Edukira joan

Alepo pinu

Wikipedia, Entziklopedia askea
Pinus halepensis» orritik birbideratua)
Alepo pinu
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
KlaseaPinopsida
OrdenaPinales
FamiliaPinaceae
GeneroaPinus
Espeziea Pinus halepensis
Banaketa mapa

Alepo pinua (Pinus halepensis) Pinaceae familiako espezie bat da, gehienez 20 metro dituena. Banaketa mediterranearra du eta bere ekialdeko muga Alepo hiri inguruan topatzen du, Sirian. Populazio hau izan zen espeziea deskribatzeko erabili zena, hain zuzen ere.

Mediterraneo itsasoaren kostaldean, Iberiar Penintsulatik Ekialde Hurbileraino, hazten den pinu hau itsas-mailatik hurbil (200 metroko altueraraino) agertzen ohi da, baina badaude 1.700 metroko altuera bizi diren espezimenak[1][2].

Tamaina ertaineko pinua da, 15-20 metrokoa. Ale gazteek itxura piramidala izaten dute eta zaharrek, ordea, adaburu irekia eta irregularra dute. Enborra, orokorrean bihurritua izaten da eta 60 cm baino gehiagoko diametroa du. Gazteek azala grisaxka eta leuna dute eta zaharrek zartatua eta arre-gorrixka. Adaxka grisaxkak ditu, hasieran bertizilatuak, meheak, behekoak eroriak eta gainontzekoak tenteak.

Hostoak

Hostoek orratz finen itxura dute eta binaka hazten dira. Nahiko malguak dira, 6-13 x 0,5-0,8 cm-koak, eta hori-berdeak kolorez. 3-8 erretxina-kanal dituzte alboetan.

Pinuak monoikoak dira, hau da, lore ar eta emeak dituzte baina zuhaitz berdinaren baitan. Pinuaren loreak kono motako infloreszentziatan multzokatzen dira, arren kasuan polen konoak eta emeen kasuan hazi konoak deiturikoak. Alepo pinuaren lore arrak 6-8 x 3-4 mm dituzte, oblongo-konikoak dira eta 3-5 x 2-3 cm-ko konoetan batzen dira, oboideoak, trinkoak eta kolorez horixkak.

Pinaburuak

Pinaburuak konikoak eta oso estuak dira, 5-12 x 2-3 cm-koak. 1-2 cm-ko pedunkulua izaten dute. Hasieran berdeak dira baina heltzean (bi urtera) gorritu egiten dira eta zurezko bihurtu. Zertxobait asimetrikoak dira eta apofisia ez da oso nabaria. Pixkanaka zabaltzen dira bi urte horiek igarota (normalean hirugarren urtean), baina zalbaltze hori azkartu daiteke tenperatura handien bitartez (esaterako, suteak daudenean). Pinaburu hauek 5-8 cm-raino irekitzen dira hazien dispertsioa baimentzeko. Haziak 5-6 mm-koak dira eta 20 mm-ko hegoa dute. Haizearen bidez barreiatzen dira, hirugarren urteko udan.

Banaketa mediterraneoa duen zuhaitza da. Ipar-mendebaldeko muga Arabako Labrazan du (Dueñaseko pinudia), hegoaldeko muga Afrikako iparraldean dago, eta ekialdeko muga Alepo (Siria) inguruan. Alepoko populazio hori izan zen espeziea deskribatzeko erabili zena, hain zuzen ere. Arabako Errioxatik Ebroko ibar handirantz jotzean, kokagune hurbilenak Sesman eta Lerinen (Nafarroan) ditu.

Euskal Herrian higadura naturala jasaten duten eta inbertsio termikorik ez duten muino harritsuetan bizi da, giro oso lehor eta eguzkitsuetan. Labrazan (Araban), pinu hau berez hazten da 600-700 m-tan. Arabako Errioxako beste toki batzuetan, 425 m-tik gora, aldizka ale bakan batzuk ikus daitezke.

Martxotik apirilera loratzen da eta pinaburuek bi urte behar izaten dituzte heldutasuna lortzeko. Hala ere, ez dituzte haziak askatuko hirugarren urteko udaberria arte.

Alepo pinuaren erretxina, Grezian ardoari zapore emateko erabiltzen da (Retsina ardoa). Gainera, Algeria eta Marokon basogintzan zuhaitz garrantzitsuenetako bat da eta bere zura oso erabilia da.

Espezieen arteko elkarrekintzak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Suteen ostean hazien berehalako hozitzea mikorrizen menpekoa dela uste da.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Farjon, A. (2005). Pines. Drawings and Descriptions of the genus Pinus. Brill, Leiden. ISBN 90-04-13916-8.
  2. Rushforth, K. (1999). Trees of Britain and Europe. Collins ISBN 0-00-220013-9.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]