarrek ez zuten auzian gehiegi nahastu nahi eta espainiarren beldur zen; horregatik, Bolívarrek beste nonbaitera alde egin beharko zuela ikusi zuen, espedizio hori antolatzeko orduan, bere burua seguruago ikusteko.

Garai hartan, Haiti Frantziatik independentzia lortuta zeukan errepublika zen eta amerikar kontinentean pizten zien errepublika izateko nahiak babesten zituen. Bolívarrek toki egokia zela iritzi zion, Venezuelaranzko espedizio militarra antolatzeko.

1815eko abenduaren 19an, Bolívar Jamaikatik atera zen Haitirantz, presaka, eta Les Cayesko kaira iritsi zen hil haren 24an. Bolívar Jamaikatik ateratzerako, konponduak zituen buruan zeuzkan kanpainaren alderdi nagusiak, bultzada politikoa, laguntza finatzarioa eta kolaborazio tekniko eta militarra eskatzen zituztenak. Haitiar gobernuaren ezkutuko laguntzarekin eta Luis Brión almirantearenarekin, Bolívarrek Los Cayoseko espedizioa izena jarri zitzaion espedizio maritimoa antolatu zuen. 1816ko martxoaren 23an irten zen Margarita uharterantz eta handik ekin zien berriro operazio militarrei.

Mila gizon baino gehiago zituen espedizioak eta sei egun geroago atera zen, Bolívar Danimarkako uhartea zen Saint Thomas uhartetik zetorkion Josefina Machado amorantearen zain egon baitzen. Brión presaka zenez, ontziak atera egin ziren eta, Hispaniola hegoaldean zeudenean, ontzi mezulari bat Bolívarrenera iritsi zen Machado eta bere familia Les Cayesera iritsi zirela esanez. Bolívarrek itxaroteko eskaera egin zion Brióni eta fragata bat bidaltzea haiek jasotzeko. Britainiar eta alemania ofizialek protesta egin zuten eta espedizioa bertan behera uzteko mehatxua egin zuten, ez baitzuten seriostasunik ikusten, baina Briónek jarraitzeko konbentzitu zituen.

Bolívar eta Kolonbia Handia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Venezuelako II. errepublikaren porrotaren ondoren, Bolívarrek erreflexio sakona egin zuen, nazioarteko egoera eta iraungo zuen independentzia bat lortzeko bidea analizatuz.

Espainiarrei erabateko porrota eragin behar zela uste zuen, baina ez zen nahikoa izango, buruzagi deskoordinatu eta banatuak batzea derrigorrezkoa baitzen, agintaritza bakarra eta sendoa lortzeko.

Kolonbia proiektu politikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jamaikan, Bolívarrek Kolonbia eraikitzeko ideia azalduta zuen eta, ideia hori aurrera eraman nahi bazen, gobernu zentralizatu baten beharra zegoen. Berez, Francisco de Mirandaren proiektua bazen ere, Bolívar izan zen hura gauzatzeko bidea jarri zuena. Venezuela eskuratzea ezinbestekoa zen, espainiarrei lurrak berreskuratzeko ametsak uxatzeko, eta helburu hori izan zen prioritatea.

1816ko erdialdean, Margarita uhartera iritsi zen eta kontinentea askatzeko kanpaina prestatzen hasi zen. 1816ko uztailaren 16an, Ocumare de la Costara joan zen eta aldaketaren bat egin zion dekretuari: europar espainiarrak ez zituzten hilko, baldin eta borrokan ez bazituzten harrapatzen. Venezuela osoa askatzeko helburua ere deklaratu zuen. 650 soldatu zituen eta, haietatik 300 zekula borroka egin gabe. Bolívarrek arraza beltzeko beste 200 bat eranstea lortu zuen, baina gehienek ihes egin zuten.

1817tik aurrera, Guayanako konkista lideratu zuen Manuel Piarrekin konfliktoan sartu zen. Piarrek Morales garaitu zuen El Juncalen, 1816an eta, 1817ko apirilean, Angostura hartu zuen. 1817ko uztailaren 24an, Bolívarrek gerra kontseilua egin zuen bere lidergoa onartarazteko eta, abuztuan, pronuntziamendua egin zuen Piarren aurka. Sedeño bidali zuten hura preso hartzeko, Bolívar eliminatzeko ahaleginetan zebilela-eta. 1817ko urriaren 16an, fusilatu zuten Piar eta Bolívar Venezuelako indar independentisten buruzagi eztabaidaezina izan zen ordutik aurrera.

Lidergoa kontsolidatuta, Venezuelako ekialdea kontrolatzea lortu zuten eta Bolívar Angosturan ezarri zen. Garai hartako, espainiar armada nekatua eta galdua zebilen eta, 1818rako egoera jasanezina zen. Egoera politiko eta militarra ona zen eta estatu baten antolakuntza ahalbidetzen zuen.

Granadako Erresuma Berriaren askapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1819ko urtarrilaren 21ean iritsi ziren Angosturara Perseverance eta Tartare ontzi britainiarrak Bolívarri laguntza emateko Lejio Britainiarra beraiekin zekartzatelarik.

1819ko otsailaren 15ean, Askatzaileak Angosturako kongresua bildu zuen eta hantxe eman zuen hain ezaguna den Angosturako Diskurtsoa, egoeraren analisia kritikoa egin eta errepublika sortu ahal izateko jarraitu behar zen bidea erakutsiz. Kolonbia Handiaren Oinarrizko Legea iragarri zuen, gero Cúcutako kongresuan berretsiko zutena 1821eko Cúcutako konstituzioa sortu zelarik.

« Amerikar herria ezjakite, tirania eta bizioaren uztarri hirukoitzari lotuta dagoenez, ezin izan dugu ez jakituriarik, ez aginterik, ez bertuterik lortu (...). Gehiago menperatu gaituzte iruzurrez indarrez baino; eta gehiago zapaldu gaituzte bizioz superstizioz baino. Esklabutza iluntasunaren alaba da eta herri ezjakina bere suntsipenaren tresna itsua da. »

Simon Bolivar, Angosturako hitzaldia, 1819ko otsailaren 15ean.

Bitartean, Bolívar Granada Berriaren inbasio militarra prestatzen ari zen. Ezkutuan mantentzen saiatu zen kanpainaren inguruko guztia, iraupena, bereizgarriak, hasiera eta abar, sorpresa edo erasoaren ezustekotasunari garrantzia emanez.

Morillok bazuen Lejio Britainiarra James Rookeren agindupean Angosturara etortzekoa zelaren berri eta hurrengo apustua Bolívar José Antonio Páez errebeldearekin batzea izango zela sumatu zuen. Egoera analizatu ondoren, Casanare errebeldea erasotzea pentsatu zuen. Euriak iritsi ziren eta bideak pasaezinak bilakatu; operazio militarrak gero eta zailagoak ziren eta espainiarrak atzera egitea erabaki zuten, ziurrenik arerioak ere gauza bera egingo zuelako. Baina, Morillo jeneralak ezin zuen ezer onik espero, bere armada, nekatua eta babesik gabekoa, aspalditik baitzegoen egiazko gaitasuna ezagutzen ez zuen efikazia handiko indar militarren aurkako borrokan murgildua.

Orduan izan zen Bolívarren arrakasta handiko ekintza militarretako bat, Andeetatako Pasabidea, egokiena ez zen urtaroan. Pisbako paramoa zeharkatu zuten zailtasunaren zailtasun, 1819ko uztailaren 25ean, errealistak harrapatu zituen arte. Vargasko pantanoaren gudua izan zen eta errealistak ihes egin beharrean izan ziren, abuztuaren 4an, patriotak Tunja hirira iristeko aukera izan zutelarik.

Tamen (garuko Arauca) Santanderren agintepean zeuden tropa patriotekin elkartuta, Granada Berria askatzeko kanpainiari ekin zion.

Bolívarren erasoak ezustean harrapatu zituen espainiarrak. Barreiro egoera kontrolatuko zuelakoan zegoen, baina armadaren egoerak defentsan egoera behartzen zuten eta Bogotárantz atzeraraztea, baldintza hobeak izan zitezkeelakoan.

1819ko abuztuaren 7an izan zen aurrez-aurreko erabakiorra, Boyacáko guduan eta Bolívar eta armada iraultzailearen garaipen ikaragarria izan zen hura.

Sámano erregeordeak bazekien zer zetorkion eta azkar egin zuen alde Bogotátik, abuztuaren 10erako armada askatzailea hiriburuan sartu zelarik.

Cúcutako kongresua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kongresu horren emaitza izan zen Kolonbiako errepublikaren jaiotza ofiziala, Kolonbia Handia deitu zitzaiona. Kolonbiako Oinarrizko Legearen arabera, Granada Berria eta Venezuela hartzen zituen, politikoki hiru departamentutan banatuak: Cundinamarca (Bogotá), Venezuela (Caracas) eta Quito (Quito).

1821eko abenduan, kongresuak Bolívar izendatu zuen errepublikako lehendakari eta Francisco de Paula Santander lehendakariorde:

« las Repúblicas de Venezuela y la Nueva Granada quedan desde este día reunidas en una sola bajo el título glorioso de República de Colombia »

Azken kanpainak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hurrengo urteetan, oposizioa eliminatuta geratu zen erabat. 1821eko ekainaren 24an, Caraboboko gudua izan zen eta garaipen esanguratsua izan zuten espainiar armadaren gainean. 1823ko uztailaren 24an, Maracaiboko aintziraren gudua izan zen eta Venezuela aske geratu zen betirako.

Bogotán egon zen bitartean, beste hainbat mugimendu izan zen independentziaren alde. 1820ko urriaren 9an izan zen Guayaquilekoa, Bolívarrek parte hartu gabe. 2 urte geroago, Simón Bolívar Guayaquila iritsi zenean, gobernua eraitsi eta Kolonbia Handiaren barnean sartuko zuen.

1822ko maiatzaren 24an Antonio José de Sucrek Pichinchako guduan garaipena lortu ondoren, Amerikaren hegoaldea askatuta zegoen erabat. Garaipen handi honen ondoren, Bolívar Andeak zeharkatu eta 1821eko uztailaren 28an independentzia aldarrikatuta zuen Perú askatzera abiatu zen. José de San Martín Peruko gobernari nagusiarekin hitz egin (Guayaquil, 1822) eta horrek bidea zabal-zabal utzi zion aurrera jo zezan. San Martín Argentinara joan zen eta Bolívar Limarantz, hango gobernuak gerraren gidari izateko eskaera egin baitzion eta Sucrekin bildu zen erasoa planifikatzeko. 1824ko otsailaren 10ean, Peruko kongresuak diktadore egin zuen eta errepublika berriaren arazoak kontrolatzeko ahaleginak egin zituen.

1824ko abuztuaren 6an, Bolívar eta Sucrek elkarrekin armada espainiarra porrotera eraman zuten Junínen eta, urte bereko abenduaren 9an, Ayacuchoko garaipen ikaragarria izan zuten, Behe Peruko espainiar osteak errenditu beharrean izan zirelarik (1824).

Bolívar estratega

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bolívarrek ez zuen gizon askoz osaturiko tropa eta beti izan ziren errealisten kopuruaren hamarrena. Baina Bolívar ez zen militar profesionala izan eta ezta estrategiaren teorikoa ere. Oinarrizko formazio militarra zuen eta diziplina eta jerarkia besterik ez zuen teorian ikasi.

Baina, aldi berean, burutu zituen kanpaina militarrek eta gutunetan erabilitako terminologiak ez du auzia kasualitatearen esku uzten eta estrategia militarrean ezagutzak zituela frogatzen dute.

Bolívarrek beti erabili zituen Planifikazio eta Estrategiaren oinarriak bere operazioak elaboratzeko orduan eta, zenbaitetan, gerraren artearen klasikoaren ezagutzak zituela frogatu zuen, Frederiko II.a Handiaren zeharkako ordena, Tito Livioren erromatar formazioak edo Makiavelo bezalako taktikak aplikatuz. Indarraren ekonomiaren garrantzia zuen, terreno eta arerioaren analisia egiten zuen eta Logistikaren erabilera ezinbestekoa zela uste zuen.

Polibioren Historiae edo Julio Zesarren Galietako gerrak irakurrita zituen, baina, horretaz gain, Maurizio Saxoniako eta Guiberteko kondearen testu militarrak ere irakurri zituen. Baina, badirudi 1824ra arte, behintzat ez zuela Montecuccoliren lana ezagutu, ezta Napoleonen gaineko ikerketak ere.

Baina, Bolívarrek, formazio ofizialik ez bazuen ere, izugarrizko arrakasta lortu zuen eta erabateko lider izan zen, ekimen eta imajinazio handiko estratega aparta.

Peruko diktadore

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Perura iritsi

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bolívar Callaoko portura iritsi zen 1823ko irailaren 1ean Chimborazo bergantinean eta, hurrengo egunean, kongresuak agintaritza gorena eman zion. Aurrena,

José de la Riva Agüeroren indarrak ezdeusean utzi zituen. Peruko lehendakari ohia zen eta Askatzailearen etorreraren aurka zegoen. Urte hartako azaroan preso hartu zuten, baina Ingalaterrara ihes egitea lortu zuen. Bitartean, lehen Kongresu Konstituziogileak Bolívarren disposizio eta desioen aurka zegoen edozein arau ez deusean uzteko agindua eman zuen. Azaroaren 11n egin zuten zin, baina ez zuten sekula indarrean jarri[2].

Armada errealista erdigune eta hegoaldean zen nagusi, gaurko Junín, Ayacucho, Cusco eta Arequipan. Armada batua, berriz, erdialdeko kosta eta iparraldearen jabe zen, gaurko Piura, La Libertad, Ancash, Lima eta Cajamarca. Errealistak berriro Lima hartzeko arriskua zegoen eta Bolívarrek koartel jenerala lekuz aldatzea erabaki zuen, Pativilca herrira, Limatik 200 km iparralderantz.

Bolívarrek Torre Tagle Jaujan zeuden espainiar mandoengana gerturatzera bidali zuen, armada handiagotzeko beta izateko denbora irabazi nahian. Torre Taglek enkargua bete zuen, baina Bolívarrek La Serna erregeordearekin Askatzailearen expultsioa negoziatzen ari zelaz salatu zuen. Hainbat gorabehera ondoren, otsailaren 10ean, Kongresuak Torre Tagleri agintea kendu eta Bolívarri eman zion agintaritza politiko eta militar osoa[3]. Orduan, Kongresua desegin egin zen[4] eta Bolívar izan zen autoritate bakarra Perun, José Faustino Sánchez Carrión ministro bakar egin zuelarik[5]. Bolívar Pativilcara itzuli zen.

Pativilcatik, Bolívar Peru Askatzeko Armada Batua emendatzeko ekintzak burutzen hasi zen eta Sucre, Córdova eta Lara jeneralak izendatu zituen buruzagi nagusi. Ez zuen Peruko inor hartu Estatu Nagusia osatzeko orduan eta José de La Mar bakarrik izan zen Peruko armadaren jeneral. Bere gutunetan irakur daitekeenaren arabera, badirudi Askatzaileak ez zituela gustuko.

Bolívarren instrukzioek armadaren armak zehaztu zituzten eta bere gutunetan korreak nola egin edo zaldiak nola perratu agindu zuen. Buruzagi militarrak Peru iparraldetik beharrezko baliabideak hartzeko agindu zuen, mehatxupean edo indarrez. Elizetan zegoen aberastasunaz jabetzeko agindua eman zuen eta honek abusu eta sakeo ugari ekarri zuen.

Denbora horretan, gerra itsasoan ari zen garatzen. Peruko eskuadraren buru zen Martin George Guissek Peruko kostalde erasotzen ari ziren ontzi espainiarrak suntsitu zituen.

Abuztuaren 2an, Rancaseko herrixkan, Bolívarrek 12.000 gizon zituen armadan. Abuztuaren 6an, Juníngo gudua izan zen eta erralisten zaldunderia porrotera joan zen. Abenduaren 9an, berriz, Ayacuchoko garaipena izan zen eta Peruko erregeordetza bertan behera geratu zen.

Hegoamerika eta Peru libreak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ayacuchoko guduaren aurretik, Bolívarrek ministro gabinetea izendatu zuen[6]. José Faustino Sánchez Carrión egin zuen ministro eta Kantzileriaren arduradun, Hipólito Unanue, berriz, Ogasun ministro eta Tomás de Heres Gerra ministro. Herriari eta oposizioari noziarazi zion errepresioa izan zen gobernu haren bereizgarri nagusia.

1825eko otsailaren 10ean, Bolívarrek berriro bildu zuen kongresua eta hilabetez aritu zen hau, martxoaren 10ean, bertan behera geratu arte. Epe horretan, kongresuak Peruko 6.000 soldadu Kolonbia Handirantz irtetzeko baimena eman zuen, militar garaileak saritu zituen eta Peru Garaiak aukera zezakeen etorkizunetik aldendu zen.

1825eko maiatzaren 20an, Bolívarrek hurrengo urteko otsailaren martxoan bilduko zen kongresuko hauteskundeetarako deia egin zuen, baina, eguna iristean, ezin izan zuten kongresu berri hura martxan jarri, Askatzailea ez baitzegoen hainbat diputatuen izendapenarekin ados. Apirilera arte atzeratu zen, baina lehen saioetan porrotera joan zen, gobernuak ez baitzituen Arequipa, Lima, Cusco eta beste probintzia batzuetako diputatuak onartu[7]. 1826ko maiatzaren 26an, gobernuak agintariak aukeratzeko eskubidea kendu zien herriei eta, handik gutxira, Bolívar biziarteko lehendakari izendatu eta hark egindako konstituzioa onartarazteko bideak ezarri zituen dekretuz.

1826ko irailaren 4an, Bolívar Congreso izeneko bergantinean ontziratu zen Kolonbiarantz, Perun biziarteko konstituzioa ezarri eta gero[8]. Ez zen sekula Perura itzuli. Bitartean, konstituzioak hurrengo urteko urtarrilaren 26ra arte bakarrik iraungo zuen, gobernua erori eta hauteskunde berri batzuetarako deia egin baitzen.

Beste xedapen batzuk

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Askatzaileak indigenen tributua berrezarri zuen[9]. 1820an ordaintzen zuten kopurura jaitsi zuen, hori bai, baina indigena izateagatik egin beharreko gauza zen.
  • Esklaboen semeak zirenak eta emaztea haurdun geratzen bazen, haien seme-alabak libreak jaiotzekoak ziren eta esklabo izandako soldaduek ere askatasuna lortu behar zuten.
  • Bolívarrek eskola publiko bat baino gehiago sortu zituen, Cuscoko Colegio Nacional de Ciencias edo Educandas, adibidez.
  • Peruko estatuaren egunkari ofizial izan zen Diario Oficial El Peruano sortu zuen.
  • Lehen Inprenta legea atera zuen, bere aurkako testu oro alboratu zuena. Gobernuak horrela kontsideratuz gero, sei urteko kartzela esleituko zien autoreei eta debekatuta zegoen gobernuak hartzen zituen xedapenei burla egitea[10].
  • Oposizio garrantzitsuenak errepresio gogorra jasan zuen: Francisco Xavier de Luna Pizarro eta Mariano Necochea erbesteratu zituen, Martin George Guisse, Ignacio eta Francisco-Javier Mariátegui anaiak eta Txile eta Argentinako militar bat baino gehiago kartzelan sartu eta Torre Tagle ministroa eta San Donásko bizkondea zen Juan de Berindoaga exekutatu zituen, besteak beste.

1830eko maiatzaren 8an, Bolívar Bogotárantz irten zen. Lagun eta politiko batzuekin, ondare pertsonala salduz lortu zuen 17.000 peso besterik ez gainean, pasaportea jaso zuen Europarantz etortzeko asmoz. Ekainean Cartagenara iritsi zenean, hangoek borrokan jarraitzeko animatu zuten, baina Bogotán den kontran zuen. Uztailaren 1ean, Ayacuchoko mariskala erail zutela jakin zuen eta Bolívar oso ezkor jarri zen. Ondorengo albisteak ez ziren hobeak izan eta osasuna galtzen joan zen, jarraitzaileek Kolonbiarantz joateko ideia burutik kendu ziotelarik.

1830eko abenduaren 1ean Santa Martara iritsi zenean, Magdalena ibaian zehar egindako bidaia penagarriaren ondoren, Bolívar oso eroria zetorren. Klima ezin hobea eta oso ondo zaindu bazuten ere, osasunak okerrera egin zion eta, testamentua egiteaz gain, Azken proklama ere egin zuen. Batasuna kontsolidatu eta alderdikeriak desagertzeko ametsa zuen.

1830eko abenduaren 17an, hil zen, 47 urte besterik ez zituenean.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]