Edukira joan

Irlanda (estatua)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Artikulu hau Europako estatuari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Irlanda (argipena)».
Irlanda / Eire
Ireland / Éire[1]
Ereserkia: Amhrán na bhFiann

Irlandako bandera

Irlandako armarria
Geografia
HiriburuaDublin
53°20′59″N 6°15′37″W
Azalera69.797 km²
Punturik altuenaCarrauntoohil
Punturik sakonenaNorth Slob (en) Itzuli (−3 m)
KontinenteaEuropa
MugakideakErresuma Batua eta Ipar Irlanda
Administrazioa
Gobernu-sistemaerrepublika eta Estatu unitario
Irlandako PresidenteaMichael D. Higgins
LegebiltzarraOireachtas
Epai autoritateaIrlandako Auzitegi Gorena
Harreman diplomatikoak Ikusi mapa Wikidatan
Zeren kide
Demografia
Biztanleria5.149.139
Dentsitatea73,77 bizt/km²
Hizkuntza ofizialak
Erabilitako hizkuntzak
Ezkontzeko adinagenero guztiak: 18
Emankortasun-tasa1,96 (2014)
Eskolaratu gabeko umeak6.033 (2015)
Bizi-itxaropena81,60732 (2016)
Giza garapen indizea0,945 (2021)
Ekonomia
MonetaEuro ()
BPG nominala333.730.764.773,18 $ (2017)
BPG per capita68.885 $ (2017)
BPG erosketa botere paritarioa369.243.421.956 nazioarteko dolar (2017)
BPG per capita EAPn76.744,707 nazioarteko dolar (2017)
BPGaren hazkuntza erreala5,2 % (2016)
Erreserbak4.412.516.406 $ (2017)
Inflazioa−0,2 % (2016)
Historia
1922Irlandako Estatu Askea
1937
Bestelako informazioa
Aurrezenbakia+353
ISO 3166-1 alpha-2IE
ISO 3166-1 alpha-3IRL
Ordu eremua
Elektrizitatea230 V. 50 Hz.BS 1363 (en) Itzuli
Internet domeinua.ie
gov.ie

Irlanda edo Eire[2] (irlanderaz Poblacht na hÉireann; ingelesez Republic of Ireland), Irlandako Errepublika ere deitua, Europa ipar-mendebaldeko Irlandako uhartean dago eta Europar Batasuneko kide da. Hiriburua Dublin da. Gaur egungo Estatu Burujabe modernoa Irlandako uhartearen 5/6en jabe da, zeinaren independentzia 1921ko maiatzaren 3an eman zen. Demokrazia Parlamentarioa eta Errepublika da. Ipar-ekialdetik Ipar Irlanda du mugakide, ekialdetik Irlandar itsasoa, hegoaldetik Itsaso Zeltikoa, eta mendebalde nahiz iparraldetik Ozeano Atlantikoa. Estatuaren izen arrunta Irlanda da (ingelesez Ireland eta irlanderaz Éire [ˈeːrʲə]), Irlandako Errepublika izen osoa estatua eta uhartea bereizi behar direnean erabili ohi da.

1922ko abenduaren 6an Irlandar Estatu Askea ezarri zen, Irlandari Erresuma Batuarekiko hasierako nolabaiteko neurri txikiko independentzia bat emanaz. 1937ko abenduaren 29an Irlandar Estatu Askeak Irlanda izena hartu zuen[3] 1949an, Irlanda Errepublika bilakatu zen eta Britaniniar Commonwealtha laga zuen.[4] Honenbestez erakunde horretan parte hartzeari utzi zion.

Gaur egun uhartearen iparraldeko Ulster eskualde edo probintziako bederatzi konderriak bi Estatuen artean banatzen da: sei konderrik Ipar Irlandako eskualdea osatzen dute eta Erresuma Batuaren agintepean daude: Antrim, Armagh, Derry, Down, Fermanagh eta Tyrone; gainerako beste hiru konderriak Irlandako Errepublikaren agintepean daude: Donegal, Cavan eta Fermanagh.

1937an onartu zen Irlandako Konstituzioko laugarren artikuluak dioenez «estatuaren izena Éire da, edo ingelesez, Ireland».[5] Xede ofizial guztietarako bai eta nazioarteko erlazio edo lege dokumentuentzako irlandar gobernuak Ireland izena erabili ohi du, gainera Éire izena erabili ohi du irlanderaz idatzitako dokumentu guztietan.

Europar Batasuneko erakundeek sistema berdina jarraitzen dute 2007ko Urtarrilaren 1tik aurrera irlandera erakunde honetako hizkuntza ofizialetako bat bihurtu zenetik eta estatuari Éire — Ireland deitzen dio, hain justu irlandar pasaportean erabiltzen diren izenen moduan.[6]

Uhartearen egungo izenak antzinako irlanderazko Ériu izenean du jatorria (irlandera modernoan Éire), horretaz gain Germaniar Hizkuntzen land atzizkia gehitzen zaio. Ériu izenak, protozeltaz *Īwerjū (hortik dator, orobat, Irlandako Itsasoaren galesezko izena: Iwerd), jatorriz «gizentasuna» esan nahi bide zuen, emankortasunaren zentzuan.

Zeltek Éire deitzen zieten irlandarrei, eta hortaz lurraldea Éire herria edo Éireland izendatzen hasi ziren, eta hortik dator Ireland (Irlanda) izena.

Gaurko egunez, estatuaren izen ofiziala Irlanda da, Ireland (ingelesez) eta Éire (irlanderaz). Irlandako Errepublika, Republic of Ireland edo Poblacht na hÉireann testu ofizialen idazkera da.

Euskaltzaindiaren arabera, herrialdearen euskal izena Eire edo Irlanda da[2].

Sakontzeko, irakurri: «Irlandako uhartea»
Irlandako uhartearen topografia

Irlandako uhartea Europako ipar-mendebaldean dago eta 84.412 kilometro karratuko azalera du, horietatik %83a (bost seiren gutxi gorabehera) Errepublikaren zati dira (70.280 km²) eta gainontzeko guztiak Ipar Irlanda osatzen dute. Britainia Handiaren eta Islandiaren ondoren Europa osoko irlarik handiena da.

Mendebaldetik Ozeano Atlantikoak inguratzen du, eta ipar-ekialdean Iparraldeko itsasartea du. Ekialdean Irlandako itsasoa dago, eta horrek hego-ekialdetik ozeanoa alde batetik San Jurgi kanala eta Itsaso Zeltikoa bestetik lotzen ditu.

Uhartearen erdialdeko ordokia kostaldeko mendixka eta mendiz inguratuta dago. Uhartearen erdialdeko ordoki edo lautada zabalean mila metro inguruko mendixka ugari altxatzen dira. Bestalde Shannon ibaiak, (Irlandako luzeenak alegia, uhartea 386 kilometrotan zehar zeharkatzen du. Mendi horietan garaiena Kerryko konderrian dagoen Carrauntoohil mendia da (irlanderaz Carrán Tuathail), eta 1.041 metroko garaiera du. Irlandako beste mendi esanguratsuak Croagh Patrick, Brandon mendia eta Mourne mendiak dira.

Irlandako ibairik luzeena den Shannon ibaiak uhartea 386 kilometrotan zehar zeharkatzen du, ipar-mendebaldeko Cavaneko konderrian jaio eta 113 kilometro burutu ondoren erdi-mendebaldeko Limerick hiria zeharkatu ondoren, Clareko konderria, Limerickeko konderria eta Kerryko konderriaren artean itsasadar handi bat sortu eta bertan itsasoratzen da.

Barnekaldean ibai txiki eta batez ere laku ugari daude, zeinek Lough izena hartzen duten, hauen artean handienak honako hauek dira: Lough Neagh, Lough Corrib, Lough Derg, Lough Erne, Lough Foyle eta Killarneyko aintzirak. Lupetza edo urmael eremu handiak ere baditu, hauek turba edo zohikatza atera eta ekoizteko erabili ohi izan dira betidanik. Irlanda Europako hiri handienari atxikituta dagoen parke naturalaren jabe da, Phoenix Parkea, parke honek 712 hektarea ditu, gune berde zabalez eta zuhaitz lerrodun etorbidez osaturiko 16 kilometro oholeztatuko zirkunferentzia du.[7]

Ozeano Atlantikotik datorkion Golkoko itsaslasterrari esker klima epela eta hezea du Irlandak. Erdialdean eta ekialdean tenperatura aldaketa handiagoak izaten diren arren ez dira neguan -5 °C-tik jeisten ez eta udan 26 °C-tik igotzen ere.

Sakontzeko, irakurri: «Irlandako historia»

Historiaurrea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irlandako lehenbiziko jatorrizko biztanleak Mesolito garaian ehiztari-biltzaileak ziren eta harrizko lanabesak erabiltzen zituzten. K.a. 3000. mendean Brontze Arora iragan ziren, eta aleak erein, abereak hezitu eta brontzezko armak, lanabesak eta bitxiak landu ohi zituzten. K.a. 2000. mendean, harrizko santutegi eta hilobi handiak eraiki zituzten (megalitismoa), eta oraindik uhartea osoan ikusgai daude. Irlandar mitologiaren arabera garai honetako uharteko lehenbiziko biztanleak Fir Bolg jendea edo herria omen ziren. Hauetaz, gaur egun ezer gutxi dakigu.

Glendalough.

K.a. 1600 urtetik aurrera uharteak Europatik iritsitako zelta herrien hainbat etorrera edo olakada ezberdin jasan zituen, haietako azkena gael herria izan zelarik, hauek eurekin aitzinirlandera erkarri zuten, gaur egungo irlanderaren arbasoa. Irlandako uhartea latinez Hibernia izena jaso zuen.

Gael herriaren latinezko izena Scoti edo Scotti zen, hots, eskotoak, hauek aurrerago eta jada IV. eta V. mendean gaur egungo Eskoziako mendebaldeko kostaldea konkistatu eta herrialdera euren izena emango zioten. Izaren ere, eskotoen konkista aurretik Eskoian piktoak bizi ziren eta erromatarrek latinez Caledonia deiten zuten, hots, Kaledonia. Bide batez, eskotoek Eskoziako mendebaldeko kostaldean Dál Riata erresuma sortu zuten, aldiz Eskoziako ekialdean piktoak matendu zirelarik.

Zeltek uhartea politikoki lau erresumatan banatu zuten: Leinster, Munster, Ulster eta Connacht. Zelten etorrera aurretik uhartea Túath edo erresuma txiki ugaritan banaturik zegoen, denera garai hartako uharteko 500.000 inguru biztanleak 150 Tuath edo erresumetan banaturik zeudelarik. Denen nagusi Irlandako Errege Nagusia zen (Ard Rí na hÉireann). Historialari gehienen arabera Errege Nagusia tituluaren zerrenda egitura sasi-historiko batean VIII. mendea garatu omen zen, bertan agertzen diren lehenbiziko Errege Nagusiak K.a. II. mendean kondairazko izaera erregeekin hasi eta mendeetan aurrera errege historikoekin nahasten delarik. Mende askotan Irlandako Errege Nagusia ohorezko titulua besterik ez zen izan, Errege Nagusia eta gainontzeko probintzietako erregeen arteko lege eraginik gabe, nahiz eta probintzietako errege horiek Irlandako Errege Nagusia onartu. Egoera hau jada praktikan Irlanda osoko erregea izan zen Brian Borurekin aldatu zen.

Gallarus Oratory, Dingle penintsula.

Ordutik aurrera eta 1172. urtean Irlandako normandar inbasioa jazo arte, hainbat erregeek zorte gehiago edo gutxiagorekin Errege Nagusi kargu horretan mantendu ziren. Errege horien artean nabarmenenak honako hauek izan ziren: Turlough O'Brien, Muirchertach O' Brien, Diarmait Mac Mail na mBo, Turlough O'Connor, Muirchertach mac Loughlin eta Rory O´Connor, amaierako hau azken Irlandako Errege Nagusia izan zelarik.

Antzinaroan Irlanda osoa paganismoan murgildurik bizi izan zen. Egoera hau IV. mendean aldatu zen, Galestik itsaslpur eskoto edo irlandarrek Irlandara bahituta ekarri eta esklabo gisa saldu zuten San Patriziok herrialde hartako kristautze prozesuari ekin baitzion, horretarako lehenbiziko errege familietako kideak bataiatu eta kristautuz gain, fraideen eskola eta monasterioen sorkuntzan jardun zuen, ondorioz latina ere sartu zelarik. Berehala, Irlanda osoki kristautuaz gain, Erdi Aroko kristautasun eta kulturaren gune garrantzitsua bihurtu zen, Europan irlandar fraideek ospe handia bereganatu zutelarik. Halere, kultura honen ondarearen zati handi bat IX. eta X. mendeetako bikingoen erasoaldietan suntsitu edo galdu zen, guregana iristea lortu duen antzinako irlandar kultura kristau horren adibide nabarmenetako bat Kellseko liburua litzateke.

Brian Boru erregearen irudikapena.

X. mendean, Brian Boru erresuma txiki bateko errege zen, inguruko erresuma handiagoak bereganatuz joan eta azkenik Irlandako hegoaldeko errege boteretsuena bilakatu zen arte. Baina Irlandaren ekialdean zegoen Leinster erresumako Máel Mórda mac Murchada erregeak hura ikusirik, Dublingo Sigtrygg Silkbeard bikingo erregearekin akordio batetara ailegatu, eta biek Orkadak eta Man uharteko bikingoen laguntza jasoz Brian Boru erregearen aurka egin zuten.[8] 1014ko apirilaren 23an bi gudarosteak Clontarfeko guduan borrokatu eta irlandarren garaipena jazo zen. Gudu hartan Brian Boru erregea hil eta heroi bilakatu zen.[9]

Normandiar eta ingelesen inbasioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1169ko maiatzaren 1ean Irlandako historia behin betiko aldatuko zuen gertakari bat jazo zen: Normandiar-Galestar zaldune eta seireun gerlariez osaturiko espedizio bat Galesko hego-mendebaldeko Pembroke udalerrian itsasoratu eta Wexfordeko konderrian dagoen Bannow Strand kokalekuan lehorreratu zen. Guzti hauen buruzagi nagusia Richard de Clare Strongbow zen, ezizena arkulari gisa zuen trebeziarengatik irabazia zuen. Aurretik Normandiar gerlari hauei Leinstergo erregea zen Dermot Mac Murroughek beste erresumetako erregeekin zituen gatazketan lagunduko ziotelako ustetan deitu omen zituen, honela inbasio honekin Normandiar Aroa izenekoari hasiera eman zitzaion.

Irlanda osoko normandiar gaztelurik handiena den Trim gaztelua, Meatheko konderrian.

1166an Breifneko Tighearnán Ua Ruairc buruzagiarekin borrokatu ostean Mac Morrough erregeak Frantziako Anjou eskualdera ihes egin zuen, han Angevinar erregea zen Henrike II.aren laguntza lortzeko asmoz. 1171an Henrike II.a Irlandara ailegatu zen, aurreko espedizioaren egoera orokorra gainbegiratzeko xedez. Bere kontrolpetik at hedatzen zihoan inbasioaren gain bere errege autoritatea ezarri nahi zuen. Azkenik Henrike II.ak Strongbow eta Normandiar-Galestar buruzagiak bere errege nagusitzaren menpe jarri eta horretaz gain irlandar errege ugarik jaun nagusitzat onar zezaten ere lortu zuen, hau 1175eko Windsorreko Akordioan berretsi zelarik.

1155ean Adrian IV.a aita santuak argitaratutako Laudabiliter buldaren bidez inbasio hau legitimatu egin zen. Bulda honek Henrike II.a oraindik gehiago kemendu eta Irlanda osoaren jabetza lortzeko saiakerara bultzarazi zuen, horretarako Irlandako Elizaren ekonomia eta administrazio sistema berrantolatu eta Erromako Elizaren barnean jartzen saiatu zen.

Batasuna Erresuma Batuarekin

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Irlandar klan bateko buruzagi batek antolatutako festa erakusten duen The Image of Irelande (1581) idazlaneko eszena bat ikusgai.

1542an Henrike VIII.a Ingalaterrakoak Irlandako Errege titulua bersortu zuen. XVI. mendearen azken aldera, Tudortarren Irlandako konskitak bultzaturik Ingalaterrako legeen berrindartzea eta hedatzea jazo zen. XVII. mendean Bederatzi Urtetako Gerra, Abenturazaleen Akta eta Kondeen Ihesaren ondorioz konkista hura egonkortu egin zen, honi Ulsterko eskoziar eta ingelesen kolonizazio eraginkorrak ere gehitu behar zitzaizkion.

1649-1653 bitartean Oliver Cromwell ingeles agintariak katolikoak menperatzeko asmoz Irlandan sekulako sarraskiak burutu zituen. Drogheda, Derry, Wexford, Waterford, Duncannon, New Ross, Carlow, Kilkenny, Clonmel, Limerick eta Galway hiriak konkistatu eta irlandar ugari hil zituztelarik.

XVIII. mendearen amaieraldera Irlandar errepublikanismoa sortu zen, bere buruzagi nabarmenenak Theobald Wolfe Tone, James Napper Tandy eta Thomas Russell izan zirelarik. 1798an Irlandar Batuen Elkarteak Ameriketako Estatu Batuen Independentzia Gerra eta Frantziako Iraultzan oinarriturik 1798ko Irlandako matxinada antolatu zuten, baina ingelessek segituan zapuztu zuten.

1800eko Batasun Agiriaren ondorioz Britainia Handiko Erresuma eta Irlandako Erresumaren arteko batasuna eman zen, 1801eko urtarrilaren 1tik 1922ko abenduaren 6ra bitartean Irlandako uhartea Britainia Handia eta Irlandako Erresuma Batuaren zati izan zelarik.

XIX. mendearen lehen erdialdean irlandarrak nagusiki patataz elikatu ohi ziren. 1845 eta 1849 bitartean. Irlandako patata uztak parasito plaga bat jasan eta Irlandako Gosete Handia jazo zen. Aurretik nahiko txiroa izan eta patata oinarrizko elikagaitzat zuen biztanleriarentzako sekulako jipoia suposatu zuen, ondorioz jende asko gosez hil, asko etxe edo jabetzarik gabe gelditu eta bide bazterretan norazean zebiltzan, eta irlandar ugarik AEBetara, Ingalaterrara, Australiara eta Eskoziara emigratu behar izan zuten.

Irlandar Batuen Elkarteko kideak.

1845. urtearen Irlanda osoan 8 milioi pertsona bizi ziren, gosetea, heriotza eta emigrazioaren ondorioz 1849. urtearen amaierako biztanleria 4,5 milioiera murriztu zela kalkulatu izan da[10]. 1848an Irlandako uharte osoan 8 milioi pasatxo biztanle bizi baldin baziren, 2009an 6.300.000 biztanle bizi ziren, hortaz, gaur egun oraindik ere Irlandak ezin izan du XIX. mendean zuen biztanleri kopurua berreskuratu izan. Europa mailan gaur egun XIX. mendean baino biztanleria gutxiago duen herrialde bakarra delarik.

Bestalde, Irlandako Gosete Handiak biztanlerian ez ezik irlandar kulturan eta bereziki irlanderan sekulako eragina izan zuen. Goseteak usadioz irlandera hiztunen eremua eta nekazal eremua zen Irlandako mendebaldea oso modu berezian zigortu zuenez, irlandera hiztun asko hil edota atzerrira emigratu zuten. Honela, berez poltikoki eta dministratiboki aski zokoratua zegoen irlandera, hiztun kopuru aldetik ere asko murriztu zelarik, honela irlandera gaur egun ezagutzen dugun Gaeltacht eremura mugatu zen, uhartearen eremu gehienean ingelesa nagusitu zelarik.

Irlandar emigranteak 1868an itsasoratu eta euren herrialdea uzten.

1830. urtean milioiren bat gaelera hiztun zeuden, hauek elebakarrak ziren, hau da irlanderaz edo gaeleraz bakarrik hitz egiten zekiten. Aldiz, elebidunak edo bi hizkuntza hitz egiteko gai zirenak (irlandera eta ingelera) hiru miloi pertsona ziren. 1841. urtean hizkunzatren gahinbehera latza izan zen, irlandera edo gaeleraren hiztun kopurua lau milioietan zegoen, baina Gosete Handia eta Irlandar Emigrazio mugimendu handiaren ondoren, 1851. urterako irlanderaren hiztunen kopurua 1,7 milioietara jeitsi zen. 1881erako 64.167 pertsona besterik ez zeuden elebakarrak edo irlanderaz bakarrik hitz egiten zutenak, 1891. urterako elebakarren kopurua 38.193era jeitsi zen eta 1901erako 20.953 elebakar irlandar zeuden, horietako 12.000 Connacht eskualdean kokatuak zeudelarik.

Gaeleraren edo irlanderaren hiztunen kopuru osoa (elebakar eta elebidun guztiak barne hartuta) 1841an lau miloietakoa zen, 1851erako hiztunen kopuru totala 1,7 milioietara jeitsi zen, 1901an 641.142 hiztunetara, 1911n 527.000ra (elebakar eta elebidun guztiak barne).

1848ko Irlandako matxinada antolatu zen, baina ingelesek berriz ere boztizki eta berehala zanpatu zuten. Matxinatu gehienak Australiara betiko preso atzerriratu zituztelarik.

Garai honetan zehar, Daniel O'Connell politikariak katolikoen eskubideak modu baketsuan defendatzeko kanpainia bati ekion zion. Ondore, Charles Stewart Parnell protestantea eta irlandar nazionalistak biztanleri guztiaren eskubide berdintasuna eta Irlanda eta Erresuma Batuaren arteko banaketaren alde lan egin zuen.

1982an Charles Stewart Parnell irlandar nazionalistak Irlandako Alderdi Parlamentarioa sortu zuen. Garai honetako alderdi nazionalista garrantzitsuena izan zena.

1884ko azaroaren 1an Micheal Cusack irakasleak Elkarte Atletiko Gaeliko sortu zuen, irlandar herri kirolak zuzpertu eta irlandar izaera mantendu asmoz. Elkarte honek etorkizunean sekulako garrantzia izan du, batez ere gaur egun Irlanda osoan futbol gaeliko eta hurling kirolek gozatzen duten ospea elkarte honi zor baidiote.

1893ko uztailaren 31an Dublin hiriburuan Conradh na Gaeilge elkartea sortu zen, bere helburu nagusia desagertuz zihoan Irlandako gaelera biziraun eta bultzatzea izan delarik.

XIX. mendearen hasieratik, Irlandako biztanle gehienek Gutxieneko Autogobernua (Home rule) eskatzen zuten. Irlandako Alderdi Parlamentarioak, ideia horri jarraiki, Londresko Komunen Ganberan zuen giltza politikoa izateko aukera erabiltzen zuen helburu hori lortzeko. 1886 eta 1893an autogobernu proiektu bi onartu ziren arren, Lorden Ganberan atzera bota ziren. 1911n Erresuma Batuko Alderdi Liberalak bultzatutako erreforma parlamentarioaren ondorioz, Lorden Ganberak boterea galdu zuen Komunen Ganberaren aurrean. Horrek irlandar autogobernurako aukerak areagotu zituen.

Pazko Matxinada edo Altxamendua, irlandar errepublikarrak Dublingo Postetxe Nagusian.

Hala ere, Irlandan autogobernuaren aurka unionista asko oldartu ziren. Ulster eskualdearen izaera britainiarra azpimarratzen zuten. Unionista gehienak Iparraldean zeuden, nahiz eta Dublinen eta hiri garrantzitsuenetan nolabaiteko pisua ere bazuten. XX. mendearen hasieran Belfast Irlanda osoko hiri garrantzitsuena bihurtu zen, bai biztanleriari zegokionez, baita jarduera ekonomikoari zegokionez ere. Bertan katolikoak (orokorrean irlandar abertzale izateko joera gehiago dutenak) mendebaldeko auzoetan kontzentratuta bizi eta gutxiengoa ziren, batez ere Falls Road auzoan.

1912an Komunen Ganberak autogobernu proiektua onartu zuen (Hirugarren Home Rule proiektua), Lorden Ganberak ahal izan zuen beste murriztu arren. 1914an Ulsterreko 4 konderriri baimena eman zitzaien proiektu horretan sartu edo ez erabakitzeko. Gatazka horretako bi bandoek talde armatuak sortu zituzten: Ulster Volunteer Force unionista eta Irish Volunteers nazionalista. Hala ere, Lehenengo Mundu Gerran sektore biek bat egin zuten Britainiar Inperioa babestuz.

1916an irlandar abertzaleek Britainia Handiaren aurkako Pazko Matxinada edo Altxamendua burutu zuten, nagusiki Dublin hiriburuan, baina baita beste hainbat hirietan ere. Gertakari garrantzitsu honen antolatzaileak Irlandar Anaitasun Errepublikarra, Irlandako Hiritarren Armada eta Cumann na mBan erakundeak izan ziren.

Britainiar Agintariek zigor modura altxamendu hartako buruzagi edo antolatzaile nagusiak fusilatu egin zituen, tartean Patrick Pearse edota James Connolly. Bizia salbatu zuen buruzagi bakarra Eamon de Valera izan zen. Altxamenduan parte hartu zuten gainontzeko ekintzaile guztiak Galesko Frongocheko barneratze esparruan preso sartu zituztelarik. Leku honetan presoen artean Michael Collins ezkutuko buruzagi bezala nabarmentzen hasi zen.

Irlandako independentzia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Irlandako Independentzia Gerra» eta «Irlandako Gerra Zibila»
1921eko Itun anglo-irlandarra eta sinatzaileen sinadurak.

Altxamenduaren ondoren eta bertan parte hartu zuten ekintzaileak aske gelditu ondoren, irlandar errepublikanismoa eta nazionalismoa 1906an Arthur Griffith politikari nazionalistak sortutako Sinn Féin alderdiaren inguruan berrantolatzen hasi zen. Alderdi honek bi urte eskasean ordurarte alderdi nazionalista nabarmenena zen Irlandako Alderdi Parlamentarioari nagusitasuna kendu, hauteskundeak oso emaitza onekin irabazi eta Irlanda osoko alderdi bozkatu eta garrantzitsuena bilakatu zen (nahiz eta Ulsterren alderdi unionista edo portestanteen nagusitasuna egon). Berehala, Sinn Féinek legez kanpoko Dáil Éireann edo Irlandako Legebiltzarra eratu zuen.

1919-1922 bitartean Irlandar Independentzia Gerra jazo zen, bertan Michael Collinsen Irlandako Armada Errepublikarra (IRA) eta Britainiar Armada elkarren artean borrokatu ziren, tartean Black and Tans taldeak uharte osoan izua hedatu zuelarik.

Azkenik, 1921an Itun anglo-irlandarra sinatu eta Irlandaren banaketa eman zen, alde batetik Irlandako Estatu Askea izeneko estatu independientea eta beste aldetik Ipar Irlanda sortu zirelarik. Honek Irlandar errepublikanismoan ere banaketa sakona eragin zuen, alde batetik akordioaren aldekoak eta bestetik akordioaren aurkakoak agertu zirelarik, ondorioz Irlandako Gerra Zibila piztu zen, gaztazka hura ituna edo akordioaren aldekoek irabazi zutelarik.

Irlandako Estatu Askea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Irlandako Estatu Askea»

Irlandako Errepublika

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Irlandako Errepublikaren historia»

Gobernua eta administrazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Enda Kenny, Irlandako Errepublikako Taoiseach edo Lehen Ministroa.
Michael D. Higgins, Irlandako Errepublikako Uachtarán edo presidentea.

Irlandako Errepublika edo Éire errepublika demokratiko eta parlamentarioa da. Irlandako presidentea (gaelikoz Uachtarán na hÉireann) estatuburua da, zazpi urtez behin hauteskunde bidez aukeratua. Gaur egun protokoloko funtzioak betetzen ditu gehienbat, baina konstituzioak zeregin berezi batzuk ematen dizkio. 2011tik presidentea Michael D. Higgins da (Alderdi Laboristakoa).

Parlamentuak (Oireachtas) bi ganbera ditu: Senatua (Seanad Éireann) edo goi ganbera eta Dáil Éireann edo behe ganbera. Senatuak 60 kide ditu, modu desberdinetan aukeratutakoak (lehen ministroak izendatuta, unibertsitateek izendatuta edo lanbide adarretako ordezkariek izendatuta. Ganbera honek boterea duen arren, gai gehienetan behe ganberak du nagusitasuna.

Dáil Éireann-ek 166 kide ditu (Teachtaí Dála) bost urtez behin aukeratzen da sufragio unibertsalaren bidez. Irlandako hauteskunde sistema berezia Boto Transferigarri Bakarra (Ingelesez Single Transferable Vote) bezala ezagutzen da; bertan, hautesle bakoitzak nahi beste hautagairi eman diezaioke botoa, gustukoenetik hasita zerrendatuz. Botoak zenbatzean kuota bat ezartzen da eserleku bat hartu ahal izateko, eta banan-banan boto gutxien dituztenak ezabatzen joaten dira eta soberakoak bigarren, hirugarren... hautagaiari batzen. Dáil Éireann-i dagokio, besteak beste, lehen ministroa (Taoiseach) aukeratzea, gobernua kontrolatzea eta legeak eta aurrekontuak onartzea. Gobernua gehienez 15 ministrok osa dezakete eta horietatik gehienak Dáil-eko kideak izan behar dira.

2011ko hauteskundeen ondoren, gobernua Fine Gaelek eta Irlandako Alderdi Laboristak osatu zuten, Enda Kennyren gidaritzapean. Oposizioko alderdiak Fianna Fáil, Sinn Fein eta ezkerreko koalizioa dira.

Banaketa administratiboa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Irlandako banaketa administratiboa»

1922. urtetik aurrera Irlandako Errepublika lau probintzia edo eskualde historiko eta 26 konderritan banatuta dago. Biztanle-dentsitaterik handiena ekialdeko kostaldean eta hegoaldean dugu:

Irlandako lau probintzia edo eskualde historikoak: Leinster (Irlandako Errepublika), Munster (Irlandako Errepublika), Connacht (Irlandako Errepublika) eta Ulster (Irlandako Errepublika eta Ipar Irlanda (Erresuma Batua)).
Irlandako probintzia edo eskualde historikoak:
  1. Leinster/Laighean: 2.292.939 biztanle eta 12 konderri. Probintziarik populatuena da. Hiriburua Dublin du.
  2. 'Munster/An Mhumhain: 1.172.170 biztanle eta 6 konderri. Hiriburua Cork du.
  3. Connacht/Connachta: 503.083 biztanle eta 5 konderri. Hiriburua Galway du.
  4. Ulster/Ulaidh: bederatzi konderri ditu, halere hauetako hiru konderri Irlandako Errepublikan daude, gainontzeko seiak Erresuma Batuaren agintepean dagoen Ipar Irlandako eskualdean daudelarik.
Irlandako Errepublikako konderriak (orlegiz) zenbaki bidez sailkatuta.
Irlandako Errepublika konderriz konderri
  1. Dublingo Konderria/Contae Bhaile Átha Cliath
    Dublingo Hiria
    Dun Laoghaire-Rathdown
    Fingal
    Hego Dublin
  2. Wickloweko Konderria/Contae Chill Mhantáin
  3. Wexfordeko Konderria/Contae Loch Garman
    Wexford Hiria (Hirigunea)
  4. Carloweko Konderria/Contae Cheatharlach
  5. Kildareko Konderria/Contae Chill Dara)
  6. Meatheko Konderria/Contae na Mí
  7. Loutheko Konderria/Contae Lú
    Drogheda Hiria (Hirigunea)
  8. Monaghaneko Konderria/Contae Mhuineacháin
  9. Cavaneko Konderria/Contae an Chabháin
  10. Longfordeko Konderria/Contae an Longfoirt
  11. Westmeatheko Konderria/Contae na hIarmhí
  12. Offalyko Konderria/Contae Uíbh Fhailí
  13. Laoiseko Konderria/Contae Laoise
  14. Kilkennyko Konderria/Contae Chill Chainnigh
    Kilkenny Hiria (Hirigunea)
  1. Waterfordeko Konderria/Contae Phort Láirge
    Waterford Hiria
  2. Corkeko Konderria/Contae Chorcaí
    Cork Hiria
  3. Kerryko Konderria/Contae Chiarraí
  4. Limerickeko Konderria|Limerick/Contae Luimnigh
    Limerick Hiria
  5. Tipperaryko Konderria/Contae Thiobraid Árann
    Ipar Tipperary
    Hego Tipperary
     Clonmel Hiria (Hirigunea)
  6. Clareko Konderria/Contae an Chláir
  7. Galwayko Konderria/Contae na Gaillimhe
    Galway Hiria
  8. Mayoko Konderria/Contae Mhaigh Eo
  9. Roscommoneko Konderria|Contae Ros Comáin
  10. Sligoko Konderria|Contae Shligigh
    Sligo Hiria (Hirigunea)
  11. Leitrimeko Konderria/Contae Liatroma
  12. Donegalgo Konderria/Contae Dhún na nGall

2011 urtean Irlandako Errepublikaren populazioa 4.588.252 biztanletakoa zen, 2006tik %8'2-ko hazkuntza izan zuen. Europar batasun guztiko jaiotza-tasa handiena du, 1000 pertsonako 16. 2014an jaiotzen % 16a emakume ezkongabeena izan zen.

Banaketa etnikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jatorrizko irlandarren arbasoak zeltiarrak, norvegiarrak, anglo-normandiarrak, frantziarrak eta britaniarrak dira. Denak ere garai ezberdinetan iritsi izan dira uhartera.

2011ko erroldak erakutsi zuen atzerritarren kopurua 544.357 biztanletakoa zela, popupalzio guztiaren % 12a, 2002ko erroldako emaitza 2'5 aldiz. Atzerritarren artean talde nagusiak honako hauek dira:

Hizkuntza ofizialak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Irlandera», «Ulsterko eskoziera» eta «Ingelesa»
Sakontzeko, irakurri: «Irlandera» eta «Gaeltacht»

Irlandako gaelera,[11] Irlandako gaelikoa[11][12] edo irlandera[12][13] (hizkuntza hartan, Gaeilge) Irlandako jatorrizko hizkuntza da. Gaelera hizkuntzen taldean sailkatzen da. Jatorria Irlandan du eta hizkuntza indoeuroparren familiako adar goidelikoan sailkatzen da. Historikoki irlandarrek hitz egin dute. Uhartean 20.000-80.000 dira Irlandako gaelera lehen hizkuntza dutenak, gehienbat mendebalde urruneko baserritar giroan. Irlandera Irlandako hizkuntza nagusia izan zen, Erdi Aroan ingelesak iritsi arte. 1922an Irlandako Errepublikak (jatorriz Irlandako Estatu Askea deitua) independentzia lortu zuenez geroztik, Irlandako hizkuntza ofiziala da, ingelesarekin batera. 1998an, Ostiral Santuko Akordioaren ondoren, Erresuma Batuaren agintepean dagoen Ipar Irlandako hizkuntza gutxitutzat onartu zuten ofizialki, Ulsterko eskozierarekin batera. 2005eko ekainaren 22an Europar Batasuneko lan hizkuntzetako bat izendatu zuten legez, eta ofizialtasun horren indarraldia 2007ko urtarrilaren 13an hasi zen. 2007ko urtarrilaren 22an, Irlandako Errepublikako ministro zen Noel Treacyk Europar Batasuneko Ministroen Kontseiluko bilera batean erabili zuen lehendabiziko aldiz.

Komunitate eta Baserri Giroko Gaeltacht Departamentuaren arabera, 2003an 1.500.000 pertsonak hizkuntza horretan mintzatzeko behar adina zekitela ziurtatzen zuten. 2007an, uharteak zituen 4,3 milioi bizilagunetatik % 40,8 ziren gaelera hitz egiteko gai.

Ulsterko eskoziera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Ulsterko eskoziera» eta «Eskoziera»

Ulsterko eskoziera (hizkuntza hartan, Ulster Scots, Ullans, Hiberno-Scots edo Scotch-Irish) eskoziera hizkuntza zaharretik datorren hizkuntza da. Gaur egun Ulster probintzian hitz egiten da, Ipar Irlandan eta Irlandako Errepublikan. Lehenengoan, Antrim, Down eta Derryn mintzatzen da, eta Irlandako Errepublika lurraldeari dagokionez, Donegalgo konderrian.

Hiztun kopuruaz den bezainbatean, ez dago datu fidagarririk. Ehnologuen 10.000 hiztun aipatzen dira; 1999an egindako Ipar Irlandako Bizitzaren eta Denboren Inkestari erantzunez, Ipar Irlandako herritarren % 2k Ulsterko eskozieraz bazekitela adierazi zuten, eta horrek eskualde horretan 30.000 hiztun direla emango luke;[14] Ipar Irlandako Kultura, Arte eta Aisialdi Sailak dioenez, eskualde horretan 35.000 hiztun dira;[15] eta kalkulu «baikorra» 100.000 hiztunekoa da.

Sakontzeko, irakurri: «Shelta»

Shelta (hizkuntza honetako hiztunek Gammon deitua) Irish Travellers edo Irlandar "Ijituen" komunitateko berezko hizkuntza da. Nagusiki Irlandan eta Erresuma Batuko zenbait eremutan mintzatzen da.

Irlandarren %84'2a katolikoa da, hauetatik %81a astero joaten da mezatara. Protestanteak %4'6a dira eta musulmanak %1'1a.

Hiri nagusiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Dublin.

Hiriburu eta hiri handiena Dublin (irlanderaz Baile Átha Cliath) du, 1.661.185 biztanlerekin. Beste hiri nagusiak Cork/Corcaigh, Limerick/Luimneach eta Galway/Gaillimh (71.983) dira. Honako hemen hamar handienen zerrenda:

# Hiria Populazioa Metropoli eremua
1 Dublin 1.110.627 1.794.000
2 Cork 198.582 406.000
3 Limerick 91.454 179.000
4 Galway 76.778 162.000
5 Waterford 51.519
6 Drogheda 38.578
7 Dundalk 37.816
8 Swords 36.924
9 Bray 31.872
10 Navan 28.559

1980an garapen ekonomiko itzela izan zuen Irlandako ekonomiak, nekazal gizartea izatetik teknologia berrietara eta zerbitzuetara egin baitzuen jauzi. Tigre Zeltiarra ezizena jaso zuen. Atzerritik konpainia asko iritsi ziren eta egoitza ezarri zuten bertan, Intel, Microsoft eta Google esate baterako. 1990 hamarkadan ordea krisian sartu zen eta 2000 hamarkadaren bukaeran erreskatatu behar izan zuen Europar Batasunak.

Grafiko hau ezin da une honetan ikusi, software arazo bat dela eta. Lanean ari gara ahalik eta lasterren grafikoak berriro erakutsi ahal izateko.

Ikus jatorrizko Wikidatako eskaera eta iturriak.

Literatura eta arteak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Irlandako literatura»
James Joyce idazlea 1918an.

Nahiz eta uharteko biztanlegoa erlatiboki txikia izan, Irlandak Nazioarteko Literaturari bere genero guztietan egin dion ekarpena handia izan da, nagusiki ingelesez izan delarik[16]. Irlanderazko olerkigintza Europako zaharrenetakoa da, bere jatorria VI. mendean duelarik. Jonathan Swift irlandarrak Gulliverren bidaiak eta A Modest Proposal idazlanak idatzi zituen, eta hauei esker gaur egun arte denon oroimenean gelditu da. Denboran hurbilago, Irlandak Literaturako Nobel Saridun idazle ugari eman ditu: George Bernard Shaw, William Butler Yeats, Samuel Beckett eta Seamus Heaney. Nahiz eta Nobel Saririk sekula irabazi ez izan, James Joyce irlandarra XX. mendeko idazle garrantzitsuenen artean kokatzen da; Samuel Beckett berak bere Nobel Saria jasotzeko ekitaldira joateari uko egin zion, ekintza honekin Joyceri sari hori ez eman izanaren aurkako protesta eginez. 1922ko Joycen Ulysses eleberria Literatura Garaikideko idazlan esanguratsuenen artean dago, eta bere omenez urtero ekainaren 16ean Dublin hirian Bloomsday eguna ospatu ohi da[17].

Kellseko liburuaren irudia.

Irlandako artearen historia Historiaurreko harri tailaketekin hasten da, adibideak Newgrange bezalako lekuetan topa genitzazke[18]. Brontze Aroko lanabesetan ere artearen arrastoa topa genezake, bereziki urrezko apaingarrietan. Gerora, Erdi Aroko eskuizkribu argiztatuek Europa Kristau guztia harrituko dute. Eskuizkribu hauen artean adibide ikusgarri eta bikainena Kellseko liburua da. XIX. eta XX. mendeetan zehar, bertako usadioan oinarritutako margolaritza sendo batek bere burua ezagutuarazi zuen, mugimendu honen barnean John Butler Yeats, William Orpen, Jack Yeats eta Louis le Brocquy nabarmendu daitezkelarik.

Irlandar Literatura Modernoa oraindik baserri edo landa giroari estuki loturik jarraitzen du, horren adibide John Millington Synge, John McGahern eta John B. Keane idazleak edota Seamus Heaney bezalako olerkariaren idazlan eta eleberriak dira.

Beste sonako irlandar idazle bat Oscar Wilde da, bere esaldi zorrotz eta biziak oso ospetsu bilakatu direlarik.

Antzerkigintzari dagokionez, Seán O'Casey, Brian Friel, Sebastian Barry, Conor McPherson eta Billy Roche bezalako antzerkigileek Irlanda munduko eszenatokian kokatzea lortu dute[19]. Herrialde osoan zehar nolabaiteko Antzerkigintzaren kultura bat badago, antzerki ekitaldi eta jaialdiak antolatzen dira eta hauetan nazioarteko nahiz irlandar antzerkilanak taularatzen dira. Dublingo Abbey Theatre antzokia Irlandar Antzerkingintzaren tenplutzat hartu ohi da. Bestalde, Galway hirian An Taibhdhearc antzokia dago, 1928an sortutako Irlanderazko Antzokia da[20][21].

Musika eta dantza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Irlandako musika» eta «Irlandar dantzak»
The Dubliners taldea musika emanaldi batean zehar.
U2 taldeko partaideak.

Irlandako folk musika eta dantzen ondare herrikoia oso zabala da eta mundu osoan zehar aski ezaguna[22], Riverdance edo Lord of the Dance ikuskizunak oso ospetsuak bihurtu direlarik.[23]

XX. mendearen erdialdera, Irlandar gizartearen modernizatzen hasia zen, aldiz era berean musika herrikoiak gahinbehera bat pairatu zuen, bereziki hiriguneetan[24]. 1960ko hamarkadan zehar, Amerikar folk mugimenduan oinarrituta, Irlandar usadio eta ohiturenganako interesaren berpizkunde bat jazo zen. Berpizkunde honen bultzatzaile nagusiak Ceoltóirí Chualann, The Clancy Brothers, The Dubliners, The Chieftains, Emmet Spiceland, The Wolfe Tones, Sweeney's Men bezalako taldeak, edota Seán Ó Riada eta Christy Moore bezalako pertsonak izan ziren[25].

Gerora Horslips, Van Morrison eta Thin Lizzy bezalako talde eta musikariek irlandar musika herrikoiaren elementuak euren rock musika eta abestigintzan sartu eta berezko soinu berezi bat sortu zuten. 1970 eta 1980ko hamarkadan zehar, folk eta rock musikarien arteko muga lausotzen hasi zen, musikari askok bi musika horien muga alde batetik zein bestetik zeharkatzen hasi baitziren. Hau U2, Enya, Flogging Molly, Moya Brennan, The Saw Doctors, Bell X1, Damien Rice, Planxty, The Corrs, Aslan, Sinéad O'Connor, Clannad, The Cranberries, Rory Gallagher, Westlife, The Script, B*witched, BoyZone, Gilbert O'Sullivan, Black 47, Stiff Little Fingers, VNV Nation, Rob Smith, Ash, The Thrills, Stars of Heaven, Something Happens, A House, Sharon Shannon, Damien Dempsey, Declan O' Rourke, The Frames eta The Pogues talde eta musikarien abestigintzan argi eta garbi ikus liteke.

1990eko hamarkadan zehar Irlandan folk metal azpigeneroa gailendu zen, honen bidez heavy metalaren eta Irlandar eta zelta musiken arteko batasuna eman zen. Azpigenero honetako aitzindariak Cruachan, Primordial eta Waylander taldeak izan ziren.

Bere jatorri edo iturburuetara itzuliaz, Irlandar musikak sekulako ospea eta entzutea bereganatu izan du. Oraindik gaur egun ere musika garaikideko talde asko nolabaiteko soinu "herrikoiari" atxikitu ohi dira, hauen artean Altan, De Dannan, Téada, Danú, Dervish, Lúnasa edota Solas aipa daitezkelarik. Beste talde batzuk kultura anitzen estilo bateraketa egin ohi dute, esate baterako Afro Celt Sound System eta Kíla taldeak.

Eurovision Abesti Txapelketan ere Irlandak izen ona bereganatu du, bertan parte hartzen duten herrialdeen artean garaipen gehien lortu duena baita, denera zazpi izan direlarik: 1970an Dana, 1980 eta 1987an Johnny Logan, 1992an Linda Martin, 1993an Niamh Kavanagh, 1994an Paul Harrington eta Charlie McGettigan, eta azkenik 1996an Eimear Quinn.[26]

Irlanda mundu osoan ospetsuak diren aktore askore jaioterria da: Maureen O'Sullivan, Maureen O'Hara, Barry Fitzgerald, Richard Harris, Peter O'Toole, T. P. McKenna, Gabriel Byrne, Fionnula Flanagan, Brenda Fricker, Seán McGinley, Ciarán Hinds, Patrick Bergin, Bob Geldof, Stephen Rea, Fiona Shaw, Kenneth Branagh, Liam Neeson, Colm Meaney, Pierce Brosnan, Brendan Gleeson, Liam Cunningham, James Nesbitt, Alison Doody, Colm Ó Maonlaí, Aidan Gillen, Colin Farrell, Cillian Murphy, Jonathan Rhys Meyers, Katie McGrath...

Daniel Day-Lewis jaiotzez ingelesa izan arren irlandar nazionalizatea duen aktorea da; Sam Neill zeelandaberriar aktorea berez Ipar Irlandako Omagh hirian jaioa da; aita alemaniarra eta ama irlandar duen Michael Fassbender aktorea Alemanian jaio eta haurtzarotik Irlandan bizi izan da.

Zinema zuzendariei dagokionez, bi nabarmeneak Jim Sheridan eta Neil Jordan dira, bestalde John Ford estatubatuar zinema zuzendaria ere irlandar jatorrikoa zen, ama Inishmore uhartekoa eta aita An Spidéal udalerrikoa baizituen.

Irlandan filma ospetsu ugari ere girotu izan dira: Man of Aran (1934), The Informer (1935), The Quiet Man (1952), Captain Lightfoot (1955), Mise Éire (1959), Ryan's Daughter (1970), Barry Lyndon (1975), Excalibur (1981), The Dead (1987), Taffin (1987), My Left Foot (1989), The Field (1990), Hidden Agenda (1990), The Commitments (1991), The Crying Game (1992), The Snapper (1993), In the Name of the Father (1993), Circle of Friends (1995), Michael Collins (1996), Some Mother's Son (1996), The Van (1996), The Boxer (1997), The General (1998), The Nephew (1998), Angela's Ashes (1999), Agnes Browne (1999), Ordinary Decent Criminal (2000), Bloody Sunday (2002), Evelyn (2002), The Wind That Shakes the Barley (2006), Once (2007) eta The Shore (2011).

Irlanderaz filmatutako zenbait filma honako hauek dira: Yu Ming Is Ainm Dom (2003) eta No Béarla (2007).

Bestalde, 1992ko Far and Away filmako lehenbiziko zatia Irlandako Dingle penintsulan filmatu zen. Aldiz, 1993ko In the Name of the Father nahiz 1967ko The Italian Job filmetako espetxe-eszenak Kilmainham Gaol espetxe-museoan filmatu ziren. Eskozian girotutako Braveheart (1995) filmeko guduen eszenak ere Kildareko konderrian filmatuak daude, Saving Private Ryan (1998) filmeko hondartza eta landetako eszenak ere Irlandan filmatuak daude, Normandiako Lehorreratzea jazo zen lekua gertakizunak jazo ziren garaitik gaur egun arte aldatua eta etxebizitzez betea baitago.

Martxoaren 17a San Patrizio Eguna da (Saint Patrick ingelesez edo Naomh Pádraig gaeleraz), Irlandako patroia izanda herrialdeko festa egun nazionala dena, diasporan ere ospatutakoa.

Irlandako futbol selekzio nazionalak hiru aldiz jokatu du Munduko Futbol Txapelketaren azken fasea.

Irlandako Errepublikako bandera, 'Hirukoloreduna'. Berde, zuri eta laranja.

Irlandako Bandera (irlanderaz: bratach na hÉireann / ingeleraz: Flag of Ireland) edo 'Hirukoloreduna' (irlanderaz: an trídhathach) Irlandako Errepublikako konstituzioak hala araututa, 1937tik Estatu hartako bandera ofiziala da.

  • Egitura: horizontalki astintzeko dago diseinaturik, eta haren zabalerak altueraren bikoitza neurtzen du. Hiru marra bertikalez dago osatuta: berdea, zuria eta laranja, hurrenez hurren.
  • Jatorria eta esanahia: Thomas Francis Meagherrek opari gisa jaso zuen 1848an irlandar gatazkarekin bat egiten zuen frantziar emakume talde baten eskutik. Jatorriz, protestanteen murgilketa, eta katoliko (berede koloreaz ordezkaturik) zein Protestanteen (laranja koloreaz ordezkaturik) arteko bakerako (zuri koloreaz ordezkaturik) eta anaitasunerako itxaropena irudikatzen du. Koloreen esanahia hala deskribatu zuen Meagherrek: "Erdiko zuri koloreak Laranjaren eta Berdearen arteko bakealdi iraunkor bat adierazten du, eta haren tolesturaren pean irlandar protestanteen eta irlandar katolikoen eskuek elkartasunez beteriko anaitasunez elkar eutsiko dutela sinesten dut". Hala ere, lehendabizikoz, 1916ko Pazkoako Altxamenduan zabaldu zuten Dublingo Posta Bulego Nagusiko eraikinean, Bandera Nazionala izateko zetorrela argudiatuz. Bandera hau Irlandako Errepublikak bereganatu zuen Irlandar Independentziarako Guduan. Ondoren, Irlandar Estatu Askeak jarraipena eman zion haren erabilerari (1922-1937), 1937an, egun dirauen aitortza konstituzionala eman zitzaion arte.
Amhrán na bhFiann- Irlandako Ereserkia (azpitituluak euskaraz)

Irlandako Errepublikako ereserkiak "Soldaduen Abestia" du izena (irlanderazko izena: Amhrán na bhFiann / ingelesezko izena: The Soldier's Song). Peadar Kearneyk eta Patrick Heeneyk konposatutako melodia dugu, eta jatorrizko hitzak (ingeleraz) ere Kearnyrenak ditugu. Irlanderazko hitzak, ordea, Liam Ó Rinnek idatzi zituen, eta egun gehien erabiltzen den bertsioa da irlanderazkoa. Abestiak hiru bertso-lerro ditu, baina soilik abestiaren koru-esakunea erabiltzen da ereserki gisa.

Irlandar Errepublikako armarri ofiziala.

Tradizionalki irlandar folklorearekin lotu izan den instrumentua da, eta Irlandako hainbat erakundek erabili izan dute ikur gisa historian zehar. Egun, Errepublikako armarri ofiziala da.

Hiriak eta herriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizateriaren Ondarea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaztelu eta jauregiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Katedral eta elizak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irlandar ezagunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Irlandar ezagunak»

Oscar Wilde eta James Joyce moduko idazleak, Enya, Bono eta Van Morrison kantariak eta Peter O'Toole aktorea irlandarrak dira.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Irlandako Gobernua. (1937). «4. Artikulua» Irlandako Konstituzioa (Dublin: Stationary Office). - "The name of the State is Éire, or, in the English language, Ireland."
  2. a b 38. araua - Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. Euskaltzaindia (Noiz kontsultatua: 2010-12-29).
  3. Article 4 Irlandako Konstituzioa
  4. Section 2 1948ko Irlandako Errepublikaren Agiria.
  5. Artikulu hau kritikatua izan da eta orain dela ez asko baita erreportai honetan ere, Constitution Review Group, Constitution.ie, 2008ko Irailaren 20ean kontsultatua
  6. Clause 7.1.1 of the Inter Institutional Style Guide, 2008 Irailaren 20an kontsultatua
  7. Phoenix Park. Encyclopedia Britannica Online argitaletxea. Data:2008-07-28
  8. Magnusson, Magnus. (1980). Vikings. New York: Elsevier-Dutton Publishing Co., Inc., 153 or..
  9. Diocese of Kerry and Aghadoe. O'Shea, Kieran. Robert Appleton Company. (Ingelesez)
  10. La gran hambre irlandesa. José Carlos Rodríguez. Juandemariana.org (Gaztelaniaz)
  11. a b 53. araua: Munduko estatuetako hizkuntza ofizialak. Euskaltzaindia (Noiz kontsultatua: 2010-12-23).
  12. a b 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. Euskaltzaindia (Noiz kontsultatua: 2010-12-23).
  13. Euskaltzaindia: Hiztegi Batua.
  14. (Ingelesez) Northern Ireland Life and Times Survey, 1999.
  15. «What languages are spoken in Northern Ireland?», Ipar Irlandako Kultura, Arte eta Aisialdi Sailaren webgunea. (Ingelesez)
  16. sartze-data = 2008-11-08 Background Note: Ireland. Bureau of European and Eurasian Affairs. US Department of State. 2008ko uztaila.
  17. Bloomsday 2007 Community Wide Events. Past Events. The James Joyce Centre. 2008ko azaroaren 8a.
  18. Newgrange. Archaeology Art and Legend. O'Kelly, Michael J / O'Kelly, Claire . ISBN = 978-0500273715. Thames and Hudson. 1982[Betiko hautsitako esteka]
  19. [Working and Living in Ireland. Working and Living Publications. Houston, Eugenie. 2001. ISBN = 0-95368-968-9]
  20. Stair na Taibhdheirce. An Taibhdheirce. 2005. 2008ko azaroaren 8a.
  21. An Taibhdhearc. Fodors. 2008ko azaroaren 8a.
  22. More Irish Street Ballads. O'Lochlainn, Colm. 1965. ISBN = 0-33025-317-4
  23. [ Re-imagining Ireland: Re-imaging Irish Dance. Butler, Jean. University of Virginia Press. 2006. 141 orr. ISBN = 0-81392-544-4]
  24. [Luke Kelly: A Memoir. Geraghty, Des. Basement Press. 1994. 26-30 orr. ISBN = 1-85594-090-6]
  25. [One Voice: My Life in Song. Moore, Christy. Hodder and Stoughton/Lir. 2000. ISBN = 0-34076-839-8]
  26. Ireland in shock Eurovision exit. BBC Online. 2005ko maiatzaren 19a.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Irlandako Ataria