Urki iletsu
Urki iletsu | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Plantae |
Ordena | Fagales |
Familia | Betulaceae |
Generoa | Betula |
Espeziea | Betula pubescens |
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Gizakiak ateratzen dizkion produktuak | birch leaf (en) eta downy birch (en) |
Urki iletsua (Betula pubescens) 20 metro inguruko zuhaitza du, Betula generokoa. Europa osoan da nahiko ugaria eta Euskal Herrian, eragin handia izan du toponimian eta urkiekin zerikusia duten abizen ugari daude (Urkiaga, Urkidi, Urkizu, Urkiola...). Urki dilindaria ez bezala, hau beti hazten da ura dagoen ingurunetatik gertu. Duela gutxi arte, urki honen izen zientifikoa Betula alba zen.
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]10-30 metroko altuera du zuhaitz honek eta itxura konikoa edo piramidala. Adakera 70 cm-ko diametrokoa da. Enborrak azal gris-arrea du, teselarik gabea. Nahiko motza izaten da eta adar gutxikoa. Adarrak enborrarekiko horizontalki hazten dira eta ez dira dilindariak. Urteko adaxkak eta ernamuinak iletsuak dira eta guruin erretxinatsuak izan ditzakete ala ez. Neguko kimuak lehorrak dira, ez dira likatsuak.
Hostoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Urkiaren hostoak 4-6 x 3-5 cm-koak dira, erronboidalak edo obalak, oinarri moztuarekin eta ertz zorrotzarekin. Batzuetan apikulatuak, ertza irregularki horzduna edo zerraduna. 5-7 pare nerbio dituzte eta azpialdean nerbioen galtzarbean ileak ditu (hortik dator, hain zuzen ere, 'pubescens' izen espezifikoa), kolore zuri itxura emanez.
Loreak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Urkiaren loreak monoikoak dira eta zuhaitza, hostoak ateratzen aurretik loratzen da. Urkien infloreszentzia amentu motakoa da. Amentu motako infloreszentziak anemofiliara edo airearen bidezko polinizaziora moldaturik daude eta horregatik agertzen dira adarretatik zintzilik udaberri hasieran, hostoak garatzen hasi aurretik.
Urkiek hiru loretako multzoak garatzen dituzte amentuetako ertzetan. Amentu arrak terminalak dira, 3-6 cm-koak eta arre-hori kolorekoak. Hauen brakteak helduaroan erabat obalatuak dira, biribilduak, kolore marroikoak (hori edo laranjak ere izan daitezke). Perianto sinple eta murritza dute, braktea baten galtzarbean kokatutako hiru lorez eraturikoa, bi brakteolak babesturik daudenak. Lore bakoitza bi lobuluz eraturik egon ohi da eta sesilak, mintzakarak, eta kalizdunak dira. Kaliz bakoitzak bi harizpi bifido ditu.
Amentu pistilatuak zilindriko-obalatuak dira, ziliatuak, berdeak eta 1,5-3,5 cm-koak. Lore hauek, aldiz, biluziak dira eta hirunaka agertzen dira brakteen galtzarbean. Obarioa konprimitua da, bi gelaxkaz osaturik dago eta bi estilo mehez osaturiko koroa du. Obulu bakarra dute.
Fruituak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Fruituak samaren antzeko akenioak dira, amentu emetik eratortzen dira eta amentuaren itxura dilindaria mantentzen dute udazken bukaera arte, berdetik marroi bihurtu eta askatzen hasten direnean. Hauek ere haizearen bidez barreiatzen dira (anemokoria).
Amentu emeek askatzen dituzten fruitu hauek, loreek zituzten brakteak mantentzen dituzte eta fruituak honela, bi albo-hegaltxo moduko mantentzen ditu. Hegaltxo edo braktea hauek 4-5 x 3,5-4,5 mm-koak dira, ziliatuak eta hiru lobulu dituzte: bi alboko eta erdiko bat. Fruituak akenio isolatuak dira, dortsalki konprimituak, oboideak, glabroak, oso txikiak tamainaz eta lehorrak. Hegotxoen artean hazi bakarra gordetzen dute. Heltzen direnean, multzo osoa (brakteak eta fruituak) haizearen bidez zabaltzen dira.
Banaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Betula pubescens iparraldeko espeziea da eta populazio subartikoak tamainaz askoz txikiagoak dira elurraren pisua jasan ahal izateko. Ia Europa osoan eta Asiako erdialde eta iparraldean zehar banatzen da. Iberiar Penintsulan Kantauriar mendikatean eta Erdialdeko Sisteman da bereziki arrunta baina ia edonon aurki daiteke.
Ekologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zonalde hezeetan hazten da, zohikaztegietan, basoetan eta orokorrean, ura dagoen edozein lekutik hurbil. Eguzki zein itzal baldintzak ondo jasaten ditu baina tenperatura epeletan soilik hazten da. Bereziki menditarra da eta nitrogenoan txiroak diren lurzoruetan hazten da, azidoak (pH 3,5-5,5). Itsas mailatik 1800 metroko altitudera aurki daiteke.
Fenologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Apirila-maiatza bitartean loratzen da eta fruituak uda hasieran heltzen dira.
Erabilera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Barne azala gosete garaitan egosi eta lehortu egiten zen, eta zereal modura erabili ogia egiteko. Landare sapatik urki-garagardoa egin daiteke. Bere hostoekin tea egin daiteke. Medikuntzan ere erabilia izan da, propietate diuretiko eta laxatiboak izanagatik. Azkenik, enborra oso gogorra, iraunkorra, erretxinatsua eta iragazgaitza da eta kanoak, teila estaldurak eta abar egiteko erabili da.
Espezieen arteko elkarrekintzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Epirrita autumnata tximeleta zuhaitz honen enborrean mimetizatzen da. Gainera, Formica lugubris inurria, Betula pendula-ren landare zorriez elikatzen da, nolabait ere zuhaitzari mesede eginez.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Edukiaren zati bat EuskalNatura.eus webgunetik hartu da, copyrightaren jabeak onartu baitu hango testu-edukiak Euskarazko Wikipedian CC BY-SA 3.0 ES Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratzea, baldin eta iturria aipatzen bada (ikusi eztabaida orria).