Edukira joan

Zumar hostotxiki

Wikipedia, Entziklopedia askea
Zumar hostotxiki
Iraute egoera

Daturik gabe  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
OrdenaRosales
FamiliaUlmaceae
GeneroaUlmus
Espeziea Ulmus minor
Miller, 1768
Azpibanaketa
Ulmus minor subsp. angustifolia

Ulmus minor subsp. minor
Ulmus minor subsp. plotii
Ulmus minor subsp. sarniensis

Banaketa mapa

Zumar hostotxikia edo zumar hostoleuna (Ulmus minor) Ulmazeoen familiako eta Ulmus generoko zuhaitza da. Jatorria Europa, Afrikako iparraldean eta Asiako hego-mendebaldean du. Hosto-erorkorrekoa da.

Eite handiko zuhaitza da, 40 metrotaraino iritsi daitekeena, adaburu biribildu edo piska bat irregularrarekin. Zurtoin lodi eta luzea du. Enborreko azala, berriz, latza, zartadura ugarikoa. Kolore marroixkako adartxo meheak, inoiz suberifikatuak. Zuraren kolorea marroi-gorrixka da, eta hazkunde eraztunak oso markatuak ditu.

Hostogalkorra da. Hosto sinple eta txandakatuak ditu. Forma obobatutik oblantzeolatukoak, zimurtuak eta kolore berde ilunekoak. Goialdetik glabroak eta azpialdetik 7-12 nerbio pareetan iletxo zurixkak ateratzen zaizkie. Oinaldea biribildua, asimetrikoa eta ertzak zerratu edo bizerratuak.

Lore hermafroditikoduna, 30 lore izan ditzakeen glomerulu biribiletan antolatuak, ia eseriak aurreko urteko adaxketan, berdeak edo marroi-gorrixkak. Bakoitza elkarri loturiko 4-6 sepalo oinarrian eta kolore purpurako beste hainbeste estamine gamostemonorekin.

Fruitua samara da. Obalatuak dira, 7-17 mm-koak, hegala oinaldetik zabaltzen doa fruitu zapala guztiz inguratu arte. Kolore berde argikoa edo gorrixka gaztea denean, heltzean marroi-horixka bilakatzen da. Negu bukaeran loratzen da, otsaila eta martxoa bitartean, eta fruituak martxo amaiera apirila hasieran heltzen dira. Loraketa eta fruituen sakabanaketa, beraz, hosto berriak guztiz garatu baino lehen gertatzen da.

Azken urteetan grafiosia dela eta zumarren populazioak asko murriztu dira. Grafiosia Ophiostoma novo-ulmi onddoak eragindako gaixotasun bat da. Jatorriz Asiakoa da, bertako zumar espezieak askoz ere erresistenteagoak direlarik. Uste da Europara Lehen Mundu Gerran iritsi zela Holandatik, ordutik kalte handiak eragin ditu zumarretan. Gerora, gaixotasun hau Ipar Ameriketara ere zabaldu da.

Zura erabilerraza da, lantzerako orduan arazorik ematen ez duena. Usteldurarekiko erresistentea nahiz eta ingurune hezeetan egon. Hori dela eta oso estimatua zurgintzan eta batez ere ontzigintzan. Oraindik ere, bere hostoak aziendentzako bazka modura erabiltzen dira lurralde askotan, eta beren kimuak barazki izan daitezke giza kontsumoan. Enbor azala astringentea da, bere tanino aberastasuna dela eta. Gainera, zuhaitz hau asko erabili izan da apaingarri gisa herri eta hiri askotako gune ezberdinetan.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]